2017/10/14

Erreportajea
ROHINGYAK: PARIEN PATUA
Myanmarrek gaitz ororen erruduntzat ditu. Arrazoia emango ote diote azkenean?

Gaurko pariak dira rohingyak. Musulmanak gehiengo budistaren artean, Myanmarko trantsizioaren biktimak, Asia ekialdeko deskolonizazio prozesu ankerraren «errudunak», eta, azkenik, mundu osoan gora egin duen islamofobiaren harira, «terroristak». Arriskua azken hori egia bihurtzea da. Hori baita parien patua: profezia bete egiten dute. Gogoz kontra bada ere.

Dabid LAZKANOITURBURU
Rohingyak_foto3

Milioi bat inguru dira Myanmarko Rakhine estatuan bizi diren rohingyak. Zaila da zehazki zenbat diren jakitea, inork ez baititu zenbatu. Beste hainbeste dira dagoeneko inguruko herrialdeetara ihes egin behar izan dutenak. Baina inork ez ditu nahi.

Munduko herri pariarik handiena osatzen dute egun rohingyek. Jada milioi erdi Bangladeshen zeuden eta beste hainbeste iritsi dira abuztu bukaeratik gaur arte –soilik joan den astelehenean 11.000–, Myanmarko Armada beren herriak eta auzoak erre eta suntsitzen hasi zenetik.

Bangladeshek, 160 milioi biztanle dituen eskualdeko herrialderik txiroenak, ezin du gehiago; hala, errefuxiatu guztiak kanpamentu bakarrean biltzekotan da. Indiak ere ez ditu nahi eta etorkin ekonomikoak baino ez direla esaten du. Gure artean aitzakia ezaguna.

Myanmarren badira beste gutxiengo ugari ere –guztira 35 herri edo talde etniko dira: kachin, rakhine, karen, mon, shan, wu...–. Baina, beraien zorigaitzerako, rohingyak musulmanak dira biztanleen (53 milioi) %90tik gora budistak diren Myanmarren. Eta horrek ez du barkamenik, batez ere erlijioa aberriaren sustraia dela aldarrikatzen dutenentzat –bistan denez, ideia oker hori ez da soilik islamaren kontua–.

Rakhinen bertan 3 milioi biztanletik 1 baino ez da rohingya, besteak beste, garbiketa etnikoaren eraginez askok ihes egin behar izan dutelako azken hamarkadotan. 1978an lehenik, eta 1991 eta 1992 bitartean beste milaka eta milaka. Garbiketa etnikoa ez baita gaur eguneko kontua.

Milurteko aldaketarekin gauzak ez dira aldatu. 2012an, 2016an, eta, orain, 2017an, rohingyek erbesterako bidaia luze eta arriskutsua hasi behar izan dute behin eta berriz. Bangladesh, Malaysia eta Indonesia izan dute helburu. Duela bost urtetik hona, baina, egoera erabat gaiztotu da. Myanmarko Armadaren errepresioa nahikoa ez, eta Rakhineko monje budistek jomugan jarri dute “herri madarikatu” hau.

«Bin Laden budista»

Ashin Wirathu bontzoaren gidaritzapean –Budisten Bin Laden ezizenarekin aurkezten du bere burua–, 969 mugimenduak bultzatu du azken urteetako garbiketa etnikoa. 969 mugimenduak budismoaren «hiru harribitxiei» zor die izena: budaren 9 tasunak, bere ikasketen (Dhamma) 6 tasunak eta monje budisten komunitateren 9 tasunak. 969. Aipatu zenbakia ikus daiteke Myanmarko hiri eta herrietako denda eta taxietan, «budista onen ezaugarri». Horrela, budistek ez diete dirurik emango kalar-ei (musulmanak mespretxuz izendatzeko erabiltzen den iraina). Izan ere, Rakhineko rohingyak ez dira 969 mugimenduaren biktima bakarrak, baizik eta musulman guztiak, baita etnikoki birmaniarrak direnak ere. Hori bai, jatorriz indiarrak direnak dituzte bereziki jomugan, eta Rangun herrialdeko hiriburu historikoan bertan ere razzia bortitzak jasan dituzte.

Ashin Wirathu bontzoa musulmanak azken 100 urteotan Myanmar konkistatzeko konspiratzen ari direla ziur omen dago. Pentsa, Myanmarren ematen diren bortxaketen «%100a musulmanak egindakoak» dira...

Armadaren babesa

Hala ere, analisten iritziz, monje budisten 969 mugimenduaren atzean Armada dago. Hau da, 50 urtez boterea zorrotz mantendu duen Junta Militarra.

1962an eman zuten estatu kolpea militarrek, Myanmarrek Pazifikoko Gerran jasandako japoniarren okupazioaren ostean Britainia Handia kolonizatzaile ohiak izandako behin-behineko agintaldia amaitu eta hamabost urtera. Mende erdian boterean egon ondoren, trantsizioari ekin zion Armadak 2011n, eta 2015ean hauteskunde demokratikoak egin ziren –hori bai, rohingyek ezin izan zuten bozkatu–. Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunaren Demokraziarako Liga Nazionalak aise irabazi zituen hauteskundeok. Hala ere, Armadak Parlamentuko eserlekuen %25 izendatzen ditu oraindik, aldaketa sakonak ekidin edo behintzat oztopatuz. Are, rohingyen krisia kudeatzeko –eta herrialdea kontrolpean izateko– ezinbestekoak diren Defentsa Ministerioa, Mugen Ministerioa eta Barne Ministerioa militarren esku daude oraindik. Eta Rakhineko estatuan bertan ere, militar bat da jaun eta jabe: Min Aung Hlaing jenerala.

Hala ere, trantsizioak aurrera egin ahala gero eta zeresan gutxiago izango duten beldur dira militarrak eta rohingyen krisia ondo baino hobeto datorkie bortizkeriaren aurrean ezinbestekoak izaten jarraitzen dutela erakusten saiatzeko. Armada monje budistak «bosgarren zutabea» bezala erabiltzen ari direla gero eta nabariagoa da. Beraz, joko bikoitza baina bizkorra da militarrak egiten ari direna.

Erantzukizun historikoa

Hala ere, eta militarren joko zikina ukatu gabe, rohingyen drama ez da soilik trantsizio korapilatsuaren ondorioa. Izan ere, herrialdeak 1948an independentzia lortu zuenetik, musulmanena konpondu gabeko auzia da, budismoa Estatu berriaren eraikuntzarako ardatz bezala erabili baitzuten hasiera-hasieratik.

Garai hartan abiatu ziren, Nazio Batuen Erakundearen hitzetan, «munduan ezagutzen den zapalketa handienetakoa jasaten duen etniaren aurkako garbiketa etnikoa eragin duten deslegitimazio politika etengabeak».

Horrela uler daiteke Aung San Suu Kyi presidenteak krisi honetan izan duen erantzun apala –militarrekin konplizitatea agertu duela salatu dute giza eskubideen aldeko hainbat erakundek–. Bakearen Nobel saridunak militarren presioa jasan duela ez dago zalantzarik, baina are garrantzitsuagoa da Myanmarko historiak duen «hasierako akatsaren» pisua.

Junta Militarra izan zen 1982an herritartasunari buruzko legea ezarri zuena. Bertan, 1823 baino lehen herrialdean bizi zirela frogatzen duten talde etnikoei soilik onartzen zaie Myanmarko herritartasuna. Lege horrek rohingyen diskriminazioa erabat legeztatu zuen. Horrela, bada, ezin dute bozkatu, ez dute bizilekuz aldatzeko eskubiderik, esklabotzaren pareko lan baldintzak pairatzen dituzte, lurrak lapurtu egiten dizkiete, ez dute ezkontzeko eta nahi beste adina seme-alaba izateko eskubiderik... Dozenaka milaka haur ez dira existitu ere egiten, inon erregistratu gabe daudelako.

Rhoghinyek duela bi mende baino lehenagotik bizi direla Myanmarren ziurtatzen dute, Arakan Erreinuaren garaitik hain zuzen. Bost axola. Myanmartarren gehiengoak rohingyak jatorriz Bengalakoak direla ziur da, Bangladeshekoak. Britainiar kolonizazioaren eskutik Myanmarrera XIX. mendearen bukaeran iritsiak.

Egia da rohingyak Bangladesheko hego-ekialdeko hizkuntzan mintzatzen direla. Egia da ere historialari birmaniarrek 1950eko hamarkadara arte musulman sunitek osatutako talde etniko honen izena entzuten ere ez zela egiten diotela. Alabaina, ez dago garai hartako muga eta izendapenak harresi dialektikotzat hartzerik. Are gutxiago rohingyek beraien historia VIII. menderaino garamatzan Arakan Erreinuarekin hasten dela ziurtatzen dutenean. Horrela bada, XV. mendetik aurrera bertara iritsi ziren merkatari eta soldadu arabiar, mongol, turkiar eta bengalarren oinordekoak lirateke. Beste ikerlari batzuen iritziz, rohingyak arrotzak diren ideiak 1784an du oinarria, errege birmaniarrak Arakane Erreinua indarrez hartu eta ehunka milaka biztanle ihes egitera bultzatu zituen garaian; gehienek egungo Bangladeshera egin zuten ihes.

Kolonizazioaren zama

Horrela uler daitezke rohingyen migrazioak, joanekoak eta bueltakoak. Eta horrela atzematen da herritartasuna onartzeko data zergatik jarri zen 1823an, hau da, Birmaniaren eta Britainia Handiko inperioaren arteko gudaren hasieraren. Azken batean, badirudi rohingyak Asiako ekialdeak pairatutako kolonizazio eta deskolonizazio prozesuen galtzaile eta errudun direla. Azken adibide gisa, Pakistanen aurkako gerraren ostean 1971n independentzia lortu zuen Bangladesh berak, rohingyen aurka egin zuen gerra errefuxiatuen etorrera saihesteko.

Islamofobia nonahi

Hau guztia gutxi balitz, azken urteotan mundu osoan gailentzen ari den islamofobia bera rohingyen hilarriaren laugarren eltzea bihurtu da. Orain dela gutxira arte «lurren lapurrak» besterik ez zirenak, «terrorista islamistak» dira orain Myanmarren eta beste herrialde askotako iritzi publikoaren begietara.

Ez dira santuak ere. 2016an sortu zen Arakaneko Rohingyen Armada Salbatzailea (ARSA) gerrilla, eta, abuztuaren 25ean, Myanmarko Armadako kuartelei eraso egin zien. Bada, hori aitzakia gisa erabili du Myanmarrek garbiketa etnikoa bultzatzeko. ARSAk Rakhinen bizi den gutxiengo indiarraren herrixka batzuk erre dituela ere salatu dute hainbat iturrik. Tamalez ohikoa da jipoitutako gizatalde ahulek artean ahulagoak direnen aurka egitea. Dena den, gerrilla, etengabe umiliatutako gazteek osatutako talde armatua baino ez da momentuz, eta ez dute armamentu modernorik –matxeteak, aizkorak eta askoz gehiagorik ez–.

Txetxeniar matxinoekin eta tamil tigreekin alderatu dituenik bada. Palestinarren kasua ere aipatu da, herri bati mespretxuarekin eta errepresio bortitzarekin erantzuteak dituen ondorioen jakitun.

Hiru herri horien borroken porrota ikusita, ez dago ez rohingyentzat itxaropen handirik. Baina egoerak okerrera egin dezake, eta Al-Qaeda eta Estatu Islamikoaren moduko erakunde jihadistak zain daude, bertako gazteak erakartzeko. Batzuen iritziz, «kutsadura jihadista» iritsi zaie jada. Abuztu bukaerako enfrentamenduetan gerrillari pakistandar eta indonesiarrak izan zirela azaldu dute lekukoek. Momentuz, musulmanen arteko elkartasunaren adibide bat izan daiteke ustezko «brigadistona».

International Crisis Group taldearen arabera, ARSA gerrilla Saudi Arabiara joan eta bertan aberastutako etorkin rohingyek hornitzen dute. Gerrillaren bultzatzaile nagusia jatorriz pakistandarra da, eta Saudi Arabian hazitakoa. ARSAren aurpegia eta bideoetan gerrillaren erasoak beregain hartzen dituena Ata Ullah komandantea da, Saudi Arabiako diasporan jaiotakoa. Jakina da Saudi Arabia wahabismoa bezala ezagutzen den islamaren adar ankerra zabaltzen ari dela munduan zehar.

Azken batean, herri oso bat paria izatera bultzatuz gero, horrek berak bultzatutako patua ekar dezake ondorio gisa. “Terrorista islamistatzat” zituztenak terrorista islamista bihur daitezke. Profeziaren biktimek, profezia egiazta dezakete azkenerako. Hori bai, konturatzerako ez ote gara rohingyen “terrorismoaren” errudunak Riaden edo Washingtonen bilatzen arituko, errudun nagusiak Myanmarren bertan daudela ahaztuta...

Myanmarrek ez die herritartasunik onartzen eta Bangladesh txiroak ezin du milioi bat errefuxiaturekin. Indiak ere ez ditu nahi, etorkin ekonomikoak direla aitzakia hartuta

Txetxeniarrekin eta tamil tigreekin aldera daiteke rohingyen gerrilla, palestinarren drama ahaztu gabe. Baina analista batzuen ustez &bs;«kutsadura jihadista» iritsi zaie jada