Iratxe Urizar

Ez dut ezer gaineratzeko

Espainiako Erreinua Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseiluko kide izango da 2018tik 2020ra, egin berri duten bozketan garaile atera ondoren. Espainiak aurretik ere hartu zuen parte mundu mailan giza eskubideen egoera ikuskatzen duen organo horretan, 2011tik 2013ra bitartean, hain zuzen ere. Ezin izan dut ekidin, Espainiako kanpo ministerioak kaleratutako publikaziora joan naiz, #Spain4HumanRights, euren arrazoiak eta “ardurak” zeintzuk izango diren jakin asmoz.

Inork bozkatu ez duen Felipe VI.a erregearen irudi artean gogor salatzen dituzte giza eskubide bortxaketak eta euren konpromiso irmoa azpimarratzen dute giza eskubideen defentsan, hainbat arlo nabarmenduz bereziki: heriotza zigorraren abolizioa, sexu arrazoiengatik ematen den diskriminazioarekin amaitzea... Horiekin batera –eta plano berezian gainera– jartzen dute giza eskubideen defendatzaileak defendatzearen aldeko apustua. Nork eta Iboni heriotza zigorra ezarri dion Estatuak, non diskriminaziotik harago (ere) egun batean eta hurrengoan ere bai matxismoak eraildako emakumeekin gosaltzen dugun. Hor ditugu Herria, Abokatuak, Jaiki Hadi, Etxerat… elkarteen aurkako polizia operatibo izugarri eta beldurgarriaren ostean epaiketa zain ditugun kideak ere. Halakoak maiz botatzen badituzte ere, ez da ez bat berehalakoan ohitzen; gorritu gabe botatzen dituztenek ez dute mugarik!

Ez naiz horren inguruan zalaparta gehiegi sartzen hasiko: horrelako organoak oso politikoak dira eta soberan ditugu adibideak. Hala ere, egia da edozein mekanismo erabiltzeko aukera ez galtzearen aldekoa naizela; eskubideak aldarrikatu eta horien urraketak salatzeko oportunitate minimoena ere profitatu behar dela sinisten dut. Egia esan, baina, “Espainiako Erreinua” eta “giza eskubideak” esaldi berean jartze hutsak jada min ematen du. Ez dira bertan bakarrik sentituko, ordea: Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi mandataria Nazio Zeid Ra'ad al-Hussein printze jordaniarra dugu. Bai, printzea. Bere curriculum osoa dugu Interneten ikusgai: Venezuela “gizateriaren aurkako krimenak” egiten ari zela salatu zuen (kolpisten alde) eta herrialde horretako medioek ederki azaldu zuten bere ibilbidea nazioarteko erakundean goi mailako postura heldu arte.

Egunotan izan da bozketa Nazio Batuetan, Kataluniako gertakarien erdi-erdian (kritikatua izan da Espainia horregatik, ez pentsa). Bada, Nazio Batuen Batzar Nagusiak dituen 193 estatu kideetatik, 180k eman diote baiezko botoa. Giza eskubideen “babeserako” organo honek 47 toki ditu eta oraingo honetan hamabost berritu dira. Espainiaz gain, Australia, Senegal, Angola, Nigeria, Kongoko Errepublika, Nepal, Qatar, Pakistan, Afganistan, Eslovakia, Ukrainia, Txile, Mexiko eta Peru hautatu dituzte. Giza Eskubideen Kontseilua 2006an berritu zen. Ordura arte Giza Eskubideen Batzordea zegoen martxan, eta, 60 urteko lanaren ostean, bertan behera utzi zuten. Arrazoia? Erabaki partzial, desorekatu eta politizatuak emateagatik legitimazio oro guztiz galduta zuen. Baina Kontseiluak berak ere kritika zorrotzak jaso ditu, bere partaide eta, batez ere, buruen artean giza eskubide urraketa larriak egiten dituzten estatuak dituztelako.

Artikulua bukatzera noa eta bestelako inolako baloraziorik ez dela beharrezkoa iruditzen zait. Euren arauak, euren instantziak, euren buruak babesteko mekanismo eta tresnak. Eta hala ere, inoiz baino beharrezkoa zirrikitu eta kontradikzioak topatzea, euren kartekin eta euren erakundeetan, arrazoia dugula argi arrazoitzeko eta euren lotsagabekeria azalarazteko. •