amagoia.mujika@gaur8.info
KONFIANTZA ETA POLITIKA

Ideologia politikoak pisu handia dauka pertsonen arteko konfiantzan

Pertsonak gehiago fidatzen dira ideologia politiko bera duten pertsonekin. Hala ondorioztatu du nazioarte mailan egiten ari den ikerketa batek. EHUko irakasleek parte hartu dute aipatu ikerketan eta EAEko biztanleriak parte hartu du esperimentu soziologikoan. Bestelako irizpideen gainetik, politikoak pisu berezia du konfiantza mailan.

Pertsonak gehiago eta errazago fidatzen dira beren ideia politiko antzekoek dituztenekin. Beste estereotipo batzuk indarra galtzen ari diren neurrian, ideia politikoek gero eta pisu handiagoa dute pertsonen arteko konfiantza sokak lotzeko orduan. Ondorio hori atera dute, besteak beste, duela gutxi European Journal of Political Research aldizkari ospetsuan argitaratutako artikulu batean (“The tie that divides: Cross-national evidence of the primacy of partyism”).

Artikuluko ikertzaile nagusia Darmouth Collegeko Sean Westwood da, eta gainerako egileen artean daude Standfordeko eta Antwerpeko unibertsitateetako eta Berlin Social Science Centerreko ikertzaileak, baita Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Rafael Leonisio eta Luis Miller irakasleak ere.

Ikerketa Ameriketako Estatu Batuetan abiatu zen, konfiantzan oinarritutako esperimentuekin. Ikerketan egileek egiaztatu zuten parte hartzaileak gutxiago fidatzen zirela beste ideologia bat zutenekin (demokratak edo errepublikanoak), ideologia berekoekin baino. Hortaz, jokoan ikusi zen banaketa alderdikoiak eragin nabarmena zeukala konfiantzan, baina ez zen sumatu bestelako arraza jatorri bat zuten pertsonak elkarrekin aritzeak era berean eragiten zionik konfiantzari. Hortik ondorioztatu zuten ideologikoki aurkakoak diren pertsonenganako gorrotoa handiagoa dela beste arraza bateko pertsonenganakoa baino.

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) gizartean egindako azterlan horren ondoren, orain aurkeztutako lan honekin esperimentu hori bera probatu nahi izan da bestelako sistema politikoak dituzten hiru gizartetan: Erresuma Batuan, Belgikan eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Horretarako, ideologiaren araberako emaitzak beste parametro batzuen araberako emaitzekin konparatu dituzte: erlijioa, Erresuma Batuaren kasuan; eskualdea, Belgikaren kasuan; eta, azkenik, jatorria (bertako arbasoak edo kanpokoak), EAEren kasuan.

«Ikerketaren egile nagusiek denbora bat daramate jada esperimentuak egiten AEBetan. Horietan ideia politikoek pertsonen arteko konfiantzan zer-nolako pisua duten neurtzen dute. Hartara, konturatu dira ideia politikoek sekulako garrantzia daukatela. AEBetan atera dituzten ondorio horiek beste toki batzuetara eramateko modukoak ote diren jakin nahi zuten. Dagoeneko Belgikan eta Erresuma Batuan lanean ari ziren eta oso polarizatuta dagoen herrialde baten bila zebiltzan. Kasualitatez, nire kide bat ikerketan parte hartzen ari da eta hark aipatu zien esperimentua Euskal Herrira ekartzeko aukera», azaldu du prozesua Rafael Leonisiok. Bera eta Luis Millerrek parte hartu dute ikerketan, biak EHUko irakasle eta ikerlariak.

Konfiantza jolas bat

Esperimentua on line egin dute eta mila pertsonek parte hartu dute. Hasiera batean, parte hartzaileei galdera batzuk egin dizkiete, bere ideologia politikoa ezagutze aldera. Bigarren urrats batean, konfiantza jolas bat proposatu diete. Jolas horretan bi pertsonek hartzen dute parte: A jokalariak 10 euro ditu eta erabaki behar du horietatik zenbat bidaliko dizkion B jokalariari. Bidaltzen duen zenbateko oro hirukoiztu egingo zaio B jokalariari. Azkenean, B jokalariak erabaki behar du zenbat itzuliko dion A jokalariari. «A jokalariak zenbat diru bidaltzen duen kontuan hartuta neurtzen da B jokalariarengan daukan konfiantza maila. Alegia, A-k zenbat espero duen bueltan jasotzea B-ren partetik», gaineratu du ikerlariak.

A jokalariari B jokalariaren berri ematen zaio; bozkatu duen edo ez, eta, bozkatu baldin badu, zein alderdi bozkatu duen. «Esperimentu horietan ondorioztatu dugu parte hartzaileak gutxiago fidatzen direla –alegia, diru gutxiago bidaltzen dietela– beste ideologia bat dutenekin. Eta alderantziz, konfiantza handiagoa dute ideologia berekoekin, alderdi berdinaren aldeko botoa eman dutenekin. Aldiz, mesfidantza handiagoa agertu dute beren ideologia ezagutzen ez duten pertsonekin. Ondorio garrantzitsua da. Orain artean gai hau ez zen ikertu maila honetan eta emaitzak esanguratsuak dira: ideologia politikoak pisu handia dauka parean dugun pertsonarekin fidatu edo ez erabakitzeko orduan», azaldu du Leonisioak.

Ikerketa horrek mahai gainean jarri dituzten emaitzek joera orokor bat erakusten dute. Alegia, ondorioak parekoak izan dira AEBetan, Belgikan, Erresuma Batuan eta EAEn. «Arrazaren, jatorriaren eta bestelako datu objektibo batzuen gainetik, ideologia politikoak gero eta pisu handiagoa dauka pertsonen arteko konfiantza mailan. Emaitzek ez gaituzte harritu. Ezagutzen genituen beste herrialdeetako datuak eta ikusten genuen joera orokor bat gertatzen ari zela. Gainera, euskal gizartearen ezaugarriak ezagututa, emaitza esperotakoa izan da. Hala ere, ez da beste toki batzuetan baino gehiago gertatzen hemen, munduko beste tokietan bezalatsu baizik».

Azterturiko beste lurraldeetan bezala, egiaztatu da EAEn oso txikia dela irizpide etnikoan oinarritutako diskriminazioa, alderdi politikoen aldeko joerak eragindakoa baino askoz txikiagoa. Era berean, ezkerra-eskuina eta nazionalista-konstituzionalista parametro bikoitza kontuan hartuta, egiaztatu da bi ardatzetako batean gertu egoteak arindu egiten duela joera alderdikoaren ondorio negatiboa.

Konfiantza, gizartearen oinarri

Bestelako diskriminazioen parean, zergatik da indartsuagoa ideia politikoak oinarri dituena? Leonisioren hitzetan, «ikerketatik abiatuta hipotesi desberdinak atera daitezke. Bestelako diskriminazioen kontra arau sozialak daude, baina diskriminazio politikoaren kontra ez. Arau sozialek zigortu egiten dute arrazan edo generoan oinarritutako diskriminazioa, baina ez da presio bera egiten diskriminazio politikoaren kasuan. Eztabaida eta solasaldi politikoek egunero erakusten diguten moduan, gure ideia politiko berberak ez dituztenenganako areriotasuna eta aurreiritziak erabat onartuta daude gizartean, eta ez gara ia lotsagorritu ere egiten aurreiritzion ondorioz. Izan ere, alderdietako lider gehienen erretorika ikusita, badirudi guztiz onargarria dela aurkari politikoak mespretxatzea», iritzi dio Leonisiok.

Konfiantza, baina, jendarte baten oinarri garrantzitsua da. «Mendebaldeko gizarteak konfiantzan oinarritzen dira. Beti gaude besteengan konfiantza izaten, nahiz eta askotan ez garen konturatzen. Jatetxe batera joatean, adibidez, fidatzen gara eta ez dugu uste pozoituko gaituztenik. Edo zebrabide bat pasatzera goazenean, pentsatzen dugu autoa geratu egingo dela eta ez gaituela harrapatuko. Orokorrean etengabeko ari gara konfiantza ariketa bat egiten. Jendarte batean konfiantza hausten bada, kontuz», agertu du ikerlariak.