Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Itsasadarreko uhinak

Katalanek eragindako mamboaz hitz egin nuen aurreko artikuluan eta dantzaren erdian gaudelarik GAUR8ko editoreek ere gerri mugimendu bat eskatu digute. Zientzia zutabean ari garenez, esan dezagun %25eko murrizketa jasan dugula gure hitz jarioan, 4.000 karakteretik 3.000ra zehazki. Eta ospatzen dut. Zutabe honetatik zientzia gai hartuta botatzen dudana berrikusarazi didalako eta, zer arraio, barruak –inertziak– mugitzea oso sanoa delako!

Enpin, hitzak neurtu behar eta ez naiz debalde luzatuko. Nire asteroko zutabe honetan mugimendurik proposatzekotan, zuen parte hartzea eskatuko dut, mamboa ez baita bakarrik dantzatzen. Ondo baderitzozue, orri honetan jasotzen den nire Twiter kontuaren bidez, adibidez, hartu-eman bat izan dezakegu zientziaren inguruan eta horren arabera pentsatu hileroko txoko hau zertarako baliatu. Alegia, honokoa zutabe baino, habe izateko bidean jartzea.

Eta Twiter esan dut, baina beste sare sozialen bat izan daiteke, edota aukeran, aurrez aurreko solasaldia. Artikulu honetarako bide eman duena, adibidez, auzoko topagune den tabernan –hausnarketa eta eztabaidagune klasiko horretan– bart izandako solasaldia izan da: nola aldatu den Deustuko Erriberaren eta Olabeagaren arteko harremana. Erribera tabernan egonik, bata bestearen atzetik agertu dira ama, aita edo beste senideren bat Olabeagakoa dutenak. Lagunak ere hamaika, duela ez hainbestera arte ohikoa baitzen itsasadarraren alde batetik bestera igarotzea, horretarako prestaturiko gasolino-aren bidez. Auzoaren bi kilometro luzean lauzpabost geltoki zenbatu ditut, antzinako langile andanaren mugimenduaren erakusle, milaka baitziren auzoko lantegietan behar egiten zutenak. Lantegiak ixten joan ahala gasolino-aren zerbitzua apalduz joan zen, Euskaldunako zubia eraiki zenean zerbitzua guztiz eteteko.

Gaur, parez pare jarraitzen dute Erriberak eta Olabeagak, hamarnaka metro eskasera. Oraintxe bertan, ordenagailua tap-tap kolpatzen dudan bitartean, Olabeaga da bista altxatzean ikusten dudana, egunero leihotik ikusten dudana, eta, aldiz, urtean bizpahiru bider besterik ez dut zapaltzen auzo hori. Oinez ordu erdi luze behar dut itsasadarraren ertz horretara heltzeko, Bilboko erdigunera bezainbeste, eta, okerragoa dena, hainbestetan bisitatzen dudan Termibus autobus geltokia etxetik ordu erdira dut, gasolino-az bost minutu eskasean izango nuenean. Paradoxikoena, gainera, azkenaldian biderkatu egin direla itsasadarrean gora eta behera dabiltzan ontziak, gora eta behera, ezker eta eskuin guretzat, baina bat bera ere ez aurrera eta atzera egiteko, Erribera eta Olabeaga lotzeko.

Eta honek guztiak zientziarekin ikusteko zer demontre ote duen galdetuko duzue, Bilboko arratoion bizitzak ezer esaten ez dizuen horiek. Bada dena eta ezer ez! Uhin grabitazionalak detektatuz imajinatzerik ez dugun distantziara ematen diren fenomenoen berri jasotzeko gai garen garaiotan, ez gara gai harrikada bateko distantzian gauden auzokideak komunikatzeko. Azken ontziak eragindako itsasadarreko uhinek etxe pareko ertza jotzen duten bitartean, horratx zientziaz esan dezakedana. •