Iker Barandiaran

Lekukoaren errima

Egonkor eta gaindiezin bihurtu den krisi honen hasieran euskal musikagintzan zeresan handia izan duen Marino Goñi nafarra elkarrizketatu nuen. Goñi musikaria eta kazetaria ere izan bada ere, eragin handiagoa izan du Euskal Herriko diskogintzan izandako funtzio garrantzitsu eta iraunkorragatik. 80ko hamarkada hasieran Soñua-Nafarrock zigilu aitzindaria sortu zuen eta Euskal Rock Erradikala zeritzon multzoa osatzen zuten taldeei bultzada handia eman zien. Gerora, Oihuka diskoetxearen sortzaile izan zen, eta, horren ostean, Gor sortu zuen helburu berarekin. Bertan aritu zen luzaroan bost bat urte dela erretiratu zen arte.

Bere betiko marka izan da azeri ikuspegia izatea; hala deskubritu ditu gerora handiak egin diren Euskal Herriko hainbat eta hainbat talde beste inork baino lehenago; eta, jakina, urte askotako esperientzia izan du bizkarrean.

Horregatik galdetu nion ea Euskal Herrian etorkizun hurbileko musikagintzak zer sorpresa emango zuen ba ote zekien. Goñi konbentzituta zegoen krisi ekonomikoaren gogorrenak, 80ko hamarkadan punkarekin gurean gertatu zen bezala, musika estilo berri baten sortzea eta eztanda ekarriko zuela; eta gainera berau oso oldarkorra izango zela, muturrekoa. Ez zekien zein estilo izango zen, baina uste hori zeukan.

Bost urte pasa dira elkarrizketa egin nionetik eta ez da oraindik inongo musika mugimendu iraultzaile edo apurtzailerik agertu ezta gailendu. Are gehiago, krisia gurean gelditu da edo bertan jarraitzea lortu dute; badirudi jada ez dela joango. Eta betikoek kontrakoa badiote ere, egoera gero eta larriagoa da askorentzat. Baina gogortu beharrean, arindu edo bigundu garela dirudi.

Hori horrela izanik, nik azken urteetan irudikatu dut iraultza hori hip hopetik etorriko dela. Argi dago rock-and-rolla gainbeheran dagoela aspaldi eta horren adibide da estilo horretako kontzertuak eta musika kontsumitzen dugunon batez besteko adina altua dela eta atzean ez dagoela erreleborik. Hip hopa, aldiz, gero eta errotuagoa ikusten dut gazteen artean. Motibatuta ikusten ditut gero eta gazte gehiago berorrekin, identifikatu egiten dira kontatzen dutenarekin; kalean ikusten dutenaren maila berean dago, eta, gainera, punkarekin bere garaian gertatu bezala, baliabide oso gutxi behar dira halako proiektu bat aurrera eramateko; egingarria da. Era berean, mezuak dauka garrantzi handiena, eta autozentsura oso txikia izan ohi da; kantatzen/kontatzen dutena zuzena eta oldarkorra izan ohi da gehienetan. Eta testuinguru horretan, poliki-poliki euskaraz aritzen diren talde eta proiektuak ere jaiotzen dabiltza, eta horrek zeresan handia dauka bere garapen naturalean.

Ez naiz trap eta antzeko tendentzietan murgilduko, baina esandakoaren adibide da, esaterako, hip hopa, reggaea eta antzeko estiloak uztartzen dituen Glaukoma talde tolosarrak gero eta jarraitzaile gehiago dituela; mezuak zuzenak eta oso kritikoak badira ere, bertako irrati formulatan ere sartu dira horien kantuak eta gazteek atxikimendu handia dute taldearengan. Seguruenik icebergaren muturra da bakarrik ikusten duguna.

Gauza bertsua kontatu izan dit nafar jatorria duen La Furia rap abeslariak ere. Feminismoaren alorrean ere oraindik ikusten ez dugun mobida handia sortzen ari dela, eta gero eta emakume gehiago ari direla beraien barrenak askatzeko asmoz musika proiektuak sortzen; eta horien artean punka eta hip hopa direla nagusi. •