Pello Otxandiano

Non gaude?

Artikulu hau idazterako orduan dauden aurreikuspenak betetzen badira –ez dirudi beste ezertarako tarterik gelditzen denik, nahiz une kritiko hauetan egun batek askorako eman dezakeen–, gaur bertan Ministroen Kontseiluak Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioari ekingo lioke Senatuari Katalunian aplikatu asmo dituen neurrien zerrenda helaraziz. Gaur bertan, beraz, 155. artikuluaren aplikazioa martxan legoke formalki, eta horrek, Puigdemontek Rajoyri ostegunean emandako erantzunean iragarri legez, Kataluniaren independentzia adierazpena Parlament-ean bozkatzea ekarriko luke berandu baino lehen.

Urriaren 10eko osoko bilkuran Puigdemontek egindako jokaldi taktikoari buruz asko idatzi da. Goiz da jokaldi horren emaitzak neurtzeko, baina artikulu hau idazteko unean antzematen den egoera aztertuz esango nuke asmatu zuela Puigdemontek. Gaizki kudeatu eta komunikatutako erabakia izanagatik ere, azierto taktiko bat izan zela esango nuke bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, nazioarteko komunitateari begira Kataluniak elkarrizketaren eta akordiorako nahiaren bandera irabazi du; Espainiak, aldiz, arazo politiko ageriko bati irtenbide politiko bat emateko gaitasun faltarena eta zabarkeriarena –Sanchez eta Cuixarten kartzelatzeekin, establishment-aren betaurrekoetatik begiratuta, Europako lehen preso politikoak sortu ditu–. Bestetik, unionismo demokratikoaren diskurtso ekidistantea neutralizatu eta espazio hori minimora murriztu du, estrategikoa dena irekitzen den fasean esparru horretan kokatzen diren katalanak independentismoarekin lerratzen saiatzeko. Hau da, finean remedial secession deritzan agertokia eraikitzen lagundu du.

Edozein kasutan, independentzia deklarazioaren suspentsioa altxatuz gero –edozein delarik ere horretarako aukeratuko den formula–, fase berri bat irekitzen da Katalunian, zaila eta gogorra izango dena zalantzarik gabe. Jakina denez gauza bat da independentzia aldarrikatzea eta beste bat lortzea, eta bigarren horretarako ezinbestekoa du Kataluniak nazioartearen errekonozimendua. Eta susmoa daukat ez dela lehen momentuan iritsiko. Erresistentzia fase bati heltzeko prestatu beharko du, beraz, independentismoak; zailtasun guztien gainetik prozesu konstituziogileak aurrera darraiela ekintzekin demostratuz, etorriko den errepresioari modu eredugarrian aurre eginez eta nazioartean sinesgarritasuna landuz. Broma gutxi hemendik aurrera, bidea malkartsua izango da ezbairik gabe.

Alabaina, fokua Kataluniako azken gertakarietatik haratago zabalduz, non gaude? Galdera inozoa dirudi, baina irudipena daukat testuinguru historiko honen gaineko analisi konpartiturik ez dagoela Euskal Herrian gaur-gaurkoz. Zer da gertatzen ari dena? 78ko erregimenaren gainbehera edota faktore ezberdinak kateatzearen ondoriozko gertaera kointuralak? Zeri erantzuten dio Estatuaren jokaera ustez baldarrak? Gaitasun politiko ezari ala mendeetako inertzia sistemikoei? Azken galdera horri lotuz, ba al du Estatuak erregimena eraberritzeko eskaintza sistemiko bat egiteko gaitasunik epe ertainean? Eta, beraz, nola helduko dio datorren fase politikoari?

Koiuntura historiko hau ondo neurtzea klabea da momentu honetan. Beraien burua martxan jarri nahi den trenaren lokomotoran edota aurreneko bagoietan kokatzen dutenentzat ez baita berdina hilabeteetako edo urteetako bidaiarako prestatzea; eta tarteko edota azken bagoietan kokatzea nahiko luketenentzat ez baita berdina Espainiak daukagun autogobernu maila mantendu eta kasuan apur bat zabaltzeko aukerarik eskaintzea, edota, alderantziz, estatu autoritario baterako inboluzio sistemiko baten aurrean egotea. •