Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Stopen Gerra Katalunian

Pirinioetako Batzordeko kideek, Espainia eta Frantzia arteko mugaz arduratzen direnek, erabaki larri bat hartu zuten 1970eko urrian, gerra bat piztuko zuen erabakia: bidegurutze batean stop seinale bat jartzea.

Gerra bat: nola gustatzen zaigun gauzak puztea, e! Baina halaxe deitzen diote: Stopen Gerra, maiuskula eta guzti.

Llivia herri katalanean gertatu zen, Ipar Cerdanyan. Egoera geopolitiko bitxia dauka Lliviak: Espainiaren menpe dago, baina bere inguruko lurralde guztiak Frantziarenak dira, 1660ko bake itun korapilatsuaren ondorioz. Lliviatik Puigcerdara lurralde frantsesak zeharkatuz doan errepidea neutroa izango zela adostu zuten bi estatuek, eta Lliviakoek igarotzeko askatasun osoa izango zutela beti. Baina N-20 errepide frantsesak errepide neutroa zeharkatzen du, eta 1970ean Frantziako agintariek stop bat jarri nahi izan zieten Lliviakoei, istripuak saihesteko. Gerra piztu zen.

«Goizez stopa jartzen zuten eta gauez Lliviako lagun-talde bat ateratzen zen seinalea botatzera –esan dit herriko liburu-saltzaile batek–. Jendarmeak gauez bidegurutzea zaintzen hasi ziren, baina Lliviakoek egun batzuk pasatzen uzten zituzten, eta, zaintza desagertzen zenean, berriro ateratzen ziren seinalea botatzera. Dozena erdi bat ziren, herrian denok ezagutzen genituen». Baita Guardia Zibilak ere. Komandanteak ondo zekien nor ziren, eta haiengana joaten zen: «Aizue, adi ibili gauez ateratzen zaretenean, ez gaitezela bidean topatu». Lliviako autoa ez ziren bidegurutzean gelditzen, jendarmeek isunak jartzen zizkieten, istilu diplomatikoak egon ziren... Azkenean zubi bat eraiki zuten, Lliviako errepidea frantsesaren gainetik pasa zedin.

Biaduktua Espainiak eraiki zuen baina Frantziak ordaintzen ditu mantentze-lanak. Eta 2001ean biribilgune bat egin zuten, beste errepide frantses batek Lliviako errepide neutrala zeharkatzen zuen puntuan. Antza denez, bake mundialarentzat hobeak dira biribilguneak –zirkularrak, txandakakoak, berdinzaleak, demokratikoak– bidegurutzeak baino –karratuak, aurrez aurrekoak, hierarkikoak, diktatorialak–. Orain, biribilgunera sartzen direnean, lliviatarrek ez dute arazorik beste autoei pasatzen uzteko, eurei ere pasatzen uzten dietelako.

Bizikletaz noa errepide neutroan aurrera. Biaduktua igaro dut, biribilgunea igaro dut, eta Lliviara iritsi baino lehenago, mugarri bat ikusi dut ertzean –muga zaharraren aztarna fisiko bakarra–. Txirrindularion aberria asfaltoa dela pentsatu dut –hara!– eta aberri honen mugak estu-estuak direla. Txirrindulariok bai, txirrindulariok 1660ko bake itunaren ondorioak jasaten ditugu oraindik: Lliviako errepide neutroak trafiko handia jasaten du, oso estua da, ez dauka bazterbiderik, eta ez dute zabaltzen Frantziari zentimetro batzuk kendu beharko lizkioketelako. Autoek ziztu bizian eta ukalondotik oso gertu aurreratzen nautenean, 1660ko Salva eta Serroni negoziatzaileak etortzen zaizkit gogora, Mazarino kardinala eta Luis de Haro markesa, Maria Teresa infanta espainiarra eta Luis XIV.a errege frantziar madarikatuak. •

www.anderiza.com