Iñaki Soto

Zoru etikoa egonkortu, jomugen sabaia zabaldu

Beste behin ere, ozeano kataluniar bat dago hau idatzi eta argitaratuko dugun tartean. Ez dakigu zer gertatuko den, ezin dugu jakin. Edonola ere, kataluniarrak bere kaxa ari zirenean, ez genuen ia sekula asmatzen. Espainiar Estatua jokoan sartu denean gure indizea izugarri hazi da. Sikiera aurreikuspenen %50 asmatuko ditugu, alegia, espainiarrek egingo dutena.

Errepresioaren eta autoritarismo espainiarraren alorrean, enpirismoak funtzionatzen du. Kataluniarrekin elkartasunetik harago, gure analisietan beren erabakiekiko errespetua asmatzen hasteko bidea izan daiteke. Enpirismoak horixe agintzen du. Nire lagun batek printzipio hau ezarri du: «Adhesión entusiasta a todas las decisiones que tomen». Bat nator.

Orokorrean, kataluniarrek ez dute interesik Euskal Herrian. Eta interesa dutenak karikaturan erortzen direla esango nuke. Bai Aitor Esteban heroitzat dutenak bai gure historia antierrepresiboaren idealizazioa egiten dutenak ere. Ez dakit zer den okerragoa, bestearen gezurrak sinistea edo norberarenak egiak bailiran jokatzea.

Asmatu edo ez, Kataluniak zeharo baldintzako du gure dinamika politiko nazionala. Posturez harago, horretan asmatzea determinantea da. Eta horri buruz badugu zerbait esateko, apaltasunez bada ere.

Denbora faktore determinantea da. Eta antsietatea lotzea zaila bada ere, honek uste baino luzeago joko du. Estatuaren estrategia guda-estrategia da eta horrek denbora eskatzen du. Guretzat, gure herriaren egoera politikoa, instituzionala, soziala eta emozionala ikusita, fase historikoaren aldaketak gu guztiongan utzi dituen ajeak kontuan hartuz, denbora hau urrea da. Denbora galtzea, ordea, mortala izan daiteke.

Kontraesan hau kudeatuz, arnas-luzeko estrategiak garrantzia du. Urtebetera, hiru urtera eta bost urtera begira bilatuko ditugun agertokiak asmatu behar ditugu, baita horietara heltzeko erabiliko ditugun palankak ere. Adi, urte horiek ez dagozkie legegintzaldiei, baina legegintzaldiak ere garrantzitsuak dira. Behar dugun aldaketaren neurria belaunalditan neurtzen da.

Kataluniak gure familia politiko guztien kontakizunak birrindu ditu. Kontakizun ilusionagarri bat egiten asmatzen duen lehenak abantaila politikoa izango du. Herri proiektu zabal eta loteslea diseinatzeko eta garatzeko gai denak, alegia. «Eskubide guztiak pertsona guztientzat» jarraitzen duela printzipio nagusi izaten uste dut. Aldaketa eta kontakizunaren protagonista herritarrak dira, alegia, herritartasunaren kontzeptua zentrala izango da.

Agertoki horiek aurreikusteko talentua behar da. Egon badago, gizarte zibilean eta alderdietan, baina ez gara biltzeko kapaz izan. Euskal demokraten artean ez dugu elkar ezagutzen, eta, gainera, ez dugu bestea den bezala onartzen. Adi aurrejuzguei.

Instituzionalizazioa, orain arte ezagutu dugun bezala, kinkan dago. Baina askatasunera bide instituzional bat behar dela uste dut. Hori ere berrasmatu behar da. Horri lotuta, instituzionalismoa kritikatzen dutenei honakoa esango nieke: kaleak betetzea ez da alkatearen ardura.

Amaitzeko, zoru etikoa egonkortu behar da, Kataluniaren aurkako gerrak dimentsio moral izugarria izango duelako. Eutsi humanismoari. Eta, aldi berean, gure desioen, nahien eta jomugen sabaia zabaldu egin behar dugu. Iraultzari esanahi berri bat eman behar diogu; kataluniarrek egin duten bezala, baina desberdin. Gure borroken tradizioei lotuta. •