2017/11/04

Erreportajea
BAKEA ETA EMAKUMEAK
Habanako bake prozesua aitzindaria izan da genero azpibatzorde bat sortzen

Habanako bake prozesuaren baitan, Gobernuak eta FARCek genero azpibatzordea osatu zuten, agendaren atalak genero ikuspegi batetik aztertzeko. Emakumeek izandako parte hartzea, negoziatzaileekin izan zituzten harremanak eta jaso zuten aitortza aztertu dute Humanas taldeak eta CIASE ikerketa korporazioak.

Ainara Lertxundi
1104_mujeres

Emakumeak Habanako prozesuan. Bizipenak, ekarpenak eta aitortza»; ikerketa hori aurkeztu berri dute Humanas taldeak eta CIASE Ikerketa Korporazioak Kolonbian. Bake prozesuaren baitan emakumeek izan zuten protagonismoa aztertu dute.

Agendaren sei atalak genero ikuspuntutik aztertzeko, FARC gerrillak eta Gobernuak genero azpibatzordea osatu zuten 2014ko irailaren 7an. Ondorioak 2016ko uztailaren 24an aditzera eman zituzten Habanan, Nazio Batuetako goi mailako ordezkariekin batera eginiko ekitaldian. Gonbidatuen artean ondorengoak egon ziren: NBE Emakumeak erakundeko zuzendari exekutibo Phumzile Mlambo-Ngcuka hegoafrikarra eta erakunde honetako Latinoamerikako eta Kolonbiako ordezkariak, Luiza Carvalho eta Belen Sanz, hurrenez hurren; Nazio Batuetako enbaxadore kolonbiarra, Maria Emma Mejia; eta Kuba eta Norvegiako ordezkariak. Nazioartearen sostengua islatu zuen aurkezpen hark. Ordura arte egindako lana ez zela bigarren mailakoa izan aldarrikatu nahi izan zuten.

«Emakumeek bake prozesuari egindako ekarpena aitortzea funtsezkotzat jotzen dugu Hori izan da ikerketaren abiapuntua. Bake Akordioa bera garrantzi handikoa da Kolonbiarentzat, eta negoziazio prozesu baten baitan genero azpibatzorde bat osatzea erabaki aitzindaria izan da. Prozesuan esku hartu zuten emakumeak identifikatzeaz gain, beraien bizipenak ezagutu nahi izan ditugu, nola jokatu zuten eta nolakoak izan ziren gainontzeko negoziatzaileekin izan zituzten harremanak. 2016ko irailetik abendura, 16 elkarrizketa egin genituen Bogotan eta Habanan. Elkarrizketatutakoetatik zazpi Gobernuko ordezkariak ziren; bost FARCekoak; beste bat aholkularia eta gainerako hirurak nazioarteko lankidetzan nahiz berme-emaile gisa aritu ziren herrialdeetako ordezkariak», azaldu dute ikerketaren egileek.

Hautaketa irizpideak

Negoziazioan parte hartuko zuten emakumeen hautaketa egiterakoan, bakoitzaren prestakuntza hartu zuten kontuan hainbat irizpideri jarraituz. Gobernuaren kasuan, adibidez, «ikasketa maila eta ordura arte egindako lan profesionala baloratu zuten. Delegazioan justizia trantsizionalean eskarmentua duten abokatuak zeuden, arlo desberdinetan adituak –giza eskubideak, gatazka armatua eta haurtzaroa, gai militarrak, zientzia politikoak, biktimen eskubideak eta horien erreparazioa, zuzenbide humanitarioa eta nazioarteko harremanak–. Gehienak Estatuarentzat ari ziren lanean aipaturiko arlo horietan, negoziazioa hasi aurretik.

FARCeko emakumeei dagokienez, zuzendaritzak hainbat irizpide erabili zituen, hala nola gerrillan zeramaten denbora, beraienganako konfiantza, hizkuntzak jakitea eta gizarte eragileekin hartu-emanetan izaniko esperientzia. Gerrillan askok kazetari lana egiten zuten, barne komunikazioen edo irratiaren arduradunak ziren, beste batzuk kanpalekuetan hezkuntza programak antolatzen zituzten edo lan politikoa egiten zuten. Faktore horiek hartu zituzten aintzat.

Bi taldeek beste ezaugarri komun batzuk mahaigaineratu zituzten, hala nola enpatia, bestearen lekuan jartzeko gaitasuna, konponbideak bilatzeko trebezia eta tentsio handiko egoerak baretzeko abilezia.

Emakume taldeen garrantzia

Emakumeak Habanako eztabaidagune guztietan ordezkatuta egon ziren. Askotariko ardurak izan zituzten. FARCen komunikazio batzordean emakumeak gehiengoa izan ziren eta horrek emakume gerrillarien ahotsa eta protagonismoa indartu zuen. Emakume gerrillarien web orrialdea sortu zuten, Mujer Fariana.org delakoa.

Sare sozialetan ere presentzia nabarmena izan zuten. Astean behin, Habanatik albistegi bat egiten zuten, aurkezleak Alexandra Nariño eta Boris Guevara izanik. Emakumeak nagusi ziren albistegietako atal desberdinetan.

Habanako prozesuaren erdigunean biktimak egon ziren. Biktimez osaturiko bost ordezkaritza joan ziren Habanara beren lekukotasuna ematera. Kolonbiako emakume taldeek ere protagonismo nabarmena izan zuten eta hainbat bidaia egin zituzten bertara.

«Gizarte zibilari eta emakume mugimenduari esker, negoziazioan geunden bi aldeek ulertu genuen genero ikuspegia aintzat hartu behar genuela. Gerraren ondorio gordinak bizi dituzten emakumeen aldarrikapenei eta borroka historikoari esker, genero azpibatzordea osatu genuen», azaldu du elkarrizketatu batek. Hasieran lana ez zen erraza izan, batez ere, bigarren mailako zerbait bezala ikusten zelako. Gerora, pentsamolde hori errotik aldatu zen. Prozesuaren amaieran, FARCeko eta Gobernuaren delegazioetako bozeramaileek azpibatzordeak eta emakumeek egindako ekarpena nabarmendu zuten hainbat forotan. Kideen aitortza gertutik sentitu zuten emakume gerrillariek ere akordioa berresteko FARCek iaz Kolonbian egin zuen Konferentzian.

«Orduz kanpo elkartzen ginen, gure ‘denbora librean’ nolabait esatearren. Sakrifizio handia izan zen hori. Goizeko bostetan esnatu behar genuen askotan, bildu ahal izateko».

Genero azpibatzordean aurreikusita ez zeuden gaiak jorratzea lortu zuten, horien artean sexu bortizkeria eta emakumeen eta haurtzaroaren eskubideak. «Bihotz-bihotzetik lan egiteak ateak zabaltzen lagundu» zuela adierazi dute. Afariak, bazkariak, koktelak… harremanak sakondu eta sendotzeko, «bestea» hobeto ezagutzeko eta ulertzeko eta hierarkiak lausotzeko leku aproposak bihurtu ziren momentu askotan. Askotariko iritziak izan arren, azpibatzordea aurrera ateratzea zen guztien helburua eta horrek lanak arrakasta izatea bermatu zuen.

«Gizonezkoen giroan»

«Gizonezkoen giro» horretara egokitu behar izan zutela adierazi dute askok. «Hasierako urduritasuna gainditzen ikasi behar izan nuen. Pixkanaka neure buruarekiko konfiantza sendotuz joan nintzen. Justiziaren gaia jorratzen hasi ginenean, mahaiaren parte ez ziren abokatuei aholkularitza eskatu zitzaien. Hori une gogorra izan zen niretzat, zeren eztabaida juridiko sakon bat izateko gaitasuna eta eskumena nituen arren, abokatu horietako bat ez zegoen emakume batekin eztabaidatzeko prest. Ez ninduen mintzaide gisa ikusten. Epaile izandako gizonezko batekin eztabaidatu behar zuen bera ondo sentitzeko. Momentu horretan, hausnarketa feminista bat egiteko beharra sentitu nuen».

«Gauzak ez dira errazak izan guretzat, gizarte kolonbiarraren izaera patriarkala baita. Ni, esaterako, komunikazioen arduraduna nintzen. Kamerariren batek arazoren bat zuenean, gizonezko batengana jotzen zuen eta hark nirekin hitz egin behar zuela esaten zion, ni bainintzen arduraduna. Pixka bat frustragarria da, baina horrelakoa da errealitatea eta aldatu beharra dugu», gaineratu du beste batek.

Nekazaritza erreformaren gaian, emakumeen ahalduntzea eta protagonismoa bultzatzea izan zuten jomuga, bereziki, emakume baserritarrei lursailen jabe izatea erraztea, jabetza formalizatzeko tramiteetan lagunduz eta aholkularitza teknikoa ahalbidetuz. Emakume nekazariak ordezkatzen dituzten erakundeek akordioaren inplementazio edo gauzatzean esku hartzea garrantzitsua dela adostu zuten.

Parte hartze politikoari dagokionez, aurrerapausotzat jo zuten elkarrizketatuko emakumeek politikan eta erabakiguneetan esku hartzeko jasan dituzten oztopoak eta pairatu duten diskriminazioa aitortzea. Giza eskubideen ekintzaileak babesteko eta politikan emakumeen presentzia areagotzeko harturiko neurriak ere nabarmendu zituzten. Gatazka armatuaren testuinguruan gertaturiko sexu indarkeria azaleratzea eta amnistiarik jaso ez dezakeen delitu bihurtzea lorpen garrantzitsutzat jo zuten. Baita Egiaren Batzordeak genero ikuspegia barneratzea ere.

Ez zuten sekula pentsatu genero azpibatzordea ezinbesteko tresna izango zenik: «Ardura handia dugu gure gainean, ez bakarrik genero ikuspegia Kolonbian errealitate bat izan dadin, baizik eta bestelako prozesuak abian ipiniko dituzten herrialdeei genero ikuspegia kontuan hartzearen beharra azaltzeko. Gerraren ondorioak modu gordinean pairatu ditugu emakumeok».

Gerrillari ohien ahotsa

Gaur8rekin eginiko elkarrizketan, Camila Cienfuegos gerrillari ohiak gatazka armatu batean gehien sufritzen duena gizarte zibila dela nabarmendu du. Hasieratik egon zen Habanako prozesuan. Prentsa arduraduna izan zen eta genero azpibatzordean parte hartze aktiboa izan zuen.

«Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak gerraren ondorioetan ere antzematen dira. Emakumeak ekintza basatiagoen eta krudelagoen biktimak gara. Emakumeek familiaren ardura beren gain hartu behar izan dute. Kasu batzuetan, lurra galtzeaz gain, beraien sustraiak eta familia giroa galdu dute; seme-alabekin hirietara ihesi joatera behartuta egon dira. Baldintza horietan gizarte-bazterketa sufritzeko aukera handiagoa dute, sektore ahulena dira eta», plazaratu du gerraren zauriei buruz galdetuta. «Edozein gerra testuingurutan gertatzen den bezala, emakumeak sexu indarkeriaren biktimak dira. Gizonezkoen gorputza ez dute trukerako txanpon gisa erabiltzen. Gerrillari askotan leporatu zaio bortxaketak egin izana. Hori ez da sekula ere gertatu; FARCen baitan ez da sexu esplotaziorik egon. Hori argi utzi nahi dut. Erakundearen baitan, emakumeok askatasun osoa izan dugu norekin egon nahi dugun erabakitzeko; gezur borobila da gu, gerrillari izandakoak, sexu esklaboak izan garela. Gure kideekin batera borrokalariak izan gara, baldintza berberetan», esan du Cienfuegosek.

Oinazea eta atsekabea handiak izan badira ere, «errekuperatzeko gaitasuna» nabarmendu du. «Emakumeok gure familiarengatik, komunitatearengatik… aurrera egiteko eta borrokatzeko –baita armekin ere– gaitasuna dugula erakutsi dugu». «Genero ikuspegiak bakea eraikitzeko beharrezkoak diren aldaketa sozial guztiak zeharkatzen ditu eta gizartearen zati garrantzitsu bati balioa ematen dio. Orain, emakumeak ahalduntzeko politika publikoak behar ditugu, batez ere nekazaritza guneetan, horiek baitira gatazkak gehien kolpatu dituen eremuak. Sistema patriarkala iraultzea ahalbidetuko dute ekintza horiek guztiek. Emakumea lurraren jabe izatea edo jabekidea izatea berez iraultza bat da!», baieztatu du. «Gure asmoa erakundearen baitan emakume gerrillariok izan ditugun eskubideak eta askatasuna gizarteko gainerako sektoreetara zabaltzea da. Bai gatazkan bai Habanan emakumeon presentzia zabala izan zen», gaineratu du.

Victoria Sandino komandantea izan zen gatazkan. Habanan, negoziatzaile guztiahalduna izan zen eta FARCen aldetik genero azpibatzordeko buru. Egun, FARCek sortu duten talde politikoaren zuzendaritzan dago, baita bake akordioaren gauzatzea behatzeko sortutako batzordean ere. Emakumeen eta gizonen birgizarteratzean ere desorekak daudela dio: «Gizonezkoak heroi gisa ikusten ditu gizarteak, komunitateetan sor daitezkeen arazo sozialak konpontzeko gaitasuna dutenak. Emakumeak, aldiz, estigmatizatu egiten ditu. Familiak berak alboratu egiten ditu eta seme-alaben arbuioa jasaten dute beraien zaintza lana egin ez izanagatik. Zegokien ardura ez betetzeagatik komunitatearen gaitzespena dute. Egia esan, gatazka armatu bat bukatzean, emakumeek bizi duten errealitatea korapilatsuagoa da. Genero ikuspegia barneratu izanak emakume gerrillarien birgizarteratzea zehazki lantzea ahalbidetuko du».

«FARCeko zuzendaritzak emandako mandatua izan zen. Maila pertsonalean, ardura handia izan zen niretzat eta etengabeko irakaspena. Emakumeen borrokak hobeto ulertzen lagundu dit. Borroka horiek gure herriak behar duen bakea eta justizia soziala lortzeko uztartu nahi ditugu». Alexandra Nariño ere azpibatzordeko kidea izan zen. Bere hitzetan, «urrats historikoa izan zen; lehen aldia zen mundu mailan bake prozesu baten testuinguruan horrelako zerbait egiten zena! Guretzat bake akordioa gizarte bidezkoago bat eraikitzen hasteko abiapuntu bat da; eraikuntza hori ez da posible emakumeon ahotsik gabe. Bakea ez da fusilak isilaraztea soilik; bakea etxean, lantokietan, kalean eta gure barrenean egin behar da. Bakea egonkorra eta iraunkorra izan dadin, egun Kolonbia dugun indarkeria matxista desagertu behar da».

«Buruan genituen helburuak betetzeko arretaz lan egin genuen bi aldeek. Erabat sinetsita geunden gaia landu beharra zegoela. Horrek ez du esan nahi gure artean desadostasunik ez zegoenik; askotan eztabaida gogorrak izan genituen azpibatzordean, baina beti ere errespetu osoz. Gerrillan egondako emakumeok egiturazko aldaketak aldarrikatzen ditugu, ez azaleko aldaketak soilik».

Adriana BENJUMEA

«Bakea geldiezina da. Gainera, ezin dugu pikutara bidali bost urte luze hauetan lortutakoa eta, horretarako, nazioartea beharrezkoa dugu»

Adriana Benjumea Humanas-eko zuzendaria da. Elkarrizketa mahaian lortutakoa ez du galdu nahi akordioa praktikan jartzean. Akordio horrek emakumearen parte hartzea aitortzen duela eta zehazki emakumeei begira adostutako 122 neurri jasotzen dituela nabarmendu du.

Zerk bultzatu zuen ikerlan hau?

Kolonbiako bake prozesua eta FARCekin sinaturiko hitzarmena emakumeen lanari esker ere gertatu ziren baina, askotan, emakumeen ikuspuntua ez da agerikoa, ikusezina da. FARCeko gerrillariek, Gobernuaren ordezkariek, bai eta nazioarteko lankidetzan jarduten duten emakumeek ere, gogotik lan egin zuten bost urtez. Kolonbiarrek ez dituzte ezagutzen emakume horiek guztiek egin zituzten ekarpenak. Habanako mahaian ordezkaritza izan zuten emakumeen ahotsa eta apustu politikoa berreskuratu nahi genuen. Ikerketa hau egiteko beraiei zuzenean galdetu genien. Batzuen izenak ezagunak dira; beste batzuenak, ordea, ez. Liburuaren azken atalean, prozesuan esku hartu duten 140 emakumeen zerrenda osatu dugu.

Zer iruditu zitzaien liburua egitearen proposamena?

Ba, pasadizo bat kontatuko dizut. Elkarrizketa adosteko telefonoz deitu nienean, «zer, niri elkarrizketa bat? Zergatik niri?» galdetzen zuten gehienek harrituta. Askok seme-alabak, senarra, familia atzean utzi behar izan zuten Habanara denbora luzez joateko. Eta hala ere, ez zitzaien burutik pasatu ere egiten norbaitek elkarrizketatu zitzakeenik bake prozesuari eginiko ekarpen baliotsuagatik. Beste batzuek hau esan zidaten: «Benetan gauza garrantzitsuak egin zituena beste hura izan zen». Emakumeen arteko aitortza hori oso ederra iruditu zitzaidan. FARCeko gerrillariek, esaterako, prozesuaren hasieran Habanara joaten ziren kazetariek beti beraien bizipen pertsonalei buruz galdetzen zietela adierazi zuten. Ea ezkonduta zeuden, ea seme-alabarik bazuten, ea noizbait aborturen bat izan zuten eta abar. Baina ez zieten galdetzen negoziazioari edo beraien ikuspuntu politikoari buruz, subjektu politikoak izanik beraiek ere. Denborarekin, komunikabideek egiten zizkieten galdera motak aldatuz joan ziren eta protagonismo handiagoa izan zuten. Nolabait esatearren, eskertu zuten lan honetarako subjektu politiko gisa elkarrizketatu izana.

Genero azpibatzordea erreferente bihurtu da bake prozesuetan. Aitortzak zer suposatzen du Kolonbiarentzat?

FARCekin sinaturiko bake akordioa ondare bat da ez bakarrik kolonbiarrentzat, baita mundu osoarentzat ere. Kolonbiakoa genero azpibatzorde bat osatu duen lehenengo bake prozesua izan da eta, lehen aldiz, hitzartutako guztia genero ikuspegi batetik egin da. Erreferente honekin, beste edozein prozesuk ezin izango die bizkarra eman emakumeei eta bakearen eraikuntzan emakumeen ekarpena aintzat hartu beharko dute. Nekazaritza-erreformari buruz ari garenean, gerraren ondorioz lur eremuak galdu dituzten emakumeei laguntzeko neurriak aurreikusten ditu bake akordioak, edo gerrillan egondako emakumeen birgizarteratzea bermatzeko berariazko irtenbideak. Eta horrela, agendaren atal guztiekin. Orotara, emakumeei begira zehazki pentsatutako 122 neurri jaso zituen genero azpibatzordeak.

Nazioarteko aitortza, ordea, ez dator bat gizarte kolonbiarraren hainbat sektoreren harrerarekin. Iazko urriaren 2an egindako galdeketan, ezezkoak irabazi zuen, hein handi batean, akordioen genero ikuspegia desitxuratu zutelako eskuin muturrekoek.

Tamalez, genero ikuspegiak Kolonbian piztu zuen eztabaida manipulatu zuten eskuindarrek beren mesederako. Dena den, ez zuten beren helburua bete, xedea bake akordioa bertan behera uztea baitzen. Ezezkoak irabazi izana oso mingarria izan zen, batez ere genero ikuspegi hori lortzeko hain gogor lan egin zuten emakumeentzat. Zorionez, bi aldeek egoerari buelta eman zioten eta akordioen oinarrizko edukia bere horretan mantendu zuten.

Harritu zintuzten bai eskuinak bai erlijio desberdinetako ordezkariek egindako adierazpenek? Akordioen helburua Kolonbian «diktadura homosexuala» ezartzea zela esatera iritsi ziren.

Eskuindarra Kolonbian oso maltzurra da. Gerra telebistatik besterik ez du ezagutu eta gatazka armatutik etekina atera du. Prozesuaren akats txikienak aprobetxatu zituen horren kontrako kanpaina egiteko eta akordioaren aldeko kanpaina berandu ibili zen. Motz gelditu zen eta gogotik ordaindu genuen hori kolonbiarrok. Hiri handietako auzoetan Habanan zertaz hitz egiten ari ziren ez jakiteak mesede egin zion ezezkoaren kanpainari. Gezurretan ibili dela aitortu behar izan zuen eskuinak.

Armagabetze prozesua amaitu du gerrillak. Hala ere, Gobernuaren aldetik atzerapenak nabarmenak dira. Nola baloratzen duzu egoera?

Bakea geldiezina da eta aurrera jarraitu behar dugu. Inplementazioa ez da sekula erraza izan. Hauskortasun handiko prozesua da. Ekintzaileen heriotzak eta atzerapenek erakusten dute bidea luzea izango dela, akaso guk uste genuena baino luzeagoa. Sinatu izana oso garrantzitsua da, baina orain ezin dugu elkarrizketa-mahaian lortu duguna inplementazioarekin galdu. Inplementazioa geldoa da, Gobernuak ez du esandakoa bete. FARCek, aitzitik, emandako hitza bete du eta Kolonbiak hori aitortu beharko dio gerrillari. Behar-beharrezkoa da nazioarteko komunitateak Kolonbiari begira jarraitzea, zeren herri honek bakea behar du. Ezin dugu pikutara bidali bost urte luze hauetan lortutako guztia. Era berean, ELNrekiko elkarrizketa-prozesuari bultzada eman behar diogu kolonbiarrok eta horretan ere nazioarteko komunitateak zeresan handia du.

«Gerrillari askotan leporatu zaio bortxaketak egin izana. Hori ez da sekula ere gertatu, FARCen baitan emakumeok askatasun osoa izan dugu. Hori argi utzi nahi dut»

«Orduz kanpo elkartzen ginen, gure ‘denbora librean’ nolabait esatearren. Sakrifizio handia izan zen hori. Goizeko bostetan esnatu behar genuen askotan bildu ahal izateko»

«Lehen aldia zen mundu mailan bake prozesu baten baitan genero azpibatzorde bat sortzen zena. Bakea ez da soilik fusila isiltzea; etxean, lantokian, gure barrenean... ere behar dugu»

«Gizarte zibilari eta emakume mugimenduari esker, negoziazioan geunden bi aldeek ulertu genuen genero ikuspegia kontuan hartu behar genuela», adierazi dute hainbat protagonistak.