Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Lurraldearen hizkuntza

Hiria Antolatzeko Plan Orokorra. Nirekin bat etorriko zarete, komunikazio lan bat egin beharko bagenu, termino hauek ez direla erakargarriegiak. Eta termino hauen atzean dagoena denon interesekoa dela –denon bizimoduan eragina duelako– kontuan hartuz gero, hitzok gure belarrietan goxoago atxiki beharreko sonoritatea beharko lukete sikiera. Hirigile baten ahotan eta udal-lurraldearen antolaketa arautzen duen dokumentuan honako terminoak entzun eta irakurriko dituzue: lurzorua, erabilerak, jabegoa, urbanizagarria, eraikigarritasuna, hiria, landa-eremua, eskubideak eta betebeharrak. Bi alderdi deigarri dira aipatzekoak: terminologiaren juridikotasun tonua (egingarria dena eta ez dena erabakitzeko ahalmenaz ari delako) eta ekonomiarekin harremanean den aktibitatearen onarpena (lur-azaleraren balio eta kostuez arduratzen delako). Hots, hirigileen hizkuntzan antzematen da lurraldea arautzeko funtzioa dutela eta kalkulagailuarekin ari direla lanean.

Norbaitek argudia lezake hirigintzako terminologia honek beharrezko teknikotasunari erantzuten diola, eta beraz, ez duela zertan sexya izan irakurle arruntarentzat, edozein lege sexya ez den moduan. Kontua da hirigintzaren betekizuna lurraldearen noranzko estrategikoa pentsatzean datzala. Azken helburua ez da, bada, arautegi bat egitea, balizko estrategia lortzeko bidea ezartzea baizik. Batzuetan tresna helburuekin nahasten da, eta nahasmen horren isla da termino batzuen nagusitasuna beste batzuen aldean.

Lurraldearen gaineko erabakiak hartzen dituztenentzat terminologia ez da axolagabe jokatzekoa. Adibidetzat har dezagun Donostiara iristen den trenbidearen izendatzearen afera; Metroa edo Topoa –hiri edo lurralde azpiegituraren izendapenak, hurrenez hurren– deituraren tirabiran asko dagoelako jokoan. Ematen du ohiko trena Metro bataiatze hutsarekin Donostia hiriburu handia bilakatzen dela, edo are aldrebesagoa, Donostiak Bilboren aurka ustez jokatzen duen partidan berdinketa lortuko duela. Edo tristeago, Gipuzkoako mugikortasun ereduaren eztabaida ekiditeko amarrua besterik ez dela.

Hirigintzak darabilen hizkuntzaz ari garela, beste ñabardura bat (edo ez). Hiria Antolatzeko Plan Orokorrak ia-ia beti erdaraz idazten dira, eta ondoren euskarara itzuliak izaten dira. Baina zer gertatuko litzateke hirigintza pentsatzeko beharrezkoak diren terminoak euskaraz nola esan asmatuko bagenu eta aukeratutako hitzek euskal lurraldetasunaren sentsibilitatea jasoko balute? Hirigintzaren hizkuntza berri bat asmatuko ote genukeen galdetzen diot neure buruari.

Dena dela, lurraldearen hizkuntzak ez du hirigintzaren terminologiarekin zerikusirik. Beste sintagma batekin osatua dago. Lurraldeaz eta lurraldetasunaz ari den dokumentuak (Hiria Antolatzeko Plan Orokorra) lurraldea erabiltzeko esperientziaz, gorputzaren ongi izateaz, pertsonen arteko harremanez edo paisaiaren esanahiaz blai beharko luke. Nago hitz hauen isiltasunak lurraldearen hizkuntza-aldarria oihukatzen duela. •