Maider Iantzi Goienetxe
Elkarrizketa
LAILA LEILI
giza eskubideen defendatzaile sahararra

«Saharar herriak Nazio Batuen misioan sinesteari utzi dio. Desengainua sentitzen dugu»

Marokok egindako giza eskubideen urraketa larriak salatzeko Saharako elkarteko kide gisa etorri da gurera Leili, Lakuaren babes programa baten barnean.

Euskal Herrian pasatzen ari den egunak hagitz intentsu eta emankorrak izaten ari dira. Bi hilabete daramatza jada gurean Laila Leilik. CEAR eta Lakuako Gobernuak antolatutako giza eskubideen defendatzaileen babes programako partaide da, Aura Lolita Chavez Ixcaquic guatemalarrarekin eta Richar Sierra kolonbiarrarekin, herri indigenen defendatzaileak biak. Dioenez, kide apartak dira, elkarren osagarriak. Errespetuzko eta esker oneko harremana dute. Formazio tailerrak, hitzaldiak eta bertzelako ekintzak egiten ari dira, esperientzia onak denak Leilirentzat.

Hemen bere herrian sufritzen ari direnaren berri emateagatik jazarriko al duten galdetuta, erantzun du dagoeneko jasan dituzten errepresaliak baino gehiago ez dituztela jasanen, ohituta daudela erregimen marokoarraren larderietara eta jada ez direla horiekin izutzen. «Helburua Saharako herriaren ahotsa altxatu eta bertan gertatzen ari dena zabaltzea bada, ez naiz beldur izanen. Denok gure borrokaren eskubide eta xedeetan sinesten dugu eta horrek ere laguntzen du beldurrik ez izaten», adierazi du herrikide batekin batera, hiru hizkuntzatan egindako elkarrizketa honetan, hassania beren dialektoa, gaztelania eta euskara.

Hain justu Marokok hiru europar parlamentariri –tartean EH Bilduko Josu Juaristi– Aaiuneko atea itxi dien egunean elkartu gara aktibistarekin. Bere herritik heldu zaizkion azken berriak lurralde okupatuetako etengabeko manifestazioetakoak dira. Nazio Batuen mandatari Horst Köhler, kanpo ministro espainolarekin bildu zen. Honek Estatu espainiarrak Sahararen erabakitze eskubidearekin duen konpromisoa azaldu zion, baina kakotx artean jarri behar da hori, ezaguna delako Espainiaren jarrera. Hagitz gutxi sinesten dugu autodeterminazioaren aldekotasun horretan.

Zein fasetan dago gatazka hau, nazioartean konpondu gabeko zaharrenetakoa? Zer moduz zaudete sahararrok?

Su-etenaz geroztik Nazio Batuen Erakundeak Saharak autodeterminaziorako eskubide osoa duela aitortzen du, Fronte Polisarioa sahararren ordezkari legitimo gisa onartuta. Bertze aldean, Maroko dago. Horiek dira negoziazioaren bi aldeak. Baina saharar herriak bake prozesu horretan eta NBEren misioan sinesteari utzi dio. Desengainua sentitzen dugu potentzia nagusiak alde marokoarrarekin lerrokatzen direlako.

Nola daude Gdeim Izikeko protesta kanpamentuarengatik kondenatu eta urruneko kartzelatan, etxetik 460 eta 1.300 kilometro artera dauden 19 sahararrak eta euren familiak?

Ez daude ongi. Sahararren eskubideen aldeko aktibistak dira, garrantzitsuak herriaren azken urteotako borrokan, eta gai politikoengatik soilik atxilotu dituzte. Preso politikoak dira. Marokoren aitzinean protesta egiteko kanpamentu bat antolatu zuten, eta epaimahai militar batek epaitu ditu. Kondenak injustuak izateaz gain, batzuk bakartuta daude, bertzeek eritasun larriak dituzte eta ez dute behar duten arreta jasotzen. Torturak jasaten dituzte eta familiek bisitatzeko arazoak dituzte, marokoar poliziek traba ugari jartzen dizkietelako. Irainak eta tratu txarrak sufritzen dituzte eta batzuetan bisita debekatzen diete.

Amnesty Internationalen gisako erakundeek prozesu judiziala gaitzetsi dute, irregulartasunez betea egon dela eta deklarazioak torturapean hartuak direla erranez. Nola baloratzen duzu epaiketa?

Deklarazioak torturapean egin dituztela baiezta dezaket, hagitz antzeko egoerak bizi izan ditudalako. Gdeim Izikeko kanpamentua altxatu eta bi egunera atxilotu ninduten eta eskuak lotu, begiak bendatu eta hatz-marka hartu zidaten, dokumentuak nire baimenik gabe sinatzeko. Nik pertsonalki hori bizi izan badut, nola ez dituzte preso politiko sahararrak torturatuko komeni zaizkien deklarazioak lortzeko? Nazioarteko begirale guztiek iritzi bera azaldu dute: epaiketa legez kanpokoa izan da, epaimahai militarretik hasita.

Zortzi biziarteko kartzela daude kondenen artean.

Bai, eta gainerakoei 20 eta 30 urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete. Bertze bi libre utzi zituzten 6 urteko kondenak zituztelako eta epaiketa bitarteko denbora hori baino gehiago luzatu zelako.

Zein xede zuen kanpamentuak eta zer gertatu zen?

Udaberri Arabiarraren garaian, izozmendiaren punta izan zen. Protesta sozial gisa hasi zen, aldarrikapen politikoez gain, jendea nazkatuta zegoelako Marokok saharar jendartea baztertzeaz eta baliabideen (etxea, lana...) onuradunak jatorri marokoarrekoak izateaz. Aaiun kanpoaldean haimak jarri ziren. 28 egunen buruan erregimenak kanpamentua desegin zuen bortizki. 28.000 lagun zeuden. Militar eta poliziekin kanpamentua hartu zuten; kamioiekin jendea zapaltzera iritsi ziren. Denok ikusi genituen erretako kanpamentuaren irudiak.

Zein lan egiten duzue giza eskubideen urraketa larriak salatzeko elkarte sahararrean?

Helburu nagusia da erregimenak torturatu eta iraindutakoak artatzea. Haien salaketak jaso eta artxiboa osatzea ere bai. Mila kasu dokumentatu dira jada; hamabi urte dira elkartea sortu zela eta kasik bi Marokok onartu zuela. Nazioarteko antolakundeekin bilera eta itunak egiten dira, eta horiek ezin badute Mendebaldeko Saharan sartu, normalean gertatzen den bezala, sahararrak ateratzen gara bilerak egiteko.

Marokoren estrategia errepresiboa saharar jendarte osora iritsi da lau hamarkada hauetan. Eta ez du etenik.

Behartutako desagertzeak Marokoko erregimenaren ezaugarria dira, nahiz eta nazioarteko antolakundeek salatu. Protesta baten ondotik norbait desagertzen bada eta familiak galdetzera joaten badira, eurek diote ez dutela kartzelan sartu. Elkarteek Nazio Batuen Erakundearengana jotzen dute, bertako kideak erregimenarekin kontaktuan jartzen dira eta, orduan, «bai, hemen ditugu» aitortzen dute, prozesu judizial izugarri luze bati hasiera emanez. Irteerarik ez duen gurpil zoro bat da. Torturei dagokienez, jakina jendarte osora iristen direla; egunero okupatutako lurraldeetatik iristen zaizkigun bideoak ikusi bertzerik ez dago. Adinekoak eta umeak jotzen dituzte. Erregimenaren estrategia bat da eta ez da bukatuko saharar herriak askatasuna lortu arte.

Zein ondorio izaten ari da sahararrengan Marokok altxatutako harresia?

Txinakoaren ondotik bigarren luzeena da. Ez da bertzerik gabe hondarrezko harresi bat. Marokori milioiak kostatzen zaio militarki berau mantentzea. Pertsonen kontrako minak daude eta egunero galtzen dugu norbait harresi madarikatura hurbiltzeagatik. Adierazgarria da herriaren zatiketa erran nahi duelako. 1975etik gaude zatituta: batzuk Marokoren etengabeko errepresioren pean eta bertzeak askatutako guneetan, baina ez dugu ahantzi behar gutako zati bat errefuxiatuta dagoela Aljeriako hego-ekialdean. Zauri bat da, saharar guztien bihotza ukitzen duena, ez dena ixten, ezta itxiko ere libre izan arte.

Aaiungo Emakumeen Etxean lan egiten duzu. Zein da zuen zeregina?

Sare bat da, emakume euskaldun eta sahararrez osatua. Emakumeentzako espazio esklusiboa. Arabiera eta informatika ikasten dute eta errealitate politikoak emakume gisa nola eragiten dien aztertzen dute. Lehen euskaldunak joaten ziren irakastera, baina Marokok sartzea debekatu die.