Maria Gonzalez Gorosarri - @albistetan
EHUko irakaslea

Zuzendari ikusezinak

Mirentxu Loiarte Esparza (Iruñea, 1938) euskarazko zinemagintzan, modu profesionalean, lehendabiziko filma egin zuen andrazkoa da. 40 urterekin, Espainiako Zinemagintzaren Zuzendaritza Nagusiaren kalitatezko sari berezia jaso zuen 1978an, “Irrintzi” film laburragatik. Hala ere, bere lanak ahanzturaren herrian erbesteratu zituzten. Iaz Iratxe Fresneda (Arrigorriaga, Bizkaia, 1974) EHUko irakasleak eta GARA egunkariko zutabegileak “Irrintziaren oihartzunak” filmean jaso zituen. Fresnedak «ikus-entzunezko artefaktua» diotso. “Irrintziaren oihartzunak” iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen:

•«Eten bako irrintzia» (“Deia”, 2016/09/04).

• «‘Irrintziaren oihartzunak’ (Zinemira), Iratxe Fresnedak Mirentxu Loiarte topatu zuenekoa» (Zuzeu.eus, 2016/09/19).

• «Emakume baten irrintzia» (“Berria”, 2016/09/21).

• «Una directora en el exilio cinematográfico –‘Irrintziaren oihartzunak’» (El Círculo del Fotograma, 2016/09/24).

Handik urtebetera, hainbat festibaletatik ibili da “Irrintziaren oihartzunak”: Nantes, Nyon, Bartzelona, Sao Paulo, eta abar. Aurreko astean Fresnedaren lanak Bilbon bertan film onenaren saria jaso zuen:

• «‘Irrintziaren oihartzunak’-ek euskaraz egindako lanik onenaren saria jaso du Film Sozialak jaialdian» (Nontzeberri.com, 2017/10/30).

• «Zinema Ikusezina Nazioarteko Jaialdian Iratxe Fresnedaren filmak jaso du euskarazko lanik onenaren saria» (EHU, 2017/10/30).

Loiarte zuzendari ikusezin izatetik berreskuratu zuen Fresnedaren filmak, beraz, Zinema Ikusezina Jaialdiaren saririk garrantzitsuena lortu du, ikusezintasun horretatik etxera bueltatu zuelako, hain zuzen.

“Irrintziaren oihartzunak” filmak Loiarteren figura berreskuratu digu. Haren hizkeran, hark zuzendutako filmen irudiekin, bere ikusezintasunaren berri eman digu. Horrela, Loiartearen “Euskal emakumeak” (1981) filmean Paulina Urkiola leitzarra gogora ekarri digu. “Irrintzi”-ren (1978) hasierako fotogramarekin berriro asaldatu gara: mendian aurreskua dantzatzen dabilen gizonezko dantzari biluzia erakutsi zuen andrea atxilotu nahi izan zuen Gipuzkoako gobernadore zibilak, 1979ko Donostiako Zinemaldian bertan.

Are gehiago, Loiarteren lanak geureganatzean, iazko Durangoko Azokan, Fresnedaren filmarekin batera, Loiarteren jatorrizko lanak ere programatu zituzten. Berreskuratu. Bilboko FAS zineklubean eta Iruñeko Filmotekan ere.

Horrela, Loiarte hedabideetara bueltatu da:

• «Iratxe Fresneda: ‘Ederra izango da Mirentxuren lana berriro ere plaza publikora ekartzea’» (GARA, 2016/09/17).

• «Mirentxu Loiarte, directora de cine: ‘Me hicieron misteriosa’» (“Diario de Navarra”, 2017/05/04).

• «Mirentxu Loiarte: Ezagutu beharko genukeen arren, askori ezezaguna zaigu. Bera da lehen emakumezko euskal zinemagilea» (Euskadi Irratia, 2017/09/12).

Hemendik bi astera, nazioarteko biran jarraituko du oraindik ere Iratxe Fresnedaren lanak: “Irrintziaren oihartzunak” Berlinen (Alemania) eta Guangzhoun (Txina) erakutsiko dute. Han, gizonezko aurreskulari biluzia ikusiko dute.

Bilboko jaialdirik garrantzitsuenean, Zinebin, ez zen iaz egon eta aurten ere ez dute programatu. Loiartek oraindik Bilboko zinemaldian ikusezin izaten jarraitzen du. •