2017/11/11

Nerea Ibarzabal Salegi
Ehun

Irudipena dut gure belaunaldiari ere dagoeneko antzututa eta desinfektatuta iritsi zitzaiola iraultza komunistaren ideia, ezagutu bai, baina hedatzeko inolako arriskurik gabe

Neguko Jauregira sartu zirela ehun urte aste honetan, eta sare sozialetan eta kamisetetan berrargitaratu dira Leninen aurpegiak, fondo gorrien gainean, “orain gure txanda da” adierazten duen bere beso altxatuarekin. Pentsa nola epeldu diren –gure– neguak eta –gure– borrokak ordutik, eta ze bero jarraitzen duten jauregiek.

Irudipena dut gure belaunaldiari ere dagoeneko antzututa eta desinfektatuta iritsi zitzaiola iraultza komunistaren ideia, ezagutu bai, baina hedatzeko inolako arriskurik gabe. Disneyren “Anastasia” pelikularekin hazi nintzen ni; SESB erori eta urte gutxira jaio nintzen, eta argi ulertarazi zidaten tsarraren alaba bere jauregi ederretik kaleratu zutenak jende iluna eta gaiztoa zirela. Nola izango zen ba bidezkoa printzesa bat gaztelurik gabe uztea, gela ederrik gabe, soineko distiratsurik gabe? Protagonista bera da!

Gerora azaltzen dira igitaia eta mailua liburuetan plastifikatuta eta bi blokeren arteko gerra, batean izarrak eta askatasuna dauzkate eta ilargira doaz, eta bestean letra arraroak eta dena gorria eta hotza. Batek galdu egin zuen eta kito, jolasetik kanporatua. Gauzak buruz ikasi eta paper gainean dena botatzen hamalau urte igaro dituen gazteari hori interesatzen zaio gainera, azterketan 1991ra artekoa sartzea eta hortxe amaitzea dena, hausnarketa gehigarririk gabe, 45. orrialdeko laugarren paragraforaino bakarrik. Beharbada horregatik ez zitzaidan sozialismoaren inguruko benetako interesik piztu berandura arte, eskoletan Historia gainditutako zerbait bezala irakasten digutelako –edo zidatelako–. Ehungarren urteurrena bete duen edozer gaur egun probetxugarri izango ez balitz bezala.

Bi blokeen arteko gerraren gaia bukatzen da. Pelikuletako protagonistek irabazten dute –eta beraien bertsioa kontatzen duten pelikulak egiten dihardute oraindik–. 2000. urtetik aurrerako gertaerak ikastea tokatzen zaio DBHko gazteari orain: Dorre Bikiak, negutegi efektua, Irakeko gerra, Libiako gerra, Siriako gerra, errefuxiatuak, Mediterraneoko heriotzak, farmazeutikak aberasten dituzten epidemia arraroak… eta liburuetan azaltzen ez direnak, hor nonbait. Eta mundua eta liburuak gaika antolatzea gustatzen zaigunez, bat ahaztu eta besteari ekiteko elkarren arteko loturak bilatu gabe, XXI. mendea zerbait berria iruditzen zaigu, koaderno zuri bat. Kuriosoa da, bloke komunista desagertu eta hortik aurrerako desgrazia guztiak ez dizkiogulako bloke kapitalista irabazleari atxikitzen, antza. Oraindik akasdun sistema bakarra bestea iruditzen zaigu.

Baina beldur naiz ez ote dabiltzan zuzen dagoeneko beranduegi dela diotenak. Ehun urte zenbaki borobilegia da, 125. urteurrenera arte berriro dena ahazteko lizentzia ematen duena. Denbora eta distantzia eskutik doaz gehienetan, umetan Euskal Herri independente bat ezagutuko nuela bete-betean sinesten nuenean bezala, esaterako, eta orain, ba… ez dakit independentzia ikusten dudan urrunago edo heriotza gertuago. Eta sozialismoa ba, auskalo.

Komenigarriagoa zaigu agian Anastasiaren antzekoagoak garela pentsatzea eta noizbait Udako Jauregi bat izan dezakegula amestea, ezer arrakalatu gabe mundutik isil-isilik eta lasai pasatzeko. “Ezin izan genuen ezer egin”. Eta gero gai berri bat, eta liburuko orria ondo zapaldu, ez dadin aurrekora itzuli. •