2017/11/11

Mikel Zubimendi Berastegi
Erasoa jo, aita santua jomuga

155aren aroan, Frantzisko aita santuari deabruaren 666a egozten diote. Eliza barruko sektore antolatuak dira, eta, eskritura santuen izenean, erresistentzia bultzatzen dute Bergoglioren obra pastoralaren aurka.

«Frantzisko 226. aita santua da, baina, historian, horietako 37 aita santu faltsuak edo anti aita santuak izan dira». Hori esaten duten kardinalek honakoa iradokitzen dute: Frantzisko anti aita santua dela, 38. aita santu faltsua, ez 226. erreala.

Frantzisko aita santua estimatua da oso Euskal Herrian. Bere erretratuak ugariak dira gure herriko sinestun askoren etxeetan. Bere apaltasun eta umiltasunak pertsona zinez herritarra bilakatzen dute. Kristau askok espero zuten biziberritze pastorala, errukia, errespetua haragitzen ditu; hau da, bizi dugun garaiaren espiritua. Elizako sektore aurrerakoientzat atmosfera iraultzailea sortu du, negu luzearen osteko udaberria.

Beste horrenbeste esan daiteke 1960eko hamarkadan aitasantutza labur baina oparoa izan zuen Juan XXIII.a zenari buruz. Oraindik orain haren erretratu horituak makina bat etxetan zintzilik ikus daitezke. «Aita santu ona» bezala ezaguna egin zen gizonak, Vatikanoko II. Kontzilioa deitu zuen, betiereko egietatik eta tradizioaren dogmetatik harago, Elizaren leihoak munduari zabaltzeko. Pobreen aldeko aldarria ekarri zuen, alienatzaile baino, fedea askatzaile egiteko animaleko ahalegina. Horregatik bizi da euskal kristau askoren gogo-bihotzetan.

Juan XXII.ak izan zituen bezala, baina, Frantzisko aita santuak ere etsai asko ditu. Etxe barruan bertan dira, gainera, Jorge Mario Bergoglio gehien gorrotatzen dutenak. Ahopeka, aita santua hil arte ezer egin gabe zain egoterik ez dagoela diote, bestela Elizan zisma berriak sortuko omen ditu-eta. Ez, ez dira kanpotik etorritakoak, ez dira ateo diabolikoak, ezta musulman fanatikoak ere. Elizaren barrutik eragiten dute, beren burua egia katolikoaren zaindari gorentzat hartuta, eta, esan gabe doa, jakitera ematen dute aita santua heretikoa dela. Ongi antolaturiko sektore atzerakoiak dira, hertsitasunaren bultzatzaile hutsak, eta Frantziskorekin Elizak Vatikanoko II. Kontziliotik ezagutu ez duen zalantza eta horrore giroa bizi duela uste, idatzi eta aldarrikatzen dute.

Pentsa daiteke Frantzisko aita santua Elizan bultzatzen ari den aldaketak geldiezinak direla. Izan litezke. Baina horrelakorik ez da gertatuko indartsua eta arnas luzekoa izango den kontraerasorik gabe. Krisiaren eztanda ez da agian berehalakoa izango, ez da aurreikusten gaurtik biharrera Elizaren barneko zisma bat, baina zatiketaren itzala handitzen ari da pixkanaka. Hala, Eliza hierarkiarekin liskarrak ohiko bilakatuko dira, doktrinaren zaindari ortodoxo direla uste dutenek aita santua publikoki kritikatzea normalitate berria bihurtuko da, eta, aurrera begira, etorkizuneko aita santuen aukeraketa eta praktika asko zailduko dira.

Frantziskoren aitasantutzak Elizarentzat ondorio dramatikoak izango dituela uste dutenak doktrinaren eta bere misterioaren zale dira, munduko kezketatik aldendu nahi duten barnerakoiak, ez zentzuaren eta jakinduriaren zale kanporakoiak. Aita santua ezin dela epaitu aitortzen dute, bai, baina, aldi berean, bere «akats eta heresien aurrean» erresistentzia bultzatzen dute.

Periferiako jesuita

Bergoglio periferiatik heldutako aita santua da. Vatikanoan zentralizatutako gehiegizko boterearen oso kritiko da, eta tokian tokiko elizek aurrera egiteko libertate gehiago behar dutela sinisten du. Horrez gain, jesuita da; jesuitek hazi eta hezitako gizona. Are, historiako aurreneko aita santu jesuita da. Eta jesuitez mintzo bagara, gauza bat argi dago: jesuitek diziplina eskatu eta baloratzen dute. Egia da misio-jarduera handia bultzatzen dutela, nahiz eta gero, beren lana ez oztopatzearren, doktrina mailako detaileekiko irekitasun maila bat onartu. Broma gutxi jesuitekin, diziplina eta leialtasuna zaintzen duen ordena erlijiosoa baitira. Eta pultsuak ez die dardara egiten aurkariei aurre egiterakoan.

Aitasantutzara heltzean, Frantziskoren agendan ahal bezain pronto Vatikanoko administrazio ustelaren eta gotzain pederasten babesle izandako kuriaren erreforma bultzatzea zegoen, ustelkeria erabat garbitzea. Pentsa, Vatikanoko Bankua munduko krimen antolatuaren dirua garbitzeko bitarteko erraldoi bilakatu zen Juan Pablo II.arekin, eta, kanonizazioak, negozio itzel: milioi erdi dolar ordaintzen ziren “santuko”. Eliza hegoalde globalera zabaltzea ere bazuen agendan Frantziskok.

Esanahi sinboliko eta inpaktu bisual itzeleko keinuekin –hala nola etorkin musulman emakumezkoen oinak garbitzea, presoekin gogoratzea edo Vatikanoko parafernaliari uko eginez Fiat auto xumean bidaiatzea–, Elizaren irakaspen sozialez eta gai ekonomikoen inguruan argi mintzatzen da Bergoglio. Hizkeran sarri tonu profetikoa erabiliz, langabe, etorkin eta pobreekiko gertutasun eta samurtasuna erakusten ditu. Gaiok plazaratuta, gainera, sarri moralitate sexualean soilik interesatuta dagoela dirudien Elizaren kanpo irudia aldatzen ari da.

Frantziskoren aburuz, Eliza ahulentzat irekita izan behar den «ospitalea» da, ez handinahien klub bat. Errukiorra da eta errukiaren ahalarekiko debozio handia erakusten du. Bere hitz ederrekin, batzuetan naturaz gaindikoak eta apokaliptikoak diruditen arren, bistan da sakramentuen eta santuen garrantziaren inguruan enpatikoa dela.

Eliza epaile eta ukatzaile gisa kontsideratua izateak, zuzenean fariseutzat jotzen ez denean, asko kezkatzen du Frantzisko. Bere aurreko bi aita santuekin alderatuta, bere lehentasunen agenda ezberdina da, garaiaren espiritua, denbora historikoa beste era batean irakurtzen baitu. Juan Pablo II.a poloniarrak eta Benedikto XVI.a alemanak joera erlatibisten aurrean Erromak doktrinaren argitasuna eta uniformetasuna lehenetsi beharra ildo hartu zuten arren, hein handi batean Vatikanoko II. Kontzilioak irekitako zauri eta banaketak ”zuzentzeko”, argentinarraren kasuan agerikoa da, Elizaren irakaspenak aldatzeko asmo eta ahalmenik ez duela esan duen arren, oso bestelakoa den bide bat hartu duela.

«Amoris laetitia»

Elizaren egoera irauli nahian dabil Frantzisko. Eta ahalegin horren aurrean, bere etsaiek aitzakia, heldulekua, topatu dute 2014ko eta 2015eko sinodoen ostean aita santuak argitaratutako “Amoris laetitia” (Maitasunaren zoriona) idatzi apostolikoan. Hobe, bertako oin-ohar batean. Bertan, dibortziatu eta berriz ezkondutakoei eta ezkongabeko gurasoen familiei komunioa emateari atea zabaltzen zaio. Eta, jakina, dogmatikoentzat hori apostasia hutsa da, deabruari atea zabaltzea, Elizaren milurteko irakaspenei egindako osoko emendakina. Izan ere, Elizaren doktrinaren arabera adulterioan bizi direnek komunioa har badezakete, hau da, Elizak nolabait haien bizimodua idealtzat hartu ez baina onargarri egiten badu, sakramentuen teologia eta bekatuaren beraren definizioa berridazten ari da praktikan. Horri horrela, aita santuaren etsaien ustez, Bergoglioren asmoa ez da soilik aldaketa pastorala, ondorio doktrinala duen ekintza zitala baizik.

2014ko eta 2015eko sinodoak deitzean, Frantziskok, milurteko irakaspenen dogmak baietsi baino, Elizaren bestelako dimentsio pastoral eta misio-egilea azaleratu nahi izan zuen. Hau da, kanpotik ikusiezin egiten ari den katolizismoaren aurpegi errukior, bero eta abegikorra.

Sinodo horietan galdera zailak erantzutera deitu zituen gotzainak, inoiz ez bezalako argitasunarekin: nola senda daitezke dibortziatuen zauriak, ezkontzaren banaezintasuna bultzatzen den bitartean? Nola besarkatu homosexualak, ezkontza gizon eta emakumeen arteko instituzio bezala ospatzen den bitartean? Nola izan daiteke Eliza, guraso onak diren bezala, aldi berean irakasle argi eta ama errukior?

Aztertzen ari garen tentsioak, hori bai, Jesus bezain zaharrak dira. Izan ere, Jesusek berak ez al zuen jendea bizi osorako sexualki leial izatera deitu, eta, aldi berean, adulteroa bekatari eta biktima gisa ikusi? Alegia, tentsiook ez dira berriak, baina bai aldiz Elizaren gobernu globalaren bihotzera ekarri izana.

Etika sexualaren gaineko eztabaidak, Kristoren jainkotasunarena, aita santuaren autoritatearena edo sakramentuen ingurukoak baino ahulagoa dirudi. Baina, egia da, halaber, monogamia eta kastitatea kristautasunaren erro izan direla luzaz.

Aurrerazaleen begietara, kontserbadoreak aldaketen aurrean erakusten ari diren erresistentzia ezinbestekoa da, ordaindu beharreko prezioa, bai behintzat Elizak iraultza sexualaren osteko aroan eragin nahi badu. Erresistentzia hori desagertuko dela uste dute, eta ondoren etorriko den biziberritzeak erabilitako bitartekoak justifikatuko dituela. Bestalde, kontserbadoreak, teorian bederen aita santuaren autoritatearen hain aldeko izanik, goitik beherako iraultzaren aurrean argudio gabe, nora jo jakin ezinik geratuko direla uste dute. Aita santuaren botereak Eliza alda dezakeela berau zatitu gabe, eta, Erromak hitz egiten duenean, kontserbadoreetan kontserbadoreenak ere ulertuko duela auzia itxita dagoela.

Kardinal eta belatz

Adituen arabera, munduko gotzainen laurdenak aita santua heresiarekin flirteatzen ari dela uste du. Guztien izenak ez dira ezagutzen, baina, noski, gotzainok ezagutzeko ez da munduko beste puntara jo behar. Urruti gabe, Gipuzkoako Jose Ignacio Munilla gotzainaren soka berekoak dira. Aita santu aurrerakoia ez dela benetako aita santua uste dute, deabruak bidalitako apostata eta iruzurgilea baizik.

Edonola ere, Bergoglioren etsai amorratuena eta haren kontrako sektoreak antolatu dituena Raymond Burke kardinal estatubatuarra da, besteak beste, Maltako Ordena Militar Subiranoaren patroia ere izandakoa. Donald Trumpen ideologo eta estrategia buru ohi Steve Bannon bideokonferentziaz Vatikanoan hitzaldi bat ematera gonbidatu zuen gizona da Burke. Bada, dioenez, Bergogliorekin «Elizak denboran mugagabeak eta betierekoak diren egiak irakasten dituela zalantzan jartzen ari da». Eta nola doktrina ofizialaren arabera aita santua ezin den oker egon fedearen oinarriez mintzatzean, bada, orduan, egungo aita santua «anti aita santu» bat da. Bergoglio «anti aita santu», edarra patatie!

Sektore atzerakoiaren beste belatz nabarmen bat, Australiako George Pell kardinala da. Pentsa, iaz urteroko latinezko meza eman zuenean –Vatikanoko II. Kontzilioaren geroztik ia desagertu egin dira, ostiraleko bijilia eguna bezala–, honako «perla» hau utzi zuen: «Frantzisko 226. aita santua da, baina, historian, horietako 37 aita santu faltsuak edo anti aita santuak izan dira». Hori esatean, dena esan zuen, hots, Frantzisko 38. aita santu faltsua zela eta ez 226. erreala iradoki zuen.

Ghanako Robert Sarah kardinalak, aita santuaren ordezko izateko han-hemenka aipatua, soka bereko kritika latza egin du: «[Bergogliok dioen bezala] gizatiarra den orori ongi etorria eman behar diogu, barneratu egin behar dugu. Baina etsaiaren eskutik datorrena ezin dugu eta ez dugu asimilatu behar. Ezin da Kristo eta Belial [deabruaren izena] batera zerbitzatu! XX. mendean nazi-faxismoa eta komunismoa izan zirena, egun, Mendebaldeko homosexualitatea, abortuaren aldeko ideologiak eta islamiar fanatismoa dira». Afrikako sektore kontserbadoreen burua, beraz, egungo aita santua deabruaren meza-mutila dela iradokiz...

Egungo krisian Vatikanoko II. Kontzilioaren garaiko zatiketa ikusten dutenak asko dira. Eta, hala, Burke kardinala edo Munilla gotzaina bezalako elizgizonetan, 1960eko hamarkadan zisma eragin zuen Marcel Lefebvre ultraren pertsonifikazioa ikusten dute. Ideia berak, hots, «doktrinak ez du atzerapausorik egiten historia katolikoan. Tradizio apostolikoa Kristok iragarri eta Eskritura Santuetan idatzitakoa da. Hori da egiazko praktika pastoralaren mugarria, ez beste ezer».

Gerra kulturala

Sektoreok, beti bezala, gerra Elizaren bihotzera eraman nahi dute. Diotenez, Jesusek emandakoak direlakoan mendez mende sexuaren eta ezkontzaren gaineko irakaspenak aldatu ezin direla defendatu duen Eliza, iraultza sexualaren aurrean kapitulatzen ari da egun. Aita santua salatzeko, honakoa galdetzen dute: adulterioak «barkatu» badaitezke, zergatik ez onartu maitatzeko beste modu batzuk, beste joera sexual batzuk edo Afrikan hain ugariak diren familia poligamoak? Ez al dute horiek ere salbuespen pastoralik merezi? Nola har ditzakete sakramentuak dibortziatu eta berriz ezkonduek, ezkontzaren banaezintasuna konprometitu gabe? Nola errespetatu homosexualak, gay identitatearen existentzia onartzeke? Nola bultzatu «deabrukeria» hori arrazoi kulturalengatik guztiz onartezina bada Afrikan edota Hego Amerikan?

Kontserbadoreen azpijokoa ez da berria, noski. Bergogliorekin bezala egin zuten Juan XXIII.arekin ere. Vatikanoko II. Kontzilioa deitzean, garaiko espiritua ezin hobeto ulertu zuen Juan XXIII.ak. Pobreen aldeko apustua egin zuen, eta, Brasilgo Leonardo Boffekin, Euskal Herriko Jon Sobrinorekin, El Salvadorreko Oscar Romerorekin, Kolonbiako Camilo Torresekin, Askapenaren Teologia doktrina egin zen bazter askotan. Mojek abitua kendu zuten, apaizek emakumeak deskubritu zituzten (ehun mila inguruk utzi zuten apaizgoa ezkontzeko), kanpoko mundua ukatzen hainbeste denbora pasa eta gero, Elizako leihoak zabaldu egin ziren, betiereko egien eta tradizioaren gainetik animaleko biziberritzea bultzatuz. Bada, egun, Bergoglio da Vatikanoaren II. Kontzilioaren oinordekotza ordezkatzen duena, eta, aita santuaren kontrako gerra, 60ko hamarkadan aldaketaren kontra egindakoaren segida baino ez da.