2017/11/11

Erreportajea
MAROKO, EGARRIAK ITOTA
Errepresioarekin erantzun die Rabatek ur premiak piztutako protestei

Zagora hiria bilakatu da Marokon indarra hartzen ari den mugimendu sozial berri baten epizentroa. Marokoarrek ur premia herrialde guztian barna sufritzen badute bada ere, arazoak hegoaldean egin du eztanda, bertako biztanleak egoera jasanezinean baitaude ur falta dela-eta. Gobernuak errepresiorekin erantzun dio Egarriaren Mugimenduari.

Pablo Ruiz de Aretxabaleta
Pd08_marokoiturria

Marokok bizi duen krisi soziala Rifeko gatazkan islatu da batik bat. Baina herrialde osoan joan den udan sortutako beste gatazka batek ere ageri-agerian utzi ditu marokoarren beharrak, baita herritarren eskaerei Rabateko Gobernuak ematen dien erantzuna ere: errepresioa. Ur gabezia larria dela-eta, herritarrek ez dute edateko, arropa garbitzeko edota harrikoa egiteko urik. Eskoletan haurrek ezin dute komunera joan, eta jatetxe eta hotelek arazo larriak dituzte euren negozioak aurrera ateratzeko.

Zagora Marokoko hegoaldean dago, basamortutik hurbil, eta 300.000 biztanle ditu. Hilabeteak daramatza ur murrizketekin. Ur eskasia izugarria da. Bertako diputatuek diotenez, inguruko bi ur-poltsa bakarren gehiegizko ustiapenak sortu du egoera. Gehiegizko ustiapenaren erantzulea ere argi dute: nekazaritza.

Konponbideak eskatzeko protestak herritarren artean hedatu dira eta Gobernuak, bestelako gizarte arazoekin egiten duen bezala, errepresioarekin erantzun du. Maroko iparraldeko Xauen hiritik hegoaldeko Zagoraraino zabaldu den manifestazio-boladari izena ere jarri diote komunikabideek: Egarriaren Mugimendua. Manifestariek euren esloganetan adierazten dutenez, ez dira soilik eguneroko bizitzarako beharrezkoa duten baliabide bat eskatzen ari, Konstituzioaren urraketa ere salatzen ari dira. Izan ere, Marokoko Konstituzioak herritar denek ura eskuragarri izateko eskubidea dutela jasotzen du.

Zagoran, urriaren hasieran, 23 lagun atxilotu zituzten protestetan. Horietatik 11 haurrak ziren. Bazterketa eta Marjinazioaren Aurkako Batzordeko Anaya Salem aktibistaren esanetan, atxilotuetatik 18 baimenik gabeko manifestazio batean parte hartu eta protesta bultzatzeagatik epaituko dituzte. Beste bost Apelazio Epaitegira eramango dituzte, sua piztu eta poliziak erasotzea egotzita. Joan den uztailean, Maroko erdialdeko Beni Melal hirian ere, ur faltak tentsioa eragin zuen. Manifestazioetan istiluak izan ziren, egarria Maroko osoan barna zabaltzen ari den seinale.

«Infernua da!»

«Urik gabe bizitzea infernua da!», salatu du Atmane Rizkouk, Giza Eskubideen Aldeko Marokoko Elkarteko Zagorako presidenteak. «Egoera kritikoa da, biztanleentzako eguneroko sufrimendua da», dio, suminduta, Jamal Ackhbabe Ingurugiroaren Lagunen Elkarteko presidenteak. «Familia asko hainbat egunez urik gabe geratzen dira; beste batzuek egunean hainbat orduz soilik dute ura, gainera, ur ez edangarria», azaldu du. «Protestetan, manifestariek errepresioa eta irainak jaso dituzte. Hiria setio-egoeran dago», jarraitu du salaketa Ackhbabek.

Baina urarena ez da arazo lokala, Maroko iparraldean zein hegoaldean ematen da, eta herritarren haserrea piztu du. Taunat, Xauen, Uezan eta Sidi Slimane dira adibide. Hiriotako askotan ahaztuta zegoen ofizio bat berpiztu da: saltzaile ibiltariak ur horniketa ez duten auzoetan ur edangarria saltzen dabiltza. Sidi Slimanen, Rabatetik 110 kilometrora, bost litro ur dirham baten truke saltzen dira (0,1 euro).

Gobernuak arazoari garrantzia kentzen dio. Charafat Afilal, uraz arduratzen den Estatu idazkariak dioenez, egunkarietan agertzen den guztia ez da egia. Ur eskasiak hainbat arrazoi dituela ere azaldu du. Estatu idazkariaren arabera, alde batetik, herritarrek ez dituzte ordaindu nahi euren etxeak ur edangarriaren sarearekin lotzeko lanen kostuak, eta horregatik geratzen dira hornidurarik gabe. Bestetik, Afilalen esanetan, landa eremuetan hainbat horniketa proiektu atzeratu dira. Azkenik, ur erreserbak murriztu direla ere onartu du Estatu idazkariak.

Sandia laborantza

Baina Egarriaren Mugimenduak oso bestelako azalpenak ditu. Salatzen duenez, agintariek ez dute baliabide hidrikoak kudeatzeko estrategia integralik, eta, gainera, ez dute arazoa konpontzeko benetako asmorik erakutsi. Izan ere, azpiegiturak eraikitzeko inbertsio publikoak falta dira, besteak beste itsasoko ura gatzgabetzeko instalazioak edota putzuak zulatzekoak. Gainera, nekazaritza arduradunek praktika erabat kaltegarriak bultzatzen dituzte. Pentsa, Marokon ur kontsumoaren %90 nekazaritzan erabiltzen da eta gainontzeko %10a etxeetan.

Milaka hektarea landatu dituzte sandiekin Marokon, hau da, ureztatze behar handiak dituen fruta. Manifestariek salatzen dutenez, gainera, «Nekazaritza Ministerioak lur-jabe handien mesederako eta biztanleen kalterako sustatzen du sandia laborantza».

Krisiak Mohamed VI.a erregea bera ere zerbait egitera behartu du, itxura egiteko besterik ez bada ere. Hala, urriaren 2an, landa eta mendi eremuetan ur eskasia konpontzeko gobernu batzorde bat osatzea agindu zuen. Argi dago Rabatek ez duela uraren krisiarekin beste “Hirak” bat errepikatzerik nahi –Rif eskualdean duela urtebete sortutako protesta mugimendu indartsua–.

 

«Uraren gerrak» aurreratu egin daitezke

Maroko ez da salbuespena. Ekialde Hurbileko eta Afrika Iparraldeko populazioaren %60 baino gehiago estres hidrikoa sufritzen duten inguruetan bizi da, Munduko Bankuaren arabera. Munduan %35ekoa da egoera horretan bizi den herritarren ehunekoa.

Munduko Bankuak duela hamar urte piztu zuen alarma, Magrebek, bereziki Marokok, ur krisi larria biziko zuela ohartaraziz. Munduko Bankuaren arabera, kalteak batez ere nekazaritzak pairatuko zituen, eta, ondorioz, hazkunde ekonomikoa etengo zen, gizarte ezberdintasunak handituko ziren eta pobrezia hedatuko zen.

Petrolioa eskuratzeko gerrak ura kontrolatzeko gerra bihurtuko zirela ere aurreikusi zuen Munduko Bankuak. Etorkizun ilun horren data 2050ean jarri zuen, baina egungo egoera ikusita aurreikuspenak motz gera daitezke. Marokon bereziki, gehiegizko ustiaketak arazoa larritzen du. Ur baliabideak, gainera, ez dira ondo banatzen. Gizarte klase guztiek ura neurrigabe gastatzen badute ere, goi mailakoen xahutzea askoz handiagoa da, adibidez, txaletetako igeritoki erraldoietan. Erdi mailako familia batek baino mila aldiz ur gehiago gastatzen dute.