2017/11/11

Erreportajea
BEITU!
Gaztetxoek eskura itsatsita izaten duten mugikorrean sartuko den komunikabidea

Gaztezulok komunikabide berri bat aurkeztu du: Beitu! izena du, hedabide digitala da eta 14-18 urte bitarteko gazteak buruan hartuta diseinatu dute. Adin tarte horretakoek telefono mugikorra eskura itsatsita edukitzen dutela kontuan izanik, mugikorra da hedabide berrirako leihoa eta aisialdiak eta sare sozialek garrantzia berezia dute. Euskara eskura emana.

amagoia.mujika@gaur8.info
Pd18_aurkezpena

Badira 17 urte Gaztezulo sortu zela, aldizkari bezala. Orduan harpidetu ziren gazteek 17 urte gehiago dituzte orain eta gaztea izatea bera aldatu egin da ordutik. 15 urtekoa gaztea da zalantzarik gabe, eta 35 urtekoa? Errealitateak mahai gainean jarritako zalantza eta galderei tiraka sortu du Beitu! hedabide digital berria Gaztezulok, asteon Donostian aurkeztu dutena.

Gaztezuloko zuzendari Zuriñe Maguregiren hitzetan, «ikerketa bat egin dugu, egun gazteen ohiturak zeintzuk diren ikusteko. Garbi ikusi dugu paperezko publikazioak gero eta gutxiago kontsumitzen direla gazteen artean, eta, sarean dabiltzanean, gaztelaniaz eta ingelesez kontsumitzen dutela informaziorik gehiena. Gainera, joera hori gero eta nabarmenagoa izango dela diote adituek. Horrez gain, eduki laburrak eta bat-batekoak kontsumitzen dituzte».

Errealitate horretatik abiatuta diseinatu dute Beitu!, egungo ohiturek eta joerek markatutako bidean. Belaunaldi berriei egokitutako proiektua da, beraz, eta «gazteei kalitatezko euskarazko edukiak» eskaintzea du erronka nagusia.

Beitu! ez da aplikazio bat, «teknologia berrietara egokitzen den plataforma digitala da». Hartara, izena ematen dutenek mugikorrean jasoko dute hilero –hileko bigarren ostiralean–, Whatsapp bidez. Doakoa da eta izena ematea beste baldintzarik ez du eskatzen. Bi modutara egin daiteke; Instagram kontuko portako estekan klik eginez edo www.gaztezulo.eus/beitu orrialdean sartuz.

«Aisialdi gaiak, elkarrizketa labur eta dibertigarriak, bideoak, umorea, sexuaren eta drogen inguruko kontsultak, lehiaketak…» topatu ahal izango dituzte nerabeek komunikabide berrian. Sexuaren eta droga kontsumoaren inguruko informazioa profesionalen eskutik jasoko dute eta kontsultak modu pribatuan egiteko aukera eskainiko zaie.

«Gure asmoa da gazteen laguntzarekin osatzea komunikabide berria eta sare sozialen bitartez harremanetan egongo gara; beren iritziak, proposamenak, interesak, zalantzak… jasoko ditugu. Norabide bikoitzeko etengabeko komunikazioa mantendu nahi dugu», nabarmendu dute sortzaileek.

Gazteek gazteentzat sortutako plataforma izan nahi du eta helburu horrekin kolaboratzaile sare bat josi nahi dute bultzatzaileek. Dagoeneko fitxatu dituzte Ane Atxutegi eta Telmo Trenado youtuberrak eta Mr. Euskaldun ilustratzailea, besteren artean. Aurrera begira Beitu!-n kolaboratzaile gehiago izan nahi dituzte eta talentu bereziren bat duten gazteak topatzeko lehiaketa jarriko dute martxan.

Ane Atxutegi • youtuberra

«Euskarak beharrezkoa du Youtuben egotea»

Ane, Jon eta Mikel Atxutegi Usansolokoak dira, anai-arrebak eta youtuberrak. Duela urtebete inguru familia bazkari batean okurritu zitzaien “Etxe Txiki Bihotz Handi” izeneko kanala irekitzea Youtuben. Beitu! aldizkariak Ane fitxatu du eta pozik dago erronka berriarekin. «Youtuberra izateko beharrezkoa da zure bizipenak kontatzeko nahia eta gogoa. Eta, noski, kontatzeko orduan grazia pixka bat izan behar da. Gatza eta piperra behar dira», nabarmendu du 20 urteko gazteak. Berak oso garbi dauka bere proiektuaren norabidea: «Youtubek arrakasta itzela dauka eta euskara lur horietara eraman nahi dut. Bideo arrakastatsuenak euskaratu, nire bitxikeriak kontatu…», aurreratu du Beitu! komunikabide digitalean egiteko asmoa duena.

Atxutegi Euskal Filologia eta Ingles Filologia ikasten ari da, gradu bikoitza. «Unibertsitateko lehen urtean lan bat egin nuen youtuberren eta euskararen arteko harremanari buruz. Konturatu nintzen euskara apenas ikusten dela Youtuben eta hori aldatu beharra dago. Euskara normalizatu nahi badugu, horrelako plataforma entzutetsu eta jendetsuetan ere bultzatu beharra dago. Egia da Euskal Herrian youtuber asko dagoela, baina euskaraz egiten dutenak gutxi dira. Euskarak behar beharrezkoa du puri-purian dauden bideetan sartzea», nabarmendu du.

Telmo Trenado • youtuberra

«Aspalditik buruan neukan euskaraz aritzeko aukera»

Telmo Trenadok (Zumaia, 1995) 2012an sortu zuen Youtuben magiari buruzko bere kanala, gaztelaniaz. Egun 150.000 jarraitzaile baino gehiago ditu sare sozial desberdinetan eta gaztelaniazko hamar magia kanal garrantzitsuenen artean dago. Beitu! hedabidean euskaraz arituko da, lehenengoz sare sozialetan.

«Gustatu zait Beitu!-k jarritako erronka. 2012an hasi nintzen sare sozialetan eta, inertziaz, gaztelaniaz hasi nintzen. Ordutik nire eduki denak gaztelaniaz izan dira Youtuben, Instagramanen eta Twitterren, nahiz eta noizbehinka euskaraz zeozer sartu dudan. Baina orain artean ez naiz ausartu edukiak euskaraz sortzera, nahiz eta nire ama hizkuntza den eta euskaraz bizi naizen egunerokoan. Eta aukera egokia iruditzen zait behingoz euskaraz gauzak egiten hasteko», azaldu du zumaiarrak.

Bera gaztelaniaz hasi zen magiari buruzko bere kanalean, «eta berehala konturatu nintzen nire hartzaileen gehiengoa, %95etik gora, erdal hiztuna zela, Espainiakoa eta Latinoamerikakoa. Eta horrela segitu dut orain arte». Hala ere, ba omen zebilkien buruan euskarara salto egiteko aukera. «Aspalditik buruan neukan euskaraz aritzeko aukera, ingurukoek ere askotan eskatu didate, eta, orain, urratsa ematera noa», gehitu du.

David Agirrezabalaga • mr euskaldun

«‘Euskaraz irri egin nahi dut’ da nire lema»

Etxean gordeta zituen ilustrazioak sare sozialetan zabaltzen hasi zen, helburu jakinik gabe. Erantzun ona izan zuen, ordea, eta segitu eta segitu egin zuen. Une batean, pertsonaia bat sortzeko beharra gertatu zitzaion eta Mr. Euskaldun sareratu zuen. Geroztik, ezagunak dira ilustratzaile zarauztarraren eztenkadak.

«Mr. Euskaldun sortu nuen ilustrazioak euskaraz egiteko. Nire lema ondorengoa da: ‘Euskaraz irri egin nahi dut’. Beitu!-koek proiektua aurkeztu zidaten, eta, nire ideiarekin bat zetorrenez, baiezkoa eman nuen. Ni izatez arkitektoa naiz eta nire denbora librean egiten ditut ilustrazioak. Orain arte ilustrazioekin bakarrik aritu naiz, eta, orain, proiektu berri honetan, animazioak egiteko aukera eman didate. Pozik nago, erronka polita dela iruditzen zait-eta».

Esan bezala, Mr. Euskaldunek denbora librean egiten ditu bere ilustrazioak, zaletasun modura. Kontziente da, baina, jende asko bere sorkuntzak ikusteko zain egoten dela eta bere buruari diziplina pixka bat jartzen dio, «astean bi ilustrazio egiten saiatzen naiz». Gaia, normalean, egunerokoak ematen dio, «eguneroko albiste txar horietan barre egiteko arrazoi bat topatzeko ariketa egiten saiatzen naiz». Eta inspirazioa euskal kulturak eta euskaldunen izaerak pizten diote.