2017/11/11

Miren Azkarate Badiola
Hasierak ez dira beti politak

Gai asko daude tabu edo politikoki ez zuzenak bezala etiketatzen ditugunak. Ez dut sekulako ikerketa soziologikoa egin, baina, inguruan aukera izan dudan emakumeei galdetuta, gehiengoak, denek ez esatearren, antzerako erantzunak eman dizkidate.

Txikitatik entzuten dugu haur bat mundura ekartzea zein polita den; hasierako aste eta hilabeteetan behin eta berriro entzuten dira «gozatu orain, berehala handitzen dira-eta», «ze inbidia» eta antzerako esaldi zoriontsuak. Baina hasierakoak politetik ez du ezer! Oso-oso esperientzia gogorra da. Esperientzia latza da erditzea, eta, segun eta nolakoa izan den erditzea, are gogorragoa: luzea edo motza, epiduralarekin edo gabe, zesarea edo ez, odol asko galduta edo ez, plazenta erraz atera edo ezin atera, instrumentalizatua edo ez... Ondorioz, erditzen duen emakumea fisikoki txikituta geratzen da. Alua birrinduta, oinarrizko beharrak egiteko ere zailtasunekin. Ondorengo egun eta asteetan hilerokoa odol jario handiarekin eta burdin usainarekin.

Bularra ematea ere zerbait sinplea bezala azaldu digute beti, beno ba, horixe ere ez da guztiz egia. Esnearen igoerak sukarra igo dezake, infekzioak egon daitezke (mastitisak), zauriak titi buruetan… Denak oso mingarriak.

Psikologikoki gauza guzietarako 24 orduz zure beharra duen txiki bat izatea ondoan nekagarria da. Horrez gain lo gutxi egiten da (edo ezer ez) eta etxean bi izatetik hiru izatera pasatzean hori guztia enkajatzea ez da lan makala.

Zergatik ez didate argi eta garbi hitz egin izan honi buruz? •