Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

NIKA BITCHIASHVILI

Gasteizera etorri zenerako, bide luzea egina zuen biolin jotzaile bezala, Georgiako hiriburuko orkestra sinfonikoan eta hango taberna irlandar batean. Gasteizen berehala jarri zen bertako musikariekin harremanetan eta etengabe agertzen da taberna batean folk talde batekin zein leporaino betetako areto batean Mikel Urdangarinen ondoan.

E z da zaila taberna baten barruan zein ondoan biolina jotzen topatzea, edo poesia errezitaldi batean inprobisatzen. Areto batean beste musikari eta abeslari ezagunekin ere noiznahi aurki dezakegu, edo mukuru betetako plaza edo areto batean Mikel Urdangarinen kantuak apaintzen. Zornotzar abeslariaren kantu ugariren amaiera instrumentalak amaigabeak izatea nahi lukete entzule askok, eta horren erruaren parte bat Nika Bitchiashviliri dagokio. Interpretazio horiek diskoetatik kontzertuetara eta kontzertu batetik bestera aldatu egiten dira, inprobisaziotik asko baitute. Estudioan grabatzen dutenean ere maiz inprobisatu egiten dute. «Gero, gustuko duguna geratzen da», dio Nikak arrats hotz eta euritsu honetan, eguneko biolin eskolak bukatutakoan.

Urdangarin aipatuta, pozik ageri da Bitchiashvili “Margolaria” lanarekin. Ez da grabatu duen lan bakarra, soilik zornotzarrarekin berarekin grabatutakoak ere ez dira gutxi; abeslari zornotzarrak azken hamar urteetan plazaratu dituen disko gehien-gehienetan parte hartu du biolinista georgiarrak.

Inprobisatzea maite du, sortze lana delako. Edonola ere, estilo ugariko musikaria da, bokazioz eta tradizioz. Haren ama piano jotzaile eta irakaslea zen Tbilisin (Georgia), eta hark lan egiten zuen musika eskola berean hasi zen Nika gaztetxoa musika ikasten. Aitak, berriz, zapata fabrika batean lan egiten zuen, baina hainbat tresna asmatu zituen; beraz, sormena arrotza ez duen familia batean hazi eta hezi zen Nika.

Aitona-amonen etxean ere musika oso presente zegoen, ama ez ezik, haren anaia-arrebak ere musikariak baitziren; hartara, ospakizun guztiak musikaz janzten zituzten. Nikaren amak, musika karrera egin baino lehen, aitona-amonen etxean zegoen pianoarekin ikasi zuen jotzen, historiatxoa duen pianoarekin, hain zuzen. Aitonari Stalinek auto bat erregalatu omen zion, stakhanovista baitzen, eta II. Mundu Gerra baino lehen saldu egin zuen. Lortu zuen diruarekin, piano hori erosi zuen.

Biolin jotzailearen amak semeak ere pianoa jotzen ikas zezan nahi zuen, baina Nikak txikitatik biolina zuen gogoko. Ez omen daki zergatik, baina tresna horixe hautatu zuen. Egun, ordea, egunero entzuten du pianoaren soinua, bere emazteak jo eta eskolak ematen baititu. Alaba ere musikazalea da, eta kantu ikasketak unibertsitatekoekin batera egiten ditu.

Tbilisin, bere amak irakasten zuen eskolan zazpi oinarrizko mailak egin zituen, ondoren tarteko lau eta beste bost urtean goi ikasketak. Horiek bukatu zituen urte berean Tbilisiko Orkestra Sinfonikoan sartu zen, oposizioak eginda. Zortzi urtez jardun zuen orkestra hartan biolin jotzaile. Kontzertu askotan parte hartu zuen, sarritan Europan zehar, orkestrak urtero egiten zituen biretan.

Gasteizera biolina aldean

2001ean Georgiatik irten eta Gasteizera etorri zen, baina lehenago Madrilera jo zuen, espero bezala atera ez zitzaion proiektu baten atzean. «Zure herritik irtetean ez duzu hiri txiki batean pentsatzen». Luze gabe, Madrilgo abentura esan ziotena ez zela ikusita, Gasteizen bizi ziren zenbait georgiarren etxera joan zen, berarekin batera biolina jotzen ikasitako lagun batek, Gasteizen biolin irakasle ziharduenak, hara bidalita. Eta herrikide haiek lagundu zioten Arabako hiriburuan «zerotik» hasten.

Gasteizko musika munduarekiko lehen kontaktua taberna batean izan zuen. Han, ostegunero jam session bat egiten zuten, eta laster Tbilisiko biolinistak ere parte hartuko zuen jazz kontzertuak eginez. Ohituta zegoen jazza jotzera, prestakuntza klasikoa izanagatik, betidanik izan baitu jazza gustuko, eta Tbilisiko taberna irlandar batean jotzen zuen. Tbilisin beti izaten zen musika zuzenean hainbat taberna eta jatetxetan; batzuk irlandarrak ziren, baina denetarik zegoen. Berak egunero jotzen zuen, igandeetan izan ezik, gaueko bederatzietatik hamaikak arte, hogei minutuko atsedenaldia eginda.

Tabernan lanean hasi zenean, berak eta bere taldeak ez zuten irlandar musika ezagutzen, baina, eskatzen zietenean, zerbait jotzen ahalegintzen ziren. Zenbait disko utzi zizkieten eta horiekin hasi zen bera doinuak ikasten eta musika hori barneratzen, «odolean sartzen zitzaidala sentitu arte, kontua ez baita besterik gabe notak jotzea, dagokion sonoritatea eman behar diozu». Behin irlandar bi sartu ziren eta eurekin esertzera gonbidatu zituzten Nika eta berarekin jotzen ari ziren musikariak. Ea irlandarrak ziren galdetu zieten, eta, georgiarrak zirela jakitean, txundituta geratu ziren «hain jatorrizko estiloan» jotzen zutela ikusita. Bestetik, orkestra sinfonikoa eta tabernako taldea gutxi balira ere, laukote klasiko batean ere jo ohi zuen Nikak.

Gasteizen, apurka-apurka bertako musikariak ezagutzen joan zen, hala nola Kike Loyola edo Javi Antoñana, eta haiekin jotzen hasi. Gaur arte, tabernetatik ekitaldi ofizialetara, hainbat talderekin zein bakarrean jotzen baitu, edo Koldo Uriarterekin eta Jon Cañaverasekin osatutako hirukotean. Txutxo Iturralde gitarra eta banjo jotzailearekin, Gasteizko Udalak antolatutako ziklo bat zabaldu zuen Atarian, Salburuko hezeguneen interpretazio zentroan, naturarekin zerikusia duen musika interpretatuz, okasiorako Vivaldiren “Lau urtaroak” obraren adaptazio bat eginda. Tartean, betiere, biolin eskolak ematen ditu.

Bingen Mendizabal eta Mikel Urdangarin duela hamar urtetik gora ezagutu zituen, eta haiekin oso lotuta segitzen du. Urdangarinen taldean parte hartzen hasi zen, baita astelehenero Aiztogile kaleko taberna batean egiten zituzten kontzertuetan ere. Josu Zabala, Rafa Rueda, Koldo Uriarte, Jon Cañaveras, Angel Celada eta beste batzuk aipatu ditu, denak ere «pisu handiko musikariak».

Arturo Blascorekin, Alex Ruiz de Azuarekin eta Bingen Mendizabalekin Txatarreria Keaton taldea osatu zuen. Buster Keatonen filmak proiektatu eta haiek iradokitako musika eskaintzen zuten, zuzenean inprobisatuz. Bestetik, Javi Antoñanarekin obra klasikoak jo izan ditu; Sabin Salaberrirekin eta zenbait orkestra eta abesbatzarekin kolaboratu izan du... Orain noizbehinka gazte talde batekin elkartzen da folk musika jotzeko, soinu txikiari, txirulari eta gitarrari biolina gehituta. Halaber, noizean behin poesia errezitaldiren batean jotzen du, entzuleak zur eta lur utziz, inprobisatzeko eta poemen erritmora moldatzeko duen gaitasun ikusgarriagatik.

Bitchiashviliren azken lan diskografikoa Arantza eta Pantxo bikote elorriarrarekin grabatu eta orain gutxi aurkeztu dutena da. Arantza Salterain elorriarrak eta Pantxo Cruz argentinarrak rantxerak, boleroak eta Hego Amerikako bestelako doinuak euskal kantuekin batera abesten dituzte aspaldi plazarik plaza. Nikarekin eta Jon Cañaveras kontrabaxu jotzailearekin zenbait kontzertu eman zituzten eta diskoa elkarrekin grabatzea erabaki zuten.

Georgiarrak orain ez du proiektu zehatzik, baina baditu han-hemenka hainbat kontzertu aurreikusita. Beti lagun artean, biolina aldean, Nika Bitchiashvili musikari petoa da, tradizioz, bokazioz, pasioz. •