Pello Otxandiano

10 tesi independentismoaren kontra (eta alde)

Katalunian ikusitakoak ikusita ondorio batzuk ateratzeko moduan egon bagaudela uste dut. Hemen garapen luzeagoa eta patxadatsuagoa eskatzen duten 10 tesi nire partetik:

1.- Kataluniakoa iraultza demokratikoa da, zentzu sakonean. Burujabetzaren eta demokraziaren aldarria egitasmo eraldatzaile erradikala da, globalizazio neoliberalak sortzen duen bizitzaren prekarizazioari aurre egin nahi diona. Estatu bat eraiki nahi da herritarrak babesteko, aberastasuna modu ekitatiboagoan banatzeko, sistema politikoa demokratizatzeko, kultura eta hizkuntza garatzeko.

2.- Kataluniak «Zutik Euskal Herria»-ren hipotesia indartzen du: Posible da egungo jendarte baldintzetan, Estatu espainiarraren dominazio proiektua ezbaian jartzea eta askapen prozesua estadio oso aurreratuetara gidatzea bide demokratikoak erabiliz.

3.- Kataluniak 78ko erregimena hilzorian utzi du, inoiz izan duen legitimitate maila urrienarekin. Estatu krisia egiturazkoa da. Eztabaida demokratikoari ezin hel diezaiokeenez, Espainiak indarra erabiltzea hautatu du. Baina estatu egitasmo egonkor batek, indarraren monopolioaz gain, adostasun politikoa ere eraiki behar du. Espainiar estatu proiektu berri bat legitimatuko lukeen adostasuna eraikitzeko aukerarik ez dago epe laburrean (hilabeteak). Beraz, urte batzuez luzatuko den egoera baten aurrean gaude.

4.- Nahiz epe laburrean ez izan, Estatu erreforma etorri, etorriko da. Bi pultsio nabari dira. Lehenak irekidura bat proposatzen du, aldaketa kosmetikoa izango litzatekeen arren, katalan eta euskal eliteak seduzitzeko saiakera barnebilduko lukeena. Bigarrenak erregresioa planteatzen du, estatu zentralistagoa eta autoritarioagoa. Gaur-gaurkoz bigarren pultsioa indartsuago antzematen da.

5.- Kataluniako ispiluan geure buruak begiratuta zer da ikusten duguna? Euskal Herritik indar handia egin da azken 40 urteetan 78ko erregimena egonkortu ez zedin. Tentsio politiko eta emozional handia mantendu dugu oso denbora luzez. Borrokak emaitzak eman ditu. 78ko adostasun politikoak birrinduta daude eta autodeterminazio eskubidearen eztabaida erdigunean dago. Baina kostuak ere izan ditu, halabeharrez. Tentsioa baretu denean, jendarteak mobilizazio ziklo berri bati heltzeko nekea adierazten du. Neurri handian prozesu naturala da.

6.- Mimetismoak, determinismoak eta epifania laclautiarrak ahaztu eta metodo leninistaren printzipio nagusia berrartu dezagun: egoera konkretuaren analisi konkretua, bertoko baldintza subjektiboak eta objektiboak inkorporatuz. Euskal lurraldeetan dugun ongizate maila erlatiboa Espainiakoa baino handiagoa da. Beraz, gehiengoak burujabetzaren egitasmora batuko badira egitasmo horren bertuteak azaldu beharko dira, jendarte-sektore zabalek konfrontazioak pena merezi duela ondorioztatzeraino. Diskurtso subiranista potente bat eraiki behar da eta estatu propioaren proposamen politikoa mamitu eta sozializatu.

Hurrengo hirurak garatzeko espazio faltan gelditu naiz gaurkoan. Titularrak ematearren, uste dut Katalunian egindako bideak ikasgai interesgarriak uzten dizkigula honako gaiei buruz ere: 7.- Estrategia eta taktikaren arteko artikulazio eraginkorrak; 8.- Alderdien (eta instituzioen) eta jendarte zibil antolatuaren elkarrekintzak; 9.- Desobedientziaren bertuteak eta mugak.

10.- Hau guztia kontutan izanda, uste dut aukera leiho bat izango duela Euskal Herriak parez pare datozen urteetan, independentismoaz doktrina egiteke, burujabetza, demokrazia eta Errepublika espainiar Estatuari kontrajarriko dizkion egitasmo emantzipatzaile sendo bat eraikitzeko. Horretarako behar den tonua hartzen badugu behintzat. •