Maider Iantzi Goienetxe
infraganti

AINHOA TOLOSA

Bizi eta alai solastatzen da Ainhoa Tolosa munduko kayak surf txapelduna, lehertzen diren olatu indartsuen abiaduran. Sumatzen zaio izugarri disfrutatzen duela. «Zure momentua da, itsasoa eta zu», deskribatu du. «Uretan sartu eta urduri nago, ez dakit zer gertatuko zaidan». Hurrengo helburuak irribarrea ateratzen dio: Peru 2019.

Ezjakintsunaren adrenalinak harrapatua du Ainhoa Tolosa 36 urteko donostiarra, eta emozio horrekin gozatuta itzuli da Ipar Irlandako Portrush herritik. Itsaso aldakorrak hartu zituen Munduko Txapelketan. Eguraldia ere halaxekoa zen: «Euria, eguzkia, haizea… Denak izaten ziren egun berean. Ez dago mendirik eta hodeiak abiadura bizian pasatzen ziren. Sentsazioa hotza zen, gainera, bustita geunden». Bost egun eman zituzten lehiatzen urri amaieran, banaka eta taldeka. Bietan urrea lortu du Tolosak, eta horrek ireki dio hedabideetako atea.

«Manga dezente ziren egun berean. Pasatzen badituzu, aurrera zoaz. Hogei minutuko txandak dira mangak. Launaka sartzen gara, likra kolore ezberdinekin. Taldekakoan, talde bakoitzeko bat gaude eta egiten dugun postuak puntuak ematen dizkigu. Lehenengo postua lortzen badugu puntu bat daukagu eta hori ona da, puntu gutxien dituenak irabazten baitu», azaldu digu bere auzoko, Groseko, kafetegi batean elkartu garenean.

Bi garaipenak ezberdinak direla ere kontatu digu: «Indibidualki lehiatzen zarenean zuretzako da eta urte osoko lanaren ordain gisa jasotzen duzu. Taldekakoa ere oso berezia da, denok egin behar baitugu gure esfortzurik handiena emaitzarik hoberena lortzeko norbere mangan, horrek eragiten duelako taldeak garaitzea. Polita da, taldekide guztiak dituzu itsasertzean animatzen».

Lau neskatan (bi piragua luzetan eta bi motzetan), lau open kategorian (denak nahastuta, mutilak eta neskak), eta beste lau 35 urtetik gorakoen master kategorian. Dozena bat ziren guztira taldean. «Indibidualetan gran master kategoria ere badago, 50 urtetik gorakoena, eta harrituta gelditzen zara uretan nola mugitzen diren ikusita, batzuk lurrean baino hobeto!».

Guretzat ezezagun samarra izan arren, herrialde aunitzetan egiten da kayak surfa, gero eta gehiago. «Piraguismoak daukan handicapa buelta ematen ikastearena da. Behin hori ikasita, olatuak eramaten zaitu eta sentsazioa badaukazu. Taula batean zutik jartzen zarenerako, berriz, ordu eta frustrazio pila bat jan dituzu. Piraguan iraultzen zara ala ez, baina sentsazioa askoz azkarragoa da eta horrek asko erakartzen du jendea».

Taldekide aunitz gerrikoarekin doaz, baina Tolosak ez du jartzen errespetua ematen diolako lotuta egoteak. «Esaten dute gerrikoarekin mugimendu erradikalak egitean piragua askoz hobeto mugitzen dela. Nik, oraingoz, ez dut behar. Kortxoak dauzkagu ondo enkajatzeko. Kaskoa eta txalekoa bai, eramaten ditut, araudiak esan bezala. Beroaz gain, segurtasuna ematen didate».

Surfaren antzeko mugimenduak egiten dituzte. «Pareta berdean egindako mugimenduek ematen dituzte puntuak. Aparrean egindakoek gutxiago. Orduan, igo eta jaitsi egin zaitezke, floterrak egin ditzakezu, mutilek hegaldiak egiten dituzte… Neskoi gehiago kostatzen zaigu, beraiek abiadura gehiago ematea lortzen dute. Gu saiatzen gara eta batzuetan ateratzen zaizkigu baina gutxiagotan. Niri floterrak egitea gustatzen zait, alegia, olatuan gora joan, ertzean irrist egin eta jaistea».

Irlandan epaileek surf tradizionala baloratu dute gehien. Maniobra erradikalak ez hainbeste. «Hori guretzat kaltegarria izan da, batez ere mutilek nahiko erradikal bukatzen dituztelako bueltak. Baina lortu genuen egokitzea».

Erakunde pribatu bat da antolatzailea, eta horrek Euskal Selekzioarekin lehiatzeko aukera ematen die. Bosgarren garaipena ekarri dute etxera. Galizia, Eskozia, Gales, Jersey, Ipar Irlanda… Herri pilo bat egon ginen. Nahi dugun bezala parte har dezakegu eta guretzat ohore bat da hori».

Gutxi ateratzen da kayak surfa hedabideetan eta gehiago zabaltzea nahiko luke donostiarrak. «Kirol minoritarioa izateak hori dauka eta pena da, jendeak gehiago ezagutuko balu probatuko lukeelako eta gehiago izango ginatekeelako. Maila ere gehiago igoko litzateke».

Bide horretan, txapelketa streaming bidez ematea zoragarria litzatekeela dio. «Orain familia eta lagunek hartzen genuen olatu bakoitzaren puntuazioa zuzenean jarrai zezaketen Interneten. Baina irudiak falta ziren eta horiek ikustea da jendeari gustatzen zaiona. Datorren mundialari begira antolatzaileei esan diegu ondo egongo litzatekeela streaming bidez jartzea». Kirol ikusgarria da, emozioa sumatzen da, uretako giroa eta tentsioa. «Lau pertsona gaude eta olatuan ondo kokatu behar duzu lehentasuna izateko. Horretarako itsasoa ondo irakurtzen jakin behar duzu. Zorte faktoreak ere garrantzia dauka batzuetan, batez ere Portrushen eduki genituen bezalako baldintzak izanez gero».

Bi urtean behin da Munduko Txapelketa eta hurrengoan pentsatzen ari da jada: Peru 2019. Hagitz erakargarria da berarentzat, herrialdea ezagutzen baitu eta familia baitauka bertan. Kulturak, janariak, sekulako olatuak izateak... eta, txapelketa udan izanik, etxekoekin bidaiatzeko aukerak ere tentatzen du.

Bertara iristeko Euskal Liga jokatuko du. Bost proba dira, martxotik azarora. Aurtengo Munduko Txapelketa urrian izan da eta «logistika aldetik eromena. Bi urteko alaba baten ama naiz eta bikotekideak bien lana egin behar izan du. Ama naizenetik intentsu eta eraginkorragoak izan behar dute entrenamenduek. Gutxi horrek ona izan behar du. Bikotekideak asko laguntzen dit. Bera ere kirolaria da eta txandaka egiten dugu».

Andoainen heziketa fisikoa irakasten dabil, egun osoan patioan haurrekin, eta hor ere saiatzen da eurekin batera mugitzen. Uretan normalean asteburuetan sartzen da. «Bikotekidea Lekeitiokoa da eta bertako klubean nabil. Urte askotan Atletico San Sebastianen egon naiz, baina beraiek slaloma egiten dute. Udaberri partean Hendaian ere ibiltzen naiz. Zurriolan aritzea nahiko nuke baina ez naiz eroso sentitzen surflari asko dagoelako».

Donostiako Real Club Nautico klubak eskola dauka eta Zurriolan ibiltzen dira haurrekin. Neskak ere badaude. «Gero eta gehiago. Ezin gara lokartu!», dio kontent. Kayak surfean gizon-emakumeak paretsu ibiltzen dira. Erran bezala, open kategorian elkarrekin lehiatzen dira eta horrek neskei maila igotzen laguntzen die.

Ahal izatearen sentsazioak betetzen du. «Beti ari naiz zerbait egiten. Orain errepideko bizikletan ibiltzen hasi naiz». 12 urterekin deskubritu zuen piragua. Irlandako txapelketak izan behar zuen azkena, baina «emaitza ikusita eta hurrengoa Perun dela, bikotekideari esan nion: ezin dut utzi!». •