Iker Barandiaran

Elkarbizitzarekin kutsatu

Pasa den astean eman zuen argitara GARAk “Bat bi hiru, Egin 1977-1998. Garai baten soinu banda” izeneko bilduma: folketik abiatuta lehen rock-and-roll taldeetara eta 80ko hamarkadako eztandan punkarekin eta bestelakoekin tril eginda, 90eko hamarkadako estilo zabalkunderako bidea egiten du.

Hain zuzen ere, zabalkundearen hamarkadaren harira, duela gutxi euskal musikara beste estilo batzuk gure artean gelditzeko ekarri dituen Glaukoma taldearen kontzertu batean, lagun dudan Eneko handiak esan zidan Euskal Herriko musika panoramara benetako iraultza ekarri zuena 90eko hamarkada izan zela. Nik ere bat egiten dut berarekin. Hala bizi izan zuen berak, irakaspen biziko garai baten parera, eta zin dagit niretzat ere hamarkada hori ezbairik gabe aberatsena izan zela. Aurrekoaren kutsu gris eta iluntasuna faltan, eta, eszena hain zabala izanik, ez ziren talde bakar batzuk bakarrik gailendu. Horren ondorioz, ez da han gertatutakoa mitifikatu eta, ondorioz, gutxiago azpimarratu da bere garrantzia.

Bere neurri eta tamainan ere hala jaso du Jon Maiak garai hori “Berriak jaio ginen” liburuan. Bere bizipenez ari da, bertsolaritzaz eta horren zabalkundeaz, baina esentzia bera da: desberdinak parera jarrita, gauza berriak probatu eta emaitzak biderkatzeaz, alajaina.

Aldiz, beste muturra ere erakutsi digu Alberto Irazuk argitaratu berri duen “Rocka puntua” entseguan: Basarri bertsolaria ekarri du gogora; eta horrekin hark eta bere sasoiko askok euskara ezerk “kutsatu” ez zezan izandako izu eta prebentzio jarrera sutsua, beste batzuek euskal ye-ye-en kontra egin zuten bezalaxe. Alferrikakoa izan zen ahalegina; hala erakutsi du denboraren pasoak, “kutsatze” horrek aberastu, biderkatu eta indartu egiten duelako emaitza.

Baina Basarriren garaikoa izan gabe, nik oso presente daukat nire herrian, gaztetxoa nintzela, parez pare punkien eta heavyen taberna bana zeudela; eta elkar gorrotatzen zutenez, behin baino gehiagotan borroka latzak izaten zituzten. Ez baita asmatuta nire nerabezaroan punkia edo heavya izan zintezkeela, bata ala bestea, zuria edo beltza, ez zen erdibiderik onartzen, ezin bietatik edan. Izan ere, heavya espainiarra zen, eta arrotza, gainera. Gerora etorri ziren Estigia –ia oharkabean–, Su Ta Gar eta Metallicaren “Kill’em all”, eta heavyarekiko muga eta aurreiritzi negatiboak apurtu ziren. Baina ordura arte bi munduen arteko loturarik ez zegoen. Eta, funtsean, horrek eragin zuen, besteak beste, 90eko hamarkadako ikuspegi eta musika estiloen irekieran eta fusioan.

Eta jada, gaur da eguna non, adibidez, Azkena Rock jaialdian, gai diren heavyaren ikonoen zaleak zein punkaren eta bestelako musiken zaleak 48 orduz gune berearen aterkipean egoten. Edo har dezagun adibide hurbilagotzat pasa den asteburuan ospatu zen Gasteiz Calling punk-hardcore eta Oi! jaialdia. Bi egunez zezen plaza eraldatuan batu dira gangarra buruan daramaten azken mohikanoak, skin headaren patroiari eusten dieten neska-mutilak eta adindunak, zein hardcorea zainetan daramaten hainbat eta hainbat izaera gazteko lagun. Seguruenik horiek guztiak Azkena Rocken elkarrekin izaten direnak baino oldarkor edo gutxienez muturrekoagoak. Eta, sinesgaitza badirudi ere, hainbeste tribu desberdin batuta –hauek bai, tribuak, azpilerroak ondo markatuta– ez zen horien artean inolako istilu ezta tirabirarik izan; kontrakoa. Argi eta garbi: ezingo genuke gauza bera esan ez beste herrialde askotan ez gurean bertan denboran atzera egingo bagenu. •