Juantxo EGAÑA

Emakumeak meatzaritzako lan gogorretan

Meatzaritzan emakumeak egindako lana oso garrantzitsua izan da. Etxeko lanaz eta zaintzaz aparte, maiz bestelako enpleguak ere bilatu beharra izaten zuen emakumeak familiaren bizi baldintzak hobetzeko: besteen etxeak garbitzea, meatzeetan mineralak garbitzea, baztertutako mineralak miatzea, mineral saskiak garraiatzea... Lan gogorrak egokitzen zitzaizkien askotan emakumeei, eta, gainera, jasotzen zituzten soldatak gizonek jasotzen zituztenen azpitik izaten ziren beti. Egile ezezaguneko argazki hau 1900. urte ingurukoa da eta Pobeñako zamatzeko tokian dago eginda, Muskizen (Bizkaia). Irudiak ondo jasotzen du emakumeek egin behar izaten zituzten lanen gogortasuna. Irudian emakumeak pikotxarekin minerala txikitzen ikusten dira, El Pobaleko burdinolara eraman baino lehen. Argazkia Macc Lennanen funtsekoa da. Jatorri eskoziarreko enpresaria zen Macc Lennan, Bizkaian hainbat meatzeren gidaritza izan zuena. Gaur egun argazki funts hori Muskizko Udalean dago.