Isidro Esnaola

Energia politika, bizimodua eta klima aldaketa

Urte bukaerarekin batera energia lantzen duten zenbait nazioarteko erakundek beren aurreikuspenak publiko egin dituzte. Azterketok aldaketa klimatikoaren gorabeherei beste perspektiba bat ematen diete. Esate baterako, emandako datuekin Pariseko Akordioan finkatutako karbono dioxidoaren murrizketa helburuek ez dirudite oso lorgarriak direnik.

Energiaren Nazioarteko Agentziak 2040. urterako aurreikuspena plazaratu du. Bere iritziz, energia beharrak, abiadura motelagoan bada ere, hazten jarraituko du hurrengo urteetan ere. Agentziaren kalkuluen arabera, hazkundearen heren bat Indiatik etorriko da. Igoera hori kontuan izanda ere, Indiaren kontsumoak munduko kontsumoaren %11 suposatuko du, nahiz eta munduko biztanlearen %18 bertan bizi. Hazkundearen beste heren bat gainerako Asiako estatuek eragingo dute. Azken herena Afrikako, Ekialde Hurbileko eta Hego Amerikako eskaera igoeren ondorio izango da. Mundu mailako bilakaerak erakusten du herrialde aberatsetan energia kontsumoa ez dela haziko, baina oraindik ez da murrizketa nabarmenik izango. Txostenak, adibidez, aipatzen du 2040. urtean 300 milioi auto elektriko ibiliko direla munduan; alabaina, petrolio eskaera ez da apenas jaitsiko, egungo eskaeraren %2 soilik. Aurreikuspen hori beste esparru batzuetako eskaera igoeran oinarritzen du, hala nola, kamioi bidezko garraioaren zein itsas eta aire garraioaren hazkundean eta produktu petrokimikoen eskaeran. Murrizketa eskas horrekin zaila izango da karbono dioxido isuriak gutxitzeko helburua betetzea.

Energiaren inguruan, Agentziak lau aldaketa nagusi azpimarratu ditu. Lehena da AEBak petrolio eta gas erauzketan munduko lider bihurtuko direla. Fracking tekniken erabilerari esker lortuko du lidergo hori. Eta egungo petrolioaren prezioek teknika horiek erabiltzea ahalbidetzen dute. Bigarren aldaketa nagusia energia berriztagarrien merkatzearekin lotuta dago. Agentziaren arabera, eguzki energiak Txinan eta Indian garapen handia izango du, elektrizitatea sortzeko sistema merkeenetarikoa izango delako. Europar Batasunean, aldiz, berriztagarrien artean haize energia nagusituko omen da.

Energia berriztagarriei esker, elektrizitatearen parte hartzea nabarmen haziko da energiaren arloan. Hori izango da hirugarren aldaketa nagusia. Eta laugarrena Txinan emango da. Hazkunde garbiaren aldeko apustu politikoak munduko energia merkatuetan eragiten jarraituko du. Hazkunde eredu horrek burdingintza eta ikatzarekiko mendekotasuna gutxiagotuko du, baita isuriak ere. Gainera, teknologia garbiak sustatzeko Txinako Gobernuak egiten duen indarrak soka luzea du: haizearen kalitatea nabarmen hobetzeaz gain, jada ibilgailu elektrikoetan lider bilakatu da Asiako erraldoia. Beste maila batean, Txina gas natural eskaeraren hazkundearen arduradun nagusia izango da: %25 bere kontu.

Laburbilduz, Energiaren Nazioarteko Agentziaren txostenaren arabera, energiaren erauzketan, eraldaketan eta kontsumoan aldaketa garrantzitsuak ematen ari dira mundu osoan zehar. Dena den, aldaketa horrek ez dirudi nahikoa aldaketa klimatikoan eragin nabarmenik izateko. Karbono dioxido isuriek, erritmo mantsoagoan bada ere, handitzen jarraituko dute. Batzuek karbono harrapaketa eta biltegiratze teknika eraginkorretan gehiago inbertitzea beharrezkoa izango dela iradoki dute. Nonbait teknika berriak asmatzea gure bizimodu xahutzailea aldatzea baino errazagoa da. •