Xabier Izaga Gonzalez
ZULOA, LIBURU DENDA ETA...

Hiru hamarkada bete ditu Zuloak Gasteizko kultur mugimenduko eragile berezi gisa

1987an, liburu denda bat zabaldu zuten Gasteizko Alde Zaharrean, gerora komikietan espezializatu eta hiriko mugimendu kulturalean erreferentzia izatera iritsiko zena. 30 urte joan dira eta hala jarraitzen du Zuloak, kultura gune eta kultura sortzaile, hamaika ekimenen aterpe eta hainbat kolektiborekin elkarlanean bere «ekarpen txikia» egiten.

Ez da azalera handiko saltokia, ez da arte galeria erraldoia, baina nekez aprobetxa liteke hobeto espazioa. Zuloa liburu dendaren espezializazioa komikia da, baina askoz gehiago da. Goiko solairuan, komikiez gainera, narratibaz gainera, argazkigintza, arkitektura, arte plastikoak eta beste gai asko topatuko ditu bisitariak. Beheko solairua, berriz, erakusketak egiteko gunea da, baita liburu zein diskoak aurkeztekoa, hitzaldiak egitekoa edo askotariko kolektiboak biltzekoa. Hainbat gertakari kulturalen aterpe da Zuloa, eta haietako asko bertan sortzen dira.

Azkenaldion Amaia Arrazola artista gasteiztarraren “Amaia Ws Here” erakusketa egon da ikusgai, eta egunotan Gustavo Almarcha pintorearenak ordezkatuko du. Egiazkoa dirudi, beraz, Zuloako jardun naroak.

Hasiera

Orain aspaldi ez dela, Juan Ibarrondo idazleak orriotan kontatu zuenez, 1987an, Euskal Herria astindu zuen kultur mugimendu alternatiboaren erdian, liburu denda bat zabaldu zuen Imanol Pradells eta Josu Ortubairekin batera, Gasteizko Pintore kalean, Zuloa izenekoa. Liburuak saltzen zituzten, jakina, baina aldi berean hitzaldiak, kontzertuak eta askoz jarduera gehiago antolatzen zituzten bertan. 1998an, «sukurtsal» bat zabaldu zuten Hedegile kalean, komikietan espezializatua, eta behealdeko aretotxoa arte gune gisa atondu zuten. Literatura eta komikiez gain, kamisetak, argazkiak eta oro har irudia lantzen zuten. Ibarrondok eta Pradellsek 2000. urtean liburu denda utzi eta Pintore kaleko lokala itxi zuten, baina Hedegile kalekoak zabalik jarraitu zuen Josu Ortubairen ardurapean.

Lehengoari eutsi eta bultzatu

2003an Gorka Basterretxeak hartu zuen liburu denda eta Txintxu San Martin hari laguntzen hasi zen. Ortubairen lagunak ziren biak, eta antzerki mundutik ezagunak. Luze gabe, Txintxu ere egin zen liburu dendako bazkide. «Taberna bat izan balitz, ez genukeen hartuko», dio Gorkak irribarrez. Ordurako Zuloa Gasteizko jarduera kulturalen arloan erreferentzia zen, eta biek ere hasieratik ezagutzen zuten liburu dendaren ibilbidea. Txintxurekin eta Gorkarekin hitz egin du GAUR8k, liburu dendak 30 urte bete dituen honetan.

Diotenez, aurrekoek hasitakoarekin jarraitzeko asmoa zuten, baita horri bultzada emateko ere. Hartara, espezializazioaren ideiari eutsi zioten, «ezin baita denetatik saldu». Komikia Zuloaren alma mater edo ugazama da, alderdi komertzialari dagokionez behintzat, baina gainontzean ere, liburu «bereziak» bilatzen dituzte: arte, argazkigintza, diseinu, arkitektura… arlokoak. Bestalde, komikia eta liburu mota horiek elkarren osagarri omen dira. Literaturari dagokionez ere, beren planteamenduak «eta espazioak berak» hautatzera eraman zituzten. Ezin dute argitaratzen den guztia eduki; beraz, zenbait argitaletxe hautatu dituzte, narratiba guztia biltzea baztertuta. «Hau ez da obra baten ehunka ale saltzen duen liburu denda handia». Gauza bereziak egiten dituzten argitaletxe jakin batzuk eta halako literatura mota lehenesten dituzte. Lan gehiago bada ere, hautatu egiten dute. «Mundu murritzagoa da, baina jende askorentzat interesgarriagoa».

Espazio txikia, espazio bizia

Edonola ere, liburutegia baino gehiago da Zuloa. Negozio partea ere badu, baina hasieratik ulertu zuten hori bakarrik ez zutela nahi, eta pozik daude, negozioaren parte hori ukatu gabe, kultura sorrarazten duen zerbait gogobetegarria dela iritzita. Hartarako espazio bat izatea oso garrantzitsua da, eta Zuloako sotoa hala da. Bertan egiten dituzte erakusketak, aurkezpenak, hainbat kolektiboren bilerak, hitzaldi sozial zein politikoak, prentsaurrekoak... Ez da oso handia, baina oso txukun eta ondo atonduta dago, eta oso ondo aprobetxatuta, zalantzarik gabe. Hori da alde ez-komertzialaren aldeko apustua. Beren «ekarpen txikia», eurek diotenez. «Espazio murritza da, baina bertan beti dago zer edo zer», normalean erakusketa bat izaten da, baina gero erakusketa horrek beste zerbaiterako bidea ematen du. Hori da gune horren espiritua, gauzak sortaraztea. Kontzerturen bat ere izan da, baina gutxi. Gogoan dute, esate baterako, Patxi Zubizarretak “50” eleberria aurkeztu zuenean, Mintxo Cemillan margolariarekin eta Joserra Senperena musikariarekin eta Antton Valverde kantariarekin bertan eskaini zuen ikuskizuna, edo Bingen Mendizabal sonoritate proba batzuk egitera joan zenekoa. «Oso polita izan zen».

Beste hainbat zereginen artean, Angulemako Komiki Azokarako bidaia ere antolatu izan dute Txintxuk eta Gorkak zenbait urtez. Haiek baino lehen, Gasteizko Udalak antolatzen zuen, baina bat-batean utzi egin zuen eta Zuloako lagunek hartu zuten lekukoa, Udalak berriro horren ardura hartu zuen arte.

Elkarlana

Zuloa Gasteizko mugimendu kulturalarekin etengabeko harremanetan dago. Horren harira, abenduaren 15etik 17ra bitartean Gasteizko Alde Zaharreko muinoan izango den Mazoka marrazki eta irudiaren azokaren hirugarren edizioa aipatu dute, gero eta jende gehiago erakartzen duen ekimena, Arabako Ilustrapalosek antolatua. Edo “TMEO” umorezko aldizkariaren aurkezpenak. Gertakari kultural orori leku egiten dio Zuloak. Mugimendu kultural independente, alternatibo edo gutxienez ez ofizial edo instituzional horretan liburu denda beteranoa da, eta erreferentzia. Beteranoa, 30 urte bete dituelako, eta denbora horretan bere jardunak erreferente bihurtu du, hainbat artista, musikari eta kultura munduko lagunek hara jo izan dutelako, ateak zabalik izango zituztela jakinda. Amarika artisten asanbladak garai batean bertan izan zuen «egoitza» eta denboraldi batez Zuloa espazioa kudeatu zuen.

Beste kultura kolektibo asko ere bildu izan dira Zuloan, batzuek jarraitzen dute eta beste batzuek beren lokala lortu dute, hala nola ZAS Kultur Espazioa, Hedegile kalean bertan dagoena. ZAS Euskal Herriko kultur testuinguruan eragina izateko helburuarekin jaio zen proiektu independentea da, eta genero-sentsibilizazioa lantzen du bereziki, horixe baitu «kultura bideragarria eta beharrezkoa sortzeko abiapuntu».

Esan bezala, horrek guztiak eta denborak erreferentzialtasuna eman diote Zuloari, sortu diren beste gune askoren erreferentzia bihurtu da, ezagutu dutelako, harremanetan sartu direlako eta bertatik ikasi dutelako. Ez dago horrenbeste denbora iraun duen horrelako gune askorik.

Elkarlanaren adibide, orain aspaldi ez dela Agustin Comotto marrazkilari argentinar anarkista izan zen Zuloan, komiki bat aurkezten. Comotto Bartzelonan bizi da eta Gasteizko Zapateneoan hitzaldi bat eman zuen Argentinako anarkismoari buruz. Txintxuk bazekien autore horrek anarkista errusiar baten gaineko komiki on bat egin zuela eta hala esan zien Zapateneoko lagunei. Haien bidez, komikiaren aurkezpena adostu zuten marrazkilari argentinarrarekin.

Kaleari lotua

Zuloa kaleari begira bizi da, eta kalearekiko lotura handia du. «Oso inportantea da kalea, bizia emateko, zirikatzeko, eragiteko», dio Gorkak. Ekimenak bultzatzen dituzte, musikaren inguruan edo azoka baten inguruan, dendekin, bizilagunekin… betiere bizikidetza osasungarriari eutsita eta auzoari ekarpena egiteko asmoz. Gainera, Alde Zaharrak bultzada bat behar duela diote, abandonatuta samar sumatzen baitute.

30 urte bete ditu Zuloak eta bazkide batek, Gorkak, uzteko garaia du, izan dituen zenbait proposamen aztertu ondoren, beste proiektu bat abiatzeko asmoa baitu, arte plastikoen munduarekin zerikusia duena, bere familiarekin batera. Nestor Basterretxea artista handiaren semea izanda, ez da harritzekoa bide hori jorratu nahi izatea. Edonola ere, liburu denda utzi duela esaten badu ere, ez da guztiz egia. Hilabete-edo lasai egon nahi zuela dio, baina liburu saltzaileen azoka bat datorkie gainera eta gehiegizko lasaitasuna kaltegarria dela iritzita, nonbait, Txintxurekin buru-belarri dabil azoka horri begira. Diotenez, Gasteizen egingo den lehena da; izan ere, liburu zahar eta antzinakoaren azoka badago, baina ez liburu denden azokarik, eta hori antolatzen dabiltza. Luzea izango da, 10 egunekoa, azaroaren 24tik abenduaren 3ra artekoa.

Segitzeko asmoa eta gogoa

Gorkak utzi egingo du, baina Zuloak aurrera segituko du, Txintxuk jarraitzeko asmoa baitu, eta gogoa. «Denborak esango du», dio, liburu denda batek gastu asko dituela eta horiek kontrolatu beharra dagoela, «baina jendeak etortzen jarraitzen duen bitartean... Eta oso bezero leialak ditugu, erregularki datozenak, edo beste zenbait lekutatik liburu denda ezagutzen dutenak eta guregana espresuki etortzen direnak». Berarekin, azkenaldion, Alaitz Portilla gaztea dago, bezeroei ohiko arreta adeitsua eskaintzen, eta, oraingoz, behin-behinean, Gorka ere bai.

Zer esan, beraz? Zorionak, Zuloa, urte askoan!