Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Mundua neurtzen

Liluratu egiten naute tren geltokietan altuera adierazten duten plaka zaharrek. Zehaztasun erakustaldiak dira, sateliteen aurreko garaikoak, teodolito eta arkatzekin eskuzko lana egiten zuten kartografo eta topografoen arokoak. Halaxe irudikatzen ditut, oso serio, oso zorrotz, oso hemeretzigarren mendeko, angeluak eta distantziak kalkulatzen, mundua neurtzeko misioan murgilduta.

Plaka horietan dezimal bat agertu ohi da: saltsa mehe-mehea egitea da hori, plaka pixkatxo bat gorago edo beherago iltzatuz gero dezimetroen zifra aldatu egingo litzatekeelako. Horregatik harritu nintzen Erronkarin hiru dezimal dituen plaka ikusi nuenean, zehaztasun erakustaldi hori gorentasunaren eta patologiaren artean dagoelako. Izan ere, zein da zehatz-mehatz itsasoaren altuerarekiko 695,232 metrotan dagoen puntua? Milimetroak adierazten dituen digitu berak (azkeneko “2”-ak) milimetro batzuk neurtzen ditu, eta ondorioz neurria desberdina izango da digitu horren oinarrian edo goiko aldean. Zein izango da beraz Erronkariko altuera ofizialaren milimetro zehatza? Non dago? Ortotipografia errespetatuz hor egon beharko ez lukeen “m.” laburduraren puntu horretan? Erronkariko ezkutuan ageri den mairuaren buruan? Alkateak ipurdia jartzen duen aulkiaren puntuan? Zifra horren oinarrizko erreferentzia argiago dago: «Altura sobre el nivel medio del mar en Alicante». Zero puntu horrekiko adierazten dira Erronkariko altuera, tren geltokietakoa eta Espainiako neurri ofizial guztietakoak. Baina zergatik Alacanten? Eta zein da “itsasoaren bataz besteko maila”?

Alacant zen Madrilek itsasora trenbidez zeukan irteerarik zuzenena. Hango funtzionario batek hiru urte eta erdi pasatu zituen, 1870eko uztailetik 1874ko otsaila arte, egunean lau aldiz itsasoaren maila neurtzen (09:00etan, 12:00etan, 15:00etan eta 18:00etan). Milaka datu horien batez bestekoa atera eta horixe hartu zuten Espainiako zerotzat. Ondoren, Alacanteko udaletxearen sarreran “NP-1” izeneko plaka ezarri zuten (“Nivel de Precisión 1”), zeroarekiko 3,407 metroko altueran dagoena. Eta abiapuntu hori hartuta, trenbideak jarraituz eta geltokietan erreferentziak ezarriz, Espainia kosta batetik besteraino neurtzen hasi ziren topografoak.

Alacanteko lehenengo plaka horren hiru dezimalak oso garrantzitsuak dira, jatorrizko erreferentzian akats txiki bat egongo balitz, ondorengo neurketetan desbideratzea eta okerra gero eta handiagoa liratekeelako. Zenbat denbora beharko zuten topografoek, puntu batetik bestera triangelaketak eginez, Erronkariraino iristeko? Bidaia eder bat dago hor.

Kontua gehiago korapilatu nahi duenak, jakin beza itsaso batzuk beste batzuk baino altuagoak direla (Lurraren forma irregularrarengatik eta grabitatearen indar desberdintasunengatik). Espainian ere Santanderreko itsasoarekiko neurriak hartu izan zituzten, eta Alacanteko itsasoarekiko alde nabarmena dago. Alde hori zenbatekoa den jakin nahi duenak, bilatu ditzala bi erreferentziak Iruñeko udaletxearen fatxadan. •

www.anderiza.com