Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Amets orduak euskaraz

Behin, euskara, hezkuntza, aisia eta familia hari finez josten dituen Iñaki Eizmendiri entzun nion D ereduan ari den ikasle batek urte osoko esna orduen %15 egiten dituela euskararekin harremanean. Kontuan izanik, gaur-gaurkoz, D eredua dela indarrean dugun Hezkuntza Sistemak eskaintzen duen eredurik euskaldunena, esan dezakegu euskararekiko egoera hoberenean ditugun ikasleek esna dauden 100 orduko 15 ordutan soilik izango dutela harremana euskararekin. Gainerakoak, egoera okerragoan leudeke: zenbatekoa izango ote da euskararen presentzia haien esna orduetan?

Askotan esan dugu euskararen gaian eskolak bakarrik ezin duela. Asko da egin duena, izan euskararen ezagutzan edota gaitasun linguistikoan, izan erabilera sustatzean; baina, antza, eskolaren ekina gaina jotzen ari da. Hortaz, asko egin dezake, bai, baina, berak bakarrik ezin du.

Heziguneko ateetatik barrura, eta Iñaki Eizmendik aipatutako ideiari jarraiki, hezitzaileok onartu egin behar ditugu eskolak euskararen gaian dituen mugak. Are gehiago, euskararen erabilerari dagokionez. Izan ere, gure eskuetatik kanpo geratzen zaizkigu haur eta gazteen bizitza osatzen duten hainbeste eta hainbeste eremu –esna ordu–, neska-mutilentzat erakargarrienak, askotan. Hortik dator, Donostiako eskola bateko hezitzaileek euskara eskola hizkuntza bihurtzeko ikusi duten arriskua, garai batean latina bihurtu zen bezala.

Euskararen Egunek balio bezate, sikiera, animoak hartu eta etsipenean ez erortzeko. Mugak handiak izan arren, haiek onartu eta aurrera egin behar dugu, gure erantzukizuna zer-nolakoa eta zenbatekoa den ongi aztertuz eta definituz. Beraz, euskararen gainean taxutzen ditugun plangintzak findu beharko ditugu, gure mugak ahalbidetzen dituzten neurrian eta zabaltzen zaizkigun aukerak baliatuz. Hezitzaileon eta eskola komunitateko partaideon erantzukizuna da, bestalde, gure inguruan ari diren eragileekin elkarlanerako zubiak eraikitzea eta indartzea. Guztion ahalegina, denen indarren eta aukeren batura, izango baita emaitzarik onena eta eraginkorrena lortuko duena. Oraingoz, kasurik onenean, gure ikasleen 100 esna orduetatik 15etan kabitzen denean eragin dezakegu. Plangintza eta elkarlana gure erantzukizuna dira, ez dezagun ahaztu.

Euskararen presentzia hain txikia izanik, nola bermatu, ordea, euskaraz aritu nahi duenaren eskubidea?

Hezkuntza arloan erantzuna bilatzen hasita, aspalditik dakigu etxetik euskara gutxi dakarrenari euskara gehiago eskaini behar zaiola. Alde horretatik begiratuta, zaharkituta geratu dira A, B eta D hizkuntza ereduak.

Elkarrekin eraiki behar dugu hiztun guztioi, bakoitza bere hizkuntza eskubideekin, kontuan hartuko gaituen etorkizuna. Eta zerk bermatu ahal izango luke benetan errealitate hori gauzatzea euskal hiztunak eta erdal hiztunak baztertuak sentitu gabe? Zalantzarik gabe, eta hezkuntzatik ekarri dezakegunetik, eskolak euskara ez dutenei Murgiltze Eredua eta euskara dutenei Mantentze Eredua eskaintzea. Hori litzateke, gure amets orduetan euskararen prozesuan, deitu berreskurapen, biziberritze, indarberritze edo dena delako, begitandu dugun hurrengo geltokia. •