Oihane Larretxea de la Granja

DONOSTIA, 1702: DIBORTZIO BAT ETA HAMAIKA EMOZIO HISTORIA BIHURTUTA

Manuela de Burgoak eskandalua etxetik kalera atera zuen 1702. urtean, Martin de Elgorriaga abandonatu eta Donostiatik hanka egitean. Hortik abiatuta, historia emozioen bidez aztertu eta kontatu du Iker Echeberria Ayllon ikerlariak «La plata embustera» liburuan.

Manuela de Burgoa eta Martin de Elgorriagaren arteko ezkon bizitzak bi hilabete baino ez zituen iraun. Aste batzuk baino ez. Zoriontasunik ez zuten konpartitu, pasiorik ezta ere. Elkarbizitza hura sufrikario iturri izan zen, hortaz dudarik ez dago garaiko dokumentuak eta elkarri idatzi zizkioten eskutitzei erreparatuz gero. Elkarren arteko dibortzio auzia hainbat eta hainbat urtez luzatu zen, noiz eta gizon eta emakume baten arteko ezkontza bat etetea pentsaezina zen garaian: 1702. urteaz ari gara. Garai hartako Donostia bestelakoa zen, jakina, baina hainbat rolek eta jokaerek arrastoa utzi zuten eta zenbait keinu ez daude egun entzun eta egiten direnetatik hain aldenduta…

Iker Echeberria Ayllon (Donostia, 1987) Historian lizentziatua da, eta, behin masterra amaituta, doktoretzaren bidea hartua du. Zehazki, emakumeen historiari buruz Aro Modernoan. Horretan ari zela deskubritu zuen Euskadiko Artxibo Historikoan duela hiru mende gertatutakoa. Dokumentazio mordoa arakatu, aztertu, txukundu, eta bi urteko lanaren ostean argitaratu du Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik “La plata embustera. Emociones y divorcio en la Gipúzcoa del siglo XVIII” liburua. Bibliografia harrigarria du: 250 liburu eta erreferentzia inguru agertzen dira, dena xehetasun handiz emana. Egileak GAUR8rekin egindako elkarrizketan aitortu duenez, «milaka eta milaka» orri irakurri behar izan ditu, tartean duela 300 urte idatzitako testuak, altxorrak finean. 1813an hirian jazo zen sutea tarteko, baina, Donostiako artxiboa «oso pobrea da», gauza asko betiko galdu ziren. Hori horrela, liburua egiteko ezinbestekoak izan diren dokumentuak ikertu ahal izateko, Irulegi-Larreta familia artxibo pribatuan ere murgildu da. Bertako ondarearen kopia bat gordeta dago Euskadiko Artxibo Historikoan.

Martin de Elgorriagak Usurbil zuen jaioterria. XVII. mendearen bigarren zatian, Ameriketara joan zen, beste asko bezala, etorkizun hobe baten bila, dirua egin eta etxera itzultzeko. «Asko joan ziren, baina gutxik lortu zuten arrakasta», dio Echeberriak. Elgorriagak lortu zuen, zilarrarekin egin zituen negozioak tarteko, batzuk besteak baino ilunagoak. Sei urte ondoren helburua beteta bueltatu zen jaioterrira, eta Zubietan Berridi baserria erosi zuen. Prestigioa eta ondarea pilatuta, klase altuko pertsona zen. Monarkiarekin harremanak zituen eta Gipuzkoako ahaldun nagusia izatera ere heldu zen. Bistakoa da: Martin de Elgorriaga kapitaina bazen nor.

Beste aldean Manuela de Burgoa, Donostiako familia onenetako baten parte. Bere aita, Sebastian de Burgoa, birritan alkate izandakoa (1663an eta 1692an). Bi ahizpa zituen, eta bera zen ezkongabe zegoen bakarra.

Martin eta Manuelaren arteko ezkontza aste gutxiren buruan adostu eta prestatu zen. Eguna heldu bitartean, maitasun eskutitz bakan batzuk eta Elgorriagak Burgoari egindako opariak: bitxiak, arropa garestia eta beste gutizia batzuk. Zoriontasunik ez zen, baina, heldu etxe hartara: bi hilabeteren buruan, Manuela de Burgoak, arau guztien aurka, emakume batengandik garai hartan espero zen guztiaren kontra, etxea eta senarra abandonatu eta bakardadearen bidea hartu zuen. Ez zion borroka egiteari utzi, ez zen inoiz errenditu. Martin de Elgorriagak, berriz, hamaika saiakera egin zituen epaitegietan eta beste instantzia batzuetan emaztea zuena etxera itzul zedin; ohorea berreskuratu behar zuen.

Jenioa, umore txarra, keinu itsusiak, elkarbizitza jasangaitza… Martin gizon ilun eta bortitza zela argudiatzen zuen Manuelak. Ezin zuela hori gehiago jasan. Zergatik zen horrelakoa Martin? Dena alde zuen gizona zen, baina mamuak zituen: beldurrak eta krisiak. Zerbaitek kezkatzen zuen. Echeberriak bukaeran ezagutarazten dio irakurleari misterioa, eta guk hemen ez dugu ezer kontatuko, baina lasaitu moduko bat har daiteke arrazoi bat badagoela jakitean. Puzzlearen azken pieza topatuko duela sentituko du orduan…

Izaki emozionalak

Bi «maitaleen» banaketa aitzakia baino ez da izan Echeberriarentzat emozioen eta sentimenduen historia ikertzeko. «Kasu hau abiapuntu gisa erabili nahi izan dut hortik aurrera testuinguru historikoa azaltzeko. Gizonen eta emakumeen arteko harremanak oso garrantzitsuak dira liburuan, sentimenduen historian sartzen naiz, baita testuinguru politikoan ere… Garai hartako Donostia eta bere jendartea nolakoa zen ere ikus daiteke», kontatu du.

Liburua amaituta, ondorio nagusia atera du Echeberriak. «Izaki emozionalak gara. Gure bizitzan hartzen ditugun hainbeste erabaki normalean bihotzak bultzatuta hartzen ditugu; sentimenduak hor daude». 1702ko Donostian ere hala zen, Manuelak behintzat hala jokatu zuen. Hain zuzen, sentimenduak historian sakontzeko aztergai izateak joera bat puskatzen du. Echeberriak azaldu duenez, «historia aztertzean beti oso estrukturalak izan gara, oso arrazionalak, eta honek apurtu egiten du hori sentimenduei lekua aitortzean». Ikerlari donostiarrak erantsi duenez, sentimenduen historia oso-oso berria da Euskal Herrian, non ez den horrelako lanik egin. Ingalaterran, Estatu frantsesean, Estatu espainiarrean edota Italian, ordea, bai.

“La plata embustera” lanak erakusten duenez, Manuela eta Martinen arteko istorioan sentimenduek paper garrantzitsua izan zuten, are gehiago, beren bizitzen norabidea aldatu zuten. «Gakoa» hor dagoela iritzi du Echeberriak. «Beren erabakiak erabat emozionalak izan ziren». Sentimenduek paper garrantzitsua duten neurri berean izan zuen pisua garaiko jendarteak. Hiritarren arteko txutxu-mutxuek, kritikek, iritziek… «Komunitate txikia zen Donostia, eta bestearen begiradak pisu handia zuen, zer esanik ez emakumeen kasuan: zer jarrera zuten, beraiengandik zer espero zen eta zer ez… Hala ere, esango nuke beren garaiko seme-alabak zirela. Egun ere gertatzen da. Komunitate itxiek normalean den-dena salatzen dute eta zurrumurruak oso garrantzitsuak dira jendea bere lekuan jartzeko. Jendea eskema horietatik ez dadin atera. Ezarritako eskemetatik ateraz gero, seinalatu egingo zaituzte; zurrumurruek hori bideratzeko balio dute. Kasu honetan, ordea, entzungor egin eta Manuelak dena utzi zuen».

Hanka egin, senarra eta etxea atzean utzita. Ez zen halakorik espero. Gizarte erabat patriarkala zela gogoratu du ikertzaileak. Hori bai, aintzat hartu behar da ere dibortzio auzia Iruñean zegoen epaimahai berezira eramateko dirua ere behar zela. Gainontzeko etxeetan beste modu batean konpontzen ziren halako arazoak, ohikoa zelako ezkongaien artean gorabeherak egotea, baina beti etxe barruan; epaitegira jotzeak auzia publiko egitea suposatzen zuen, alegia, trapu zikinak kaleratzea, «eta hori eskandalu izugarria zen», dio Echeberriak.

XVIII. mendean zehar familia eredua eta diskurtsoak «pixka bat» aldatu ziren, baita maitasunaren eraikuntza bera ere. Halako kasuek bultzada moduko bat ekarri zuten, «pitzadurak» sortu zituzten, txikiak izan baziren ere. «Dibortzioaren auziarekin hori gertatzen da. Garaiko gizarteak ez du horrelakorik espero, ez dago prestatua horrelako kasuak kudeatzeko, auzioi gizarte gisa aurre egiteko. Emakumeen historiarentzat oso une aberatsa da».

«Bost axola gizartea eta guztia… eta hortik aurrera hor konpon». Halako zerbait pasa zen akaso Manuelaren burutik. Bera bezalako emakumeak gizarteak baztertu egiten zituen. Echeberriak hala ondorioztatu du beste ikerketa batzuk egiteko eskuartean izan dituen hamaika dokumentuak aztertuta. «Patroia errepikatu egiten da».

Epaiketetarako Manuela de Burgoak bildu zituen babesak denborarekin banan-banan erortzen joan ziren, epaimahaiak bere eskaerak ez zituen aintzat hartu eta abokatuak borroka horretan ez jarraitzeko aholkatu zion lehen zigorra jaso ondoren. «Berak, ordea, miseriaren bidea hartu zuen, baina bere bidea. Eta kontuan hartu behar da hori», uste du Echeberriak.

Garaiko gizonaren patroiarekin bat egiten du, bestalde, Martin de Elgorriagak. Ahultasunak ere bazituen. «Historia psikologikoa da», egilearen hitzetan. Pertsonan sartzea lortu duela dio, pozik, «oso zaila» delako hori lortzea; horretarako oso iturri bereziak behar dira, eta ez da batere erraza, dioenez. «Kontraesanak eta garaiko gizartearen desorekak ere agerian gelditzen dira; bere pertsona ikusita ohartzen zara. Hau ez da on eta gaiztoen istorio bat; ez gaude ez epaitzeko ez kritikatzeko».

Ohea konpartitu zuten, eta, hala ere, ez ziren gai izan elkarri bihotza irekitzeko, beren mamuak eta beldurrak elkarri biluzteko. «Martinek ez zuen gertatzen zitzaiona konpartitu, bere sekretua zen. Garaiko balioak ere kontuan izan behar dira Martinen jokabidea ulertzeko: ohorea, zer esango duten… Nik ere lasaitua hartu nuen dokumentuak irakurtzen ari nintzela jakin nuenean zer zuen». Bere ustez, porrot egitera kondenatuta zegon ezkontza. «Gizonak bazekien nor zen Manuelaren aita eta bere erabaki batek zein eragin izan zuen Martinen beraren bizitzan; badirudi mendeku gisa ezkondu zela», dio.

Lerrootan ez dugu jakitera emango bananduta egon ziren urteetan bakoitzak zer egin zuen, zoriontsu izateko aukerarik izan ote zuten, patuaren aurka borrokatu ote ziren. Bai, ordea, 1730an zendu zela Manuela de Burgoa, bere senarraren gaizkiaren jatorria ezagutu gabe…