2017/12/02

Epaitegietako indarkeria

Epaitegi kontuetan frogaren zama osoa biktimari dagokionean (torturatuak edota emakume bortxatuak, esaterako) maiz nahastu egiten da nor ari diren epaitzen, akusatua ala biktima

Bost gizonek 18 urteko neska bat bortxatu izanagatik Iruñean egiten ari diren epaiketa bolo-bolo dabil komunikabide guztietan azken asteotan. Horren harira, arreta eman dit kontu batek: sexu-indarkeriari eta parekoei dagokienez, badaude horien kontura bizi diren, horrelakoekin aberasten diren, bufeteak. Benetako marrazoak dira abokatu horiek eta errugabetasun-presuntzioa suntsitzen duten frogetatik harago doaz: biktima kriminalizatzen dute, eta, sarri, ez dago jakiterik nor den epaitua (akusatua ala biktima bera) eta zein den portaera okerra (akusatuarena ala biktimarena berarena). Ez da atzo goizeko kontua.

Iruñeko kasuari erreparatuta, bestalde, aipatu beharra dago sare sozialek izan duten (eta izaten ari diren) rola. Sare sozialek eguneroko jardunari buruz informatzeko eta salatzeko izan duten garrantziari buruz ari naiz; esan daiteke gizartearen kexa eta aldarri sendoa irudikatzen duela sare sozialen jarduera horrek, ikusi nahi duenarentzat. Froga iraingarriak prozeduratik kanpo gelditzeraino heldu dira, benetan oso ezohikoa epaile ahalguztidunei buruz ari garenean.

Epaitegietan arituak garenok ondo baino hobeto dakigu frogaren zama osoa biktimari dagokionean (torturatuak, emakume bortxatuak, esaterako) maiz nahastu egiten dela nor ari diren epaitzen, akusatua ala biktima. Hain da petrala eta aldrebestua indarreko sistema. Prozedurarekin zerikusirik ez duten frogak onartzen dituzte organo judizialek eta biktimaren bizitza pertsonalari edota sineskerei lotutako argudioak darabiltzate akusatuen defendatzaileek. Horrelako prozedura bat bizi izan duenak ondotxo daki zeri buruz ari naizen.

Irudika dezagun bost akusatuak absolbitu egiten dituztela (zeina, bide batez esanda, ez bailitzateke harritzekoa. Begiratu estatistikak). Kasua hori bada, biktimarenak egin du. Salduta dago. Ez dezala espero goragoko auzitegi batek bere kasuari helduko dionik.

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak sarri askotan gogorarazi dio Espainiako Erresumari ez duela Ituna betetzen, sistemak ez duelako bermatzen kasua goragoko organo batek berrikusiko duenik. Badago, bai, Auzitegi Gorenean kasazio-errekurtsoa jartzeko aukera, baina epaiketa ez da errepikatuko: kasuaren holako edo halako «balorazio formala» egitera mugatuko dira. Prozedura jarraitu du beheragoko auzitegiak? Ba, listo.

Gutxienekoak bete ez dituzten kasu bakanetan, ageri-ageriko horietan baino ez da egon aukera gora jotzeko (tortura-salaketen kasuetan, adibidez, itxurak gordetzeko lana ere ez zuten hartzen orain denbora bat). «Gora jotzea» diogunean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiari buruz ari gara, ez Espainiako auzitegiei buruz, hauek oso baldintza zehatzak betetzen dituzten kasu jakinetan baino ez dira sartuko.

Lehen botatako hipotesiaren kasuan, esaterako, inork ez luke epaia ezbaian jarriko (prozeduran akusazioaren frogak behar bezala baloratuak ez badira ere; eta defentsaren frogak sui generis balioetsi badituzte ere). A zer panorama!

Bien bitartean, galbidera garamatzan espainiar sistema judizial horretan preso jarraitzen dugu emakumeok. Iragan ilunetik datozen arau, molde eta organoei eutsi dien sistema horrek gauzka harrapatuta. Estatuaren baloreen isla da haren sistema judiziala. Gure herriak aspaldi erabaki zuen Espainiarekin ez dagoela zereginik. •