2017/12/02

Erreportajea
ESTATU ISLAMIKOA
Ingalaterraren tamainako kalifa herria eratzea nola lortu zuten jihadistek?

Milaka batzuk baino ez ziren Al-Qaedak Iraken zituen jihadistak. Eta ez zeuden unerik onenean. Baina Siriako gerraren lokartzea eta Irakeko suniten egonezina lagun, Baath alderdiko kide ohiena tartean, jakinduria eta baliabideak lortu zituzten Estatu Islamikoaren izenean Ekialde Hurbila kolokan jarriko zuen Estatua eratzeko.

Dabid LAZKANOITURBURU
1201_mun_irak2

Abu Bakr al-Bagdhdadik 2014ko ekainean aldarrikatu zuen Estatu Islamikoaren kalifa herria bere lurralde guztia galtzear den honetan, Ekialde Hurbileko muga historikoak kolokan jarri zituen Estatu Islamikoaren sorrerak eragindako harridurari eta, ondorioz, galderei heltzeko unea da. Nola demontre lortu zuten ehunka batzuk besterik ez ziren jihadistek –asko jota milaka batzuk– Irakeko bigarren hiri handiena den Mosul bereganatzea? Eta ostean mendean hartu zituzten gainerako hiri eta herriak? Zergatik ez zuten aurkitu inolako oztoporik, ezta herritarren oposiziorik ere? Nondik nora eskuratu zituzten nolabaiteko Estatu bat eratu ahal izateko eskumena eta gaitasuna? Galdera ugari daude mahai gainean.

Argi dago 2014an Siriako gerran aurrez aurre ziren ia aktore guztiek, oro har Ekialde Hurbileko egoera gatazkatsuan zeresana duten guztiek, euren interes partikularrak zituztela Estatu Islamikoa bezalako talde bati egiten uzteko. Eta guztiek diodanean, Damaskotik bertatik hasi eta Turkia eta Saudi Arabiaraino noa, AEBak ahaztu gabe.

Siriako Gobernuarentzat interesgarria zen gerra galtzeko zorian zegoen garaian jihadistak bihurtzea matxinada militarraren aitzindari. Siriako Armadak bizirauteko nahiko lan zuela kontuan hartuta, atzerapauso taktiko interesgarria zen. Behin mahai gainean “erreboltari=jihadista” ekuazioa jarrita, denboraren eta bere aliatuen ezinbesteko laguntzarekin, iritsiko zitzaion Gobernuari Estatu Islamikoaren aurka gogor jotzeko unea, azken asteotan Deir ez-Zor hirian ondo baino hobeto erakutsi duten moduan.

Matxinatu siriarren kalkulua ere taktikoa izan zen, baina kasu honetan guztiz okerra. Al-Assad boteretik kentzeko denak balio zuela iritzita, jihadisten laguntza onartu zuten, epe motzera beraien kalterako izango zela aurreikusteko modukoa bazen ere. Estatu Islamikoak eta Al-Qaedak –erabat ahaztuta badugu ere, bizirik eta indartsu jarraitzen du Siriako Al-Qaedaren adarra den Al-Nusra Fronteak– matxinadaren buruzagitza militarra eta ekimena bereganatu zituzten. Siriako Armada Askea koalizio militarra urtu egin zen eta bere agindupeko dozenaka khatib edo brigadak ez zuten zalantzarik egin: jihadisten artetik jasotako “eskaintzen” artean hautua egin eta batean edo bestean integratu ziren. Estatu Islamikoak “iraultzaren” gotorleku izandako Raqqa hiritik erreboltariak bidali eta bere kalifa herriaren hiriburu gisa izendatu zuenean, bereak egin zuen matxinadak siriarrentzat.

Turkiak, Saudi Arabiak eta oro har matxinada bultzatzen eta bide batez baldintzatzen zuten eskualdeko erregimenek ere, matxinatu siriarren kalkulu bera egin zuten: Damaskoren aurka zegoen orori eman behar zitzaion laguntza. Gainera, Ankararen, eta batez ere Riaden kasuan, jihadismoaren eta islamaren interpretazio itsuenen arteko muga labainkor eta estuak kolaborazio taktikoaren hautua indartu zuen. Etorkizunean Estatu Islamikoa bere “aita pontekoen” aurka altxatuko zen arriskua ez zuten kontuan hartu, “gero gerokoak” lelo hartuta.

Aire erasoak non?

Gauza berdina esan daiteke AEBen jarrerari buruz ere. Pentagonoak Estatu Islamikoari egiten utzi zion, Irakeko basamortuetan konboi militar jihadistei hara eta hona mugitzen lagaz airetik bonbardatu gabe. Horrela, izan ere, Sirian bazterraz nahasteaz gain, Bagdadeko Gobernuari, Irango sukurtsalari hain zuzen, arazoak sortzen zitzaizkion.

Argi dago, horrenbestez, Siriako gerra aukera ezin hobea zela Estatu Islamikoa indartu eta kalifa herria eratzeko. Baina hori ez da nahikoa jihadismoaren fenomeno berri eta historiko honen bilakaera ulertzeko. Taldearen jatorria Iraken dago. Izan ere, Irakeko Estatu Islamikoak Irakeko eta Siriako Estatu Islamikoa izena hartu zuen 2013an, ondoko herrialdea gerraren bigarren urtean sartuta zegoenean.

Estatu Islamikoaren jaiotzak AEBen 2003ko Irakeko inbasioan du data. Okupazioa hasi eta berehala erresistentzia armatuak hiru bide hartu zituen. Lehena, Saddam Husseinen erregimenaren nostalgiko eta Baath alderdiko kideena. Bigarrena, islamista abertzaleena. Bai batak bai besteak, AEBetako Armada eta kolaboratzaileak zituzten jomugan. Hirugarren hanka, berriz, nazioarteko jihadistena zen. Abu Mussab al-Zarqawi jordaniarraren agindupean, Al-Qaedaren Irakeko adarrak herrialdeko gehiengo xiita zuen etsai nagusi, bai behintzat bere biktimei erreparatzen badiegu.

Urte haietan, hiru taldeak noizbehinka elkarlanean aritu ziren, “nire etsaiaren etsaia nire laguna da” arestian aipatu logika jarraituz. Hala ere, ordurako, jihadistek osatzen zuten jada talderik indartsuena. Gainera, Irakek 2006an eta 2007an pairatu zuen gerra zibil sektarioak, batik bat Al-Qaedak neurririk gabeko atentatuekin bultzatu zuena, jada ahulduta zeuden Baath alderdiko kideen eta islamista abertzaleen gerrillentzat azken kolpea suposatu zuen. Xiitek Irakeko suniten aurka jo zuten mendeku bila, eta bi milioi inguruk ihes egin behar izan zuten Bagdadetik iparraldera edo erbestera. Baath alderdiko milaka kide erail eta desagerrarazi zituzten xiiten heriotzaren eskuadroiek.

Gerra zibilak etsaien arteko talka areagotu bai, baina sinplifikatu ere egin zuen. Al-Qaedak ez zuen, ordea, egoera baliatu. 2006ko ekainean AEBen eraso batean hildako Zarqawik ez zuen ezagutu taldearen krisia, baina ordurako gogaituta zeuden sunitak atentatu bortitzekin eta tentsioa areagotzeko estrategiarekin. Jihadistak, gainera, tribuen arteko orekan oinarritutako egitura soziala kolokan jartzen ausartu ziren. Egonezin horretaz baliatuz, Pentagonoak dirua eta armak eskaini zizkien tribu sunitei, eta tribuok Al-Qaedaren aurkako Shawa (Esnatzea) mugimendu armatua eratu zuten. Jihadistek tribu buruzagien aurkako atentatuekin erantzun zuten, herritarren haserrea areagotuz. Atzera egiteko ordua zen. Erabat ahulduta, eta lidergo argirik gabe, Al-Qaedak “irakiartze” prozesu bati heldu zion, garai hobeak noiz iritsiko zain. 2010eko maiatzean Estatu Islamikoa sortu eta Abu Bakr al Baghdadi izendatu zuen buru. Lau urteko epean, taldeak Ekialde Hurbila hankaz gora jarriko du Irak-Siriatik hasi eta islamaren lurralde osora (Umma) hedatzea xede duen Estatua iragarriz.

Urte luzetako planifikazioa

Ahulduta bai, baina Iraken gotortutako jihadistak ez ziren ezer egin gabe geratu. Gazteak erakartzen saiatzeaz gain, lan handia egin zuten Segurtasun Indarren agintaritza ahuldu eta herritar suniten Bagdadeko Gobernu xiitarekiko mesfidantza areagotzeko. Ohi dez, lan horretan Gobernua bera izan zuten “lagun”.

Obamaren aginduz AEBak Iraketik irteten hastearekin bat, &dcThree;suniten egoerak okerrera egin zuen. Bagdadek Sawako miliziak Armadan sartuko zituela agindu bazuen ere, soldatarik gabe utzi eta tribuak babesik gabe geratu ziren. Egoera horretan eman zen Mosulen eta sunitak gehiengoa diren beste hiri eta herrietan Irakeko Udaberri Arabiarra, Egipton, Tunisian eta beste hainbat herrialdetan gertatzen ari zenarekin alderatuta guztiz ahaztuta geratu arren. Matxinada herrikoi horrek, eta batez ere Bagdaden erantzun bortitzak sortuko haserreak, aukera paregabea eskaini zien jihadistei estatuaren hutsunea nagusi zen lekuotan.

Hutsunea betetzeko, Baath

Estatuaren hutsuneari haserrearekin erantzutea gauza bat da, baina beste kontu bat da hutsune hori Estatu zantzua duten egiturekin betetzea. Eta hor koka daiteke Baath alderdiaren parte hartzearen inguruko hipotesia. 2014an, Saddam Husseinen eskuin esku izandako Ibrahim al-Douriren Naskbandi Ordenaren Armada gerrillak Estatu Islamikoa inposatzeko jihadistekin bat egin zuen zurrumurrua zabaldu zen.

“Der Spiegel” astekarian 2015ean Christoph Reuter kazetariak argitaratu zuen erreportaje batean ere, Baath alderdiaren eta Estatu Islamikoaren arteko ustezko elkarlana salatzen da. Bertan ustez Saddam Husseinen garaiko koronela eta zerbitzu sekretuetako arduraduna izandako Haji Bakr aipatzen da. Zehazki, Al-Bagdadi kalifaren gertu-gertukotzat jotzen da Haji Bakr, eta Estatu Islamikoaren benetako buru gisa aurkezten da. Haji Bakr (Samir Abd Muhammad al-Jilafwi benetako izenez) kalifa herria sortu baino hilabete batzuk lehenago hil zen, Tal Rifaat herrian matxinatu siriarrekin izandako liskar batean, baina Estatu Islamikoa eratzeko dosier luze eta oso bat utzi omen zuen, astekari alemaniarraren arabera.

Hipotesiok fidagarriak diren edo ez ebaztea auzi garrantzitsua da. Bada, Amaury Gillierrek ekainean “Orient Express” aldizkari digitalean argitara eman zuen analisian ohartarazten zuenez (“Les baasistes jouent-ils vraiment un rôle central au sein de l´organisation de l´Etat Islamique?”), Haji Bakr buruzagiaren gaineko informazioak eskaini zituzten iturriak matxinatu siriarren edota Al-Qaedaren ingurukoak ziren. Iturriok Estatu Islamikoaren aurkako lehian «lekuko interesatuak» izateaz gain, Al-Qaedari Estatu Islamikoaren jatorri islamiarra ukatzea eta Baathen «sozialismo arabiarrarekin» kutsatzea komeni zitzaiola gogoratzen du.

Christoph Reuterren erreportajean akats ugari daudela salatzen badu ere, Amaury Gillierrek onartzen du Saddam Husseinen Armadako kide ohi askok Estatu Islamikoarekin bat egin zutela, baina batez ere «bizirauteko eta beren lurraldean bizitzen jarraitzeko». Kontutan hartu behar da, gainera, irakiar gehien-gehienak egon zirela erregimen zaharreko Armadan, bai soldadu bezala, bai soldaduskan bai erreserban. Horrek ez du esan nahi, ordea, guztiak «Baath alderdiko kide sutsuak» zirenik. Aitzitik, eta Gillierrek irailean beste artikulu batean («Irak. De Saddam Hussein a l´organisation de l´Etat Islamique, ruptures et continuité») gogora ekartzen duen moduan, Irakeko Armada izan zen Saddam Husseinen Baath alderdiak makurraraztea lortu ez zuen erakunde bakarrenetarikoa. Zibilekiko armaden ohiko mesfidantza ahaztu gabe, Iranen aurkako gerrako eta Kuwaiteko inbasioko porroten ondorioz, militarrak asko aldendu ziren erregimenetik. Iraken aurkako blokeoak &dcThree;soldaduen eguneroko bizitza zaildu eta morala suntsitu zuen. Horrela ulertzen da AEBen inbasioari aurre egiteko Irakeko Armadak agertutako grina eskasa.

Koadroak eta oportunismoa

Armadaz aparte, ordea, jakina da Baath alderdiko dozenaka koadro edota Saddam Husseinen jarraitzaile sutsu ugari Estatu Islamikoan sartu zirela, zuzendaritza postu garrantzitsuak lortuz asko, tartean zerbitzu sekretuetako kide ohiak. “Haaretz” egunkari israeldarrak 150 inguru zenbatu zituen.

Iturriekin kontuz ibili beharra dagoela ahaztu gabe, Gillierrek berak onartu egiten du neurri batean fenomeno hori eman zela. Baina ez du inolaz ere uste Baath alderdiko kideen kasuan elkarlanak hautu oportunista bati erantzun zionik. Bere iritziz, 2006ko eta 2007ko gerra sektarioak Baath alderdiak aldarrikatutako panarabismoaren berezko heriotza ekarri zuen, erlijioak eta sakabanaketa komunitario eta sektarioak gainditzea helburu zuen ideologiarena. Hurrengo urteetan Estatu Islamikoarekin bat egin zuten koadroek, beraz, Baath alderdia guztiz ahaztuta zuten Gillierren ustez.

Horrela bada, Al-Qaedako adar gisa sortutako taldeak, bere ahuldadea gainditzeko, “irakiartze” prozesu bati ekin zion, eta, prozesu horretan, erakartze lan handia egin zuen noraez politiko eta existentzial betean ziren suniten artean, tartean bizirik geratzen ziren Husseinen alderdiko koadro ohiak. Horien jakituria eta esperientziarekin, Siriako gerra aukera paregabea bilakatu zen Estatu Islamikoarentzat benetako saltoa emateko. Estatua eratzeko plan horretan, erregimen zaharrak botereari eusteko zituen estrategiak bere egin zituen kalifa herriak.

Adibidez, 2006ko eta 2007ko hanka-sartzeak gogoan, jihadistek tribuen arteko harremanak, tribuen pisua errespetatzeko hautua egin zuten, batez ere Anbar eskualdean. Saddam Husseinek egiten zuen moduan, tribu agintariei karguak eskaini zizkieten jihadistek beraien leialtasuna ziurtatzeko. Estrategia hori, tribu agintarien fideltasuna erostearena, Irakeko mugatik Siriara ere eraman zuten. Azken finean, Baath alderdiko jarraitzaile sutsu zein azaleko izan, Estatu Islamikoko buruek ondo ikasi zituzten Saddamen garaian herritarrak kontrolpean mantentzeko teknika eta metodoak. Erregimen zaharrak herritarren benetako nahien gainetik irautea posible egin zuten metodoak.

Eta jakinduria horrek eman zion Estatu Islamikoari kalifa herriaren kontrola mantentzeko ahalmena. Estatu Islamikoko hiri eta herrietan jihadisten penetrazioa ez zen sakona. Beraz, derrigorrezkoa zuten, ekimen militarra mantentzeaz gain, gobernu-sistema eraginkorra izatea. Gerra galtzen zihoazen heinean, gainera, gero eta ageriagoa zen ez zutela jendearen babes handirik. Mosulen eta Raqqan herritarrak giza-ezkutu bezala ere erabili zituzten, eta, horretarako, izuaren politika ezinbestekoa da. Horretan ideologikoki trebeak ziren jihadistak, eta, gainera, Saddamen garaitan hezitako maisuak ere bazituzten...

Amaitzeko, argi utzi behar da gehiegikeria dela esatea Estatu Islamikoaren oinarria Baath alderdiko nostalgikoek eratu zutela, euren esperientziak eragina izan bazuen ere. Irakeko sunitek, Baath alderdiko kide ohiak tartean, bizi zuten ezinegonean dago sakoneko oinarria. Eta diskriminazio egoera horri, etorkizun ezari, buelta ematen ez zaion bitartean, sortuko da Estatu Islamikoaren oinordekorik. Agian, gainera, are okerragoa. Sakon-sakonetik.

 

«Milizia xiitak baino zintzoagoak dira hauek!»

«Hauek, Bagdadeko Gobernu xiitarekin eta bere miliziekin alderatuta, zintzoagoak dira!». Horrela azaldu zion “The Guardian” egunkariko kazetari bati Mosulgo biztanle batek hirian bizi zen egoera 2015eko ekainean. Antzerako testigantzak entzun zitezkeen Siriako hainbat eskualdetan ere, non herritar askok begi onez hartu zuten Estatu Islamikoaren aginte gogorra, hainbat urtez matxinadaren «gerra jauntxoen» gehiegikeriak jasan ostean. Kalifa herriaren desagerpenak emango digu agian bertako bizitza benetan nolakoa zen jakiteko aukera –Iraken eta Siriaren zentsura gainditzerik baldin badago–. Baina argi dago, lehen urteetan behintzat, Estatu Islamikoa gai izan zela nolabaiteko doako hezkuntza eta osasun sistemak eratu eta mantentzeko, petrolio eta kotoi kontrabandoak eta beste diru iturri batzuek eskainitako baliabideekin (zergak, bahiketak, kanpoko diru laguntzak...). Orain dela ehunka urtekoa zirudien ultraeskuineko Estatu mafiosoa eratu zuten horrela, hasieran herritar askoren onespena izan zuena.

Siriako gerraren hastapenetan, ia aktore guztiei, Damaskotik bertatik hasi eta Ankara eta Riaderaino, Washington ahaztu gabe, komeni izan zitzaien jihadistei egiten uztea

Ahulduta eta lidergo argirik gabe zegoen Irakeko Al-Qaedak Siriako gatazka baliatu zuen gerora Estatu Islamikoa eratzea ahalbidetu zion jauzi handia egiteko

2007 eta 2010 bitarteko porrotaren ondoren, jihadistek «irakiartze» prozesu bat hasi zuten, Segurtasun Indarrak ahulduz, gazteak erakarriz eta Bagdadekiko suniten haserrea bultzatuz

Saddam Husseinen Baath alderdiko kide izandako hainbat koadroren eskutik nolabaiteko estatu egiturak eratzeko esperientzia eskuratu zuen Estatu Islamikoak

Estatu Islamikoaren kalifa herriaren sakoneko oinarria, Irakeko sunitek, Baath alderdiko kide ohiak tartean, jasaten zuten etorkizun eza da; bizi zuten noraez politiko eta existentziala

Irakeko suniten bazterketa egoerari irtenbidea ematen ez zaion bitartean, sortuko da Estatu Islamikoaren oinordekorik. Agian, gainera, are okerragoa. Sakon-sakonetik