2017/12/02

Ula Iruretagoiena - @ulissima5
Arkitektoa
Lurraldearen ondare arkitektonikoa

Ondare materiala lurralde baten historiaz eta identitateaz hitz egiten duten objektuek osatzen dute. Erabileraren higadura erakusten duten egur edo metal zati dekoratuei altxor balioa eskaintzen diegu behin denborak erabilgarritasuna lapurtu dienean. Balioa, prezioan baino, iraganari buruz informazio baliagarria emateko ondare materialaren gaitasunean kokatzen dugu, berezko testuingurutik atera eta modu autista eta isolatuan irakurtzen dugun arren. Ondare materialaren zakuan erabilgarritasun-maila eta balio-monetario zeharo ezberdineko objektuak sartzen dira, “ondare” titulupean identitatearen ezagutzari egiten zaion ekarpena beste balioen gainetik dagoelako. Hain da esanguratsua bere baitan duen informazioa, museoa “ondarearen etxe” bilakatzen dugula, baita zaindari propioekin ere –zaharberritzailea ondarearen bizitza zahartuari luzapen duina emateko jaio da–.

Ondare arkitektonikoa, aldiz, bizigarriak diren espazioz osatuta dago, eta, ondorioz, ez du ondare material trataera jasotzen. Jatorrizko funtzioa galdu eta zaharkituta ageri den ondare etiketatutako eraikin bati begiratzerakoan, ondare arkitektonikoak berak jartzen gaitu eraikinari zer-nolako etorkizuna eman galderaren aurrean: museo bilakatu, berriz erabileran jarri edo suntsitu, horra hor aukera polarizatuen arteko borroka. Ez dago beste ondare materialik horrelako bidegurutzean jartzen gaituenik. Erabakiaren muinean ondareak zenbateraino hitz egiten duen gure identitateaz dago, neurgarria balitz bezala. Gainera, ondare material museifikatuekin egiten ez dugun bezalaxe, ondare arkitektonikoari etekin ekonomikoa atera nahi izaten diogu, ahalik eta mozkin handiena posible bada –ongi hezitako kapitalismoaren seme-alabak gara eta–.

Baina arkitekturako ondarearen etorkizunari buruzko afera ez da modu egokian ebatziko auzia eraikuntza arkitektonikoen hormen baitara mugatzen badugu. Eraikin baten bizitza luzatzeko erabakia hartzean, zein elementu arkitektoniko mantendu eta nola eraberritu eraikina izan ohi da eztabaida. Egiteko horri garrantzia kendu gabe, arazoaren aldagai nagusienetakoa gutxitan hartzen da kontuan: ondare arkitektonikoa lurraldearen eta lurraldetasunaren ikur da, eta, hortaz, ezinbestekoa da eraikinok lurralde ikuspegitik duten balioa aztertzea. Nabe industrialak, jauregiak, dorretxeak edo baserriak euskal lurraldearen gertakizun ekonomiko eta kulturalen ondorio arkitektonikoak –materialak– dira. Gainontzeko ondare materialekin alderatuz, ondare arkitektonikoaren identitatea lurraldean lekututa dago. Eraikinen arkitektura aldaketa bakoitzak garai historiko baten lurralde-baliabideen berri ematen digu, eraikuntza teknikak jakintza mailan erakusten dizkigu eta ustiagarriak ziren materialez hitz egiten digu. Ondare arkitektonikoa paisaian txertatuta dago, paisaiaren parte da, paisaiaren gorabeheren ondorio zuzen.

Ondare arkitektonikoaren berreskurapenari ezin zaio ekintza indibidual eta berreraikitze ariketa gisa aurre egin. Ondareak funtzio berria eskuratzea nahi baldin badugu, ondareak berriz ere lurraldean txertatzeko bidea aurkitu beharko du, tokiko dinamiken erakusle izateko. Derrigorrean, lurralde natural eta kultural baten birpentsatzearekin batera etorriko da hori, eraikina lurraldearen sistema funtzionalaren parte eginez. •