Mirari Martiarena

«Paeta zarrak»

Oiartzuni buruz gutxi dakidala pentsatzen dut askotan. Buruan oraindik 8.000 biztanle dituela dut sartuta, horixe ikasi bainuen zortzi urterekin. Baina ez, kontuak aldatu dira eta 10.000 biztanleak aspaldi pasa genituen. Umetan ikasi genuen “Oiartzun! Gogor erantzun!” leloa eta baita “Oiartzun, paeta zarrak erantzun!” ere.

Oiartzuni eta oiartzuerari buruzko tribialak izen horixe du, “Paeta zarrak erantzun”. Aste honetan iritsi da nire eskuetara eta esan didate ez dela mahai jolasa, jokoa dela lehia dagoelako tarteko. Lehia behintzat sortu du gure etxeko sukaldean. Oiartzuni buruzko 1.500 galdera bildu dituzte Oiartzuarren Baitan egitasmoko kideek herriko hainbat adituren laguntzarekin. 1.500 galdera sei gaitan banaturik: hizkuntza; kultura; historia; baserria, natura eta ekonomia; geografia eta toponimia; eta, gizartea eta kirola.

1.500 galdera horietatik ez dakit zenbat asmatzeko gai naizen. Baina, jokatzen hasi aurretik galdera batzuk irakurri eta gehiago ziren huts egiten nituenak asmatzen nituenak baino. Beraz, nire kontra oraingoz asko duzue irabazteko. Gure aita pedigriko oiartzuarra ote den egiaztatzen ere aritu gara. Ez dakigu mahai jokoa osatzeko lantaldean egon den hala ez, baina galdera guztiak asmatu ditu. Ez digu alferrik esan hainbeste eskola eta hainbeste kontu eta gero ez dakigula deus etxeko gauzei buruz. Bai, arrazoi du gure aitak, gutxi dakigu Oiartzungo gauzei buruz.

Eta zuek? Zenbat dakizue zuen herriari buruz? •