2017/12/02

Koldo Sagasti
«Splash» eskoletan

Prentsaren bitartez jakin dut Gasteizko itunpeko ikastetxe ezagun batek instalazio berriak inauguratuko dituela laster. Besteak beste; “splash” areto bat eraikiko omen dute, psikomotrizitatea uretan lantzeko; “snoezelen” gune bat, zentzumenak estimulatzeko; hareatza bat; eta arte-esparrua. Egitasmoari ginga jartzeko, gainera, Gernikako arbolaren kimu bat landatuko dute, antza, itzal handiko ikastetxe katoliko horren eremuetan. Proiektuaren aurrekontuko bi milioiak Hezkuntza Delegaritzak hartuko ditu bere gain, albistearen arabera.

Ez dut kritikatuko lerrootan erakunde publikoen dirua eragile pribatuen eskuetara bideratzearen egokitasuna, ez dezatela pentsa bekaizkeriak itsututa idazten dudanik. Ez dut kolokan jarriko euren seme-alabentzat Administrazioak ahalbidetzen dizkien pribilegioak aprobetxatu nahi dituzten gurasoen jokaera. Ez dut salatuko; hezkuntza arloko sindikatuek salatu duten bezala; itunpeko hezkuntzak populazioaren zati bat baztertzen duela arraza, erlijio, edo ekonomia irizpideen arabera; eta hala ere, finantziazio publikoa jasotzen jarraitzen duela. Nire kezka bakarra da zer izapide burokratiko egin behar izan duten ikastetxe horretako arduradunek diru laguntza horren onuradun izateko, zer deialditara aurkeztu diren; izan ere, gure auzoko eskola publikoan itoginak dauzkagu konpontzeke, eta beldur naiz ez ote garen, utzikeriagatik-edo, Administrazioak barra-barra banatzen dituen sosak alferrik pasatzen uzten ari. •