Maria Gonzalez Gorosarri - @albistetan
EHUko irakaslea

Ustezko kazetariak

Sanferminetako bortxaketaren inguruan eztabaidatu da egunero hedabideetan. Hain zuzen, bortxaketa bera zalantzan ipini dute, salatzailea bortxatu zutela agerikoa bada ere: instrukzio-epaileak akusatuak espetxeratu zituen, Fiskaltzak 22na espetxe urte eskatu ditu eta, andrearen pribatutasuna babesteko, epaiketa ateak itxita egin dute. Hala ere, hedabideek, ezelako frogarik gabe, erasoa ukatu dute, bortxaketa zalantzan ipinita:

• «La víctima de la presunta violación de ‘La Manada’ declarará hoy» (“Abc”, 2017/ 11/ 13).

• «Un audio de la supuesta violación de ‘la Manada’ demuestra ‘que no fue consentida’» (“El Periódico”, 2017/ 11/ 20).

Edo erasoa ziurtzat jo arren, erasotakoa salatzailea dela ere ukatu dute!

• «La presunta víctima de la violación grupal en los sanfermines de 2016 declaró ayer en el juicio» (“El Correo”, 2017/ 11/ 15).

Erasorik egon izan ez balitz, epaiketarik ez litzateke egongo. Epaiketaren helburua da atxilotuak eraso horien egile direla egiaztatzea. Horregatik, akusatuak “ustezko bortxatzaileak” dira. Hasieran hedabideetara heldu zen informazioak atarira indarrez sartu zutela zioen. Bideoek dagoeneko datu hori ukatzen zuten, eta orduantxe andreak gezurra esan zuela azaldu zuten hedabideek:

• «Giro en el caso de ‘La Manada’: la víctima dice que no la metieron a la fuerza en el portal y que no pudo negarse a las relaciones» (“El Español”, 2017/ 11/ 14).

Orain, polizia batek epaiketan esan du andreak grabatu egin zutela esan ziola baina poliziak berak ez zuela salaketan jaso. Norbait sexu jardueran baimenik gabe grabatzea delitua da. Hori salaketan jasotzen ez duen poliziak ez du zigorrik? Alderantziz, berak esandakoa egiatzat jo dute hedabideek, horren frogarik egon ez arren:

• «El último testimonio del juicio a La Manada tensa la sesión: Ella sabía que la grabaron» (Informativos Telecinco, 2017/ 11/ 24).

Hedabideek salatzailearen testigantzari sinesgarritasuna kendu diote, akusatuak gezurretan ibili arren. Salatzaileak ez du bere bertsioa esajeratu eta kalte egiten dioten aldeak ere azaldu ditu. Akusatuek, ordea, begi-bistako gezurrak esan dituzte: andreak sexuan jarraitu nahi izan zuela eta, beraiek ezetz esatean mendeku hartu zuela salaketa ipiniz. Akusatuen abokatuak ere ageriko gezurrak esan ditu:

• «La defensa de tres de los acusados (…) sostiene que existen móviles espurios (resentimiento o venganza) para explicar la denuncia, como que se grabaran los hechos, el robo del móvil y las relaciones sexuales traumáticas» (sareko “Diario de Navarra”, 2017/ 11/ 28).

Abokatuak aipatu dituen kasuak delituak dira: sexu jardueran baimenik gabe grabatzea eta mugikorra lapurtzea. Ez du zehazten, ordea, delitu horiengatik salatu beharrean zergatik salatu dituen bortxaketagatik. Abokatuaren hirugarren argudioa, gainera, bortxaketa argia da, “traumatikoa” delako. Laburbilduz, akusatuek ageriko gezurrak esan dituzte, aurrekari penalak dituzte eta aurretik antzeko jarduera izan dute. Hortaz, hedabideek salatzailearen sinesgarritasuna ukatu eta akusatuen berbak hitzez hitz transkribatu dituzte, horien gezurrak zabalduz:

• «La defensa de ‘la manada’ sostiene que la chica ‘cumplió una fantasía’» (“Diario Vasco”, 2017/ 11/ 28).

Salatzaileari eskatzen dioten arau morala akusatuei aplikatuta, horren errugabeak ez direla baiezta dezakegu, espetxean urte eta erdi eman arren (errugabe, diote), terapian ez daudelako. Beraz, ez daukate traumarik eta horixe nahikoa litzateke, defentsa abokatuaren esanei jarraituta, errudunak direla ziurtatzeko. •