Saioa Aginako Lamarain
Psikoterapeuta

Gutxiago gehiago da

Masa komunikabideen presentzia ugariaren eta hedabideotan lurralde anglosaxoiek duten nagusigo kulturalaren ondorioz, tradizio asko ospatzeko hautatutako gaur egungo erak globalizazio prozesuen emaitza dira. Eguberriak ere antzina mundu mailan gertatutako beste nagusitasun kultural prozesuen isla dira, kristautzea nagusiki. Neguko solstizioan eguzkia eta argiari gurtza egitetik, Belenen jaiotako haurra gurtzera pasa ginen, baita elikagaiak edo txanponak oparitzetik azken belaunaldiko jostailu eta bestelako objektu ezin modernoagoak oparitzera ere. Begi bistakoa da kontsumoak ospakizunaren esparru handia bete duela eta helduak zein haurrak setiatu gaituela.

XXI. mendeko gizarte garaikide frenetikoak, denbora handia bakarrik ematen duten haurrei maitasuna helarazteko modurik argiena opariak egitearena dela erakutsi digu. Gutxitan erabili dituzten jostailuz bete ditugu haurren gelak, urtebetetze, Eguberri eta, zergatik ez, zenbait kasketaldi eztitzeko aitzakiarekin. Hortaz, haurrek, jasotzen dituzten gauza kopuruaren eta maitasunaren arteko lotura egiten ikasi dute, lotura proportzionala, noski. Hau da, maitasuna, gauza kopuruaren arabera neurtzen dute. Hori al da benetan maitatuak sentitzeko eskaini nahi diegun tresna?

Modu horretan, gure haurren bizitza gauza materialekin betez alegia, ez diegu gauzen balioa zein den erakusten eta izan liteke, guk geuk ere, gure bizitzetan gauzei eman nahi diegun balioari buruz hausnartu ez izatea. Haurrek errealitatearen eraikuntza ulergarria egin dezaten, inguratzen dituzten gauzak nondik eta nola atera diren jabetzea beharrezkoa dute. Hori jorratzeko aukeretariko bat etxeko arduraren bat beren gain hartzea izango litzateke. Hiru urtetik aurrera kapazak dira eta, horrekin, inguruaren zaintzan parte hartzeaz gain, etxean oreka bat egoteko egin behar diren ahaleginez ohartuko dira. Aldi berean, merezi du gure haurren desioak beraiekin batera aztertzea, telebistan ikusi duten azken jostailua momentuko kapritxoa ote den hausnartzea.

Bestalde, haurrei gaitasun anitzak garatzen laguntzen dieten bidelagunak garen heinean, jostailuren bat erostekotan, helduona da honek haurrarengan izan dezakeen eraginaren erantzukizuna. Eskaintza nagusiak haurren irudimenarekin akabatzen baitu, estereotipatua eta errepikakorra izaten baita, dena egina ematen duena, askatasunarentzat eta irudimenarentzat toki eskasa utziz. Esaldi herrikoiak esaten duen bezala, “gutxiago gehiago da”. Eta irudimenaren aliatua, sinpletasuna. Haurrari, gaitasun sortzaile osoa garatzeko espazioa eta adorea eskaintzen bazaizkio, bere buruaz seguruago egongo da eta autoestimu indartsuagoa garatuko du. Gainera, harreman pertsonal osasuntsuagoak eraikitzeko gai izango da, ikuspegi ezberdinak antzemateko erraztasun handiagoa izango baitu eta frustrazioari aurre egiteko tresnak garatuko baititu, egoera zailetan konponbideak bilatzeko erantzunak argitasun eta lasaitasun handiagoarekin emateko ahalmena garatuz.

Guraso izatea erantzukizun handiko praktika da. Maitatuak sentitzeko, haurrek ez dituzte gauzak behar, gurasoekin kalitatezko denbora pasatzea baizik. Besteek gurekin denbora konpartitzen dutenean, benetan maitatuak sentitzen baikara. •

saioaaginako@gmail.com