Gorka Elejabarrieta

Mindelotik Bruselara

Sao Vicente irlan, Mindelo hirian, hotel batean gosaltzen ari naiz, goizean goiz. Cabo Verden egunak lehenago hasten dira, eguzkia irten eta beroak jo aurretik jende asko ikus daiteke kaleetan, malekoian bereziki, ibiltzen edo korrika egiten. Lanera joan aurretik (lana daukanak behintzat) kirol apur bat egitea ez dator sekula gaizki. Nire kasuan jet lag-a da nire goiztiartasunaren arrazoi nagusia.

Gosaltzen ari naiz eta italiar bikote bat ondoko mahaian eseri da, 50 urte inguru izango dituzte. «Bon dia» esan diet. Kreoloz hitz bat bera ere ez dakit, portugesez ere ez, eta egia esan oraindik ez dakit «bon dia» hori nondik atera zaidan, ez eta bertokoek ulertuko luketen, baina bikote italiarrak ulertu dit behintzat eta beraiek ere «bon dia» erantzun didate. Gosaltzen ari garela hasi gara elkarrekin hitz egiten. «Nongoa zara?», haien galdera. «Euskal Herrikoa, Pays Basque, Paesi Baschi –atera zait azkenean–. Eta zuek?».

Galdera batek bestera eraman gaitu eta azkenean, nola ez, Kataluniari buruz jarduten ibili gara. Ez dute batere ulertzen espainiar Estatuaren jarrera. Erreferendum bat debekatzea, bozkatzera doan jendea kolpatzea eta demokratikoki hautaturiko gobernu baten erdia kartzelan eta beste erdia Bruselan, kartzelatik ihesi, egotea ez dira XXI. mendeko Europan normaltzat har daitezkeen gertaerak. Eta are ulertezinagoa egiten zaie Europar Batasunak izan duen jarrera, espainiar Estatuaren alde itsuki lerrokatuz. Italiarrak jazz musikariak dira, munduan zehar jotzen ibiltzen dira, bereziki Europan, jaialdiz jaialdi, askotan Ingalaterran. Beraien ustez Erresuma Batuak ondo egin du Brexitaren alde bozkatzerakoan. Agintzen dizuet haien hitzak direla, ez nireak: Europar Batasuna gainbeheran doa, sortu zeneko arrazoi eta proiektu eraldatzailea bidean nonbait galdu egin dira, eta egungo Europak ez dio ezer onik eskaintzen Europako herri eta herritarrei. Herrien, nazioen eskubideak ez ditu errespetatzen, haien subiranotasuna murrizten doa, ongizate estatua pikutara bidaltzen ari da egundoko abiadurarekin, errefuxiatuen krisiari ematen ari den erantzuna lotsagarria da… «Italian Europar Batasunaren inguruko erreferenduma egingo balitz, hortxe-hortxe ibiliko ginateke gu ere», esanez amaitu du bietako batek.

Ez ditut italiarrak berriz ere ikusi, baina entzundakoa buruan bueltaka daukat geroztik. Egia da duela gutxi arte Europa aitzindari eta erreferente izan dela hainbat esparrutan, baina abiadura bizian aldatzen doan mundu honetan, Europa gero eta atzerago geratzen ari da, zaharkituta, bere burua berrasmatzeko zailtasun izugarriarekin, munduan bere tokia aurkitu ezinik. Neoliberalismoaren gidaritzapean jarraituz gero, Europa pikutara doa eta Europako ezkerra ez da gai tokian tokiko alternatiba errealak eraikitzeko; ondorioz, kontinente mailan ere galduta dabil. Greziako krisi eta prozesuan ederki ikusi genuen hori, neoliberalismoak bat egin zuen Syriza eraikitzen saiatu zen alternatibaren aurrean, eta, bien bitartean, Europako ezkerrak ikusle huts gisa jardun zuen, ondoren zer eta ikusle horietako batzuek Syrizari «traizioa» leporatzeko. Zein onak garen iraultzak etxeko sofatik planeatzen.

Kataluniako prozesuak ere antzeko panorama erakutsi digu, Europako ezkerraren ezintasuna bere gordinean azaldu du berriro, Greziako kasuan bezala ez baitu oraindik ere ulertu, 1936an bezala, Bartzelonako eta Kataluniako kaleetan ematen ari den demokraziaren aldeko bataila europar guztien bataila ere badela. Eta egun Europar eredu berri eta progresista bat eraikitzeko aukera erreal bakarrenetarikoa Katalunian ematen ari dela. •