Maider Eizmendi
GORPUTZ EMAILEAK

Etorkizuneko medikuak treba daitezen elkartasun keinua

Gaur egun ez dute emaile berririk onartzen, aurrekontu faltak zerrenda loditzea eragozten die-eta. EHUko hilotzen bankuko arduradunen nahia hil ostean euren gorpua zientziari eman nahi dioten pertsonen nahiari erantzuten jarraitzea da, ordea. Elkartasun keinu hori medikuntzan pausuak emateko oinarrizkoa dela diote.

Guretzat oinarri-oinarrizkoak dira hilotzak, gainontzean ezin izango genituzke prestakuntza eta trebakuntza arloan egiten ditugun aurrerapenetako asko egin». Hala mintzatu da EHUko Neurozientzia Saileko zuzendari eta hilotzen bankuko arduradun Pedro Grandes gorputz emailetzaren inguruan. «Egun 90-100 gorpu inguru dauzkagu gure instalakuntzetako hozkailuetan ikasleek eurekin praktikak egin ditzaten; guztiak herritarren elkartasunari esker lortu ditugu», nabarmendu du.

Kalean oraindik orain hain ohikoa ez den lasaitasunarekin mintzatzen da hilotzez, baita bankuaren funtzionamenduaz ere; azken batean, eguneroko lanean ezinbesteko “tresna” dituzte. Atsekabetuta kontatu du horregatik 2011. urteaz geroztik ez dutela emaile berririk onartzen. «Zerrendan izena emateko aukera etetea erabaki genuen orduan, konturatu ginen-eta gure sailaren aurrekontuarekin ez genuela hilotz gehiago jasotzeak dakarren gastuari aurre egiterik», azaldu du. Izan ere, hilotz bakoitzari dagozkion gastuak, gutxi gorabehera, 1.500 eta 1.700 euro arteraino iristen dira.

Emaile berririk onartzen ez badute ere, datozen urteetan laborategietan izango dituzten beharrei erantzuteko arazorik ez dutela izango iritzi dio. «Zerrenda eten aurretik izena emana zuten 2.000 lagunek bere nahia egikaritu ahal izango dute; haiek behar diren baldintzetan eta aurretik hitzartu zuten moduan izango dute beren gorpua zientziari emateko aukera, noski», nabarmendu du.

Azken urteetan emaile kopuruan gorakada atzemana zuten, baina ez du joeraren atzean izan daitekeen arrazoia erabat zehazten jakin. «Bere garaian esan zen krisiarekin emaile kopuruan handitu zela pertsona baten heriotzak zekartzan gastuak ez ordaintzeko; baina guk ez dugu hori horrela dela ziurtatzeko daturik esku artean». Joera horren atzean egon daitekeen beste arrazoi bat nabarmentzea nahiago izan du, lehen eskutik ezagutu duen prozesu bat aipatuta. Izan ere, bere hitzetan, sentsibilizazioa handitu egin da nabarmen donazioaren inguruan, baita hil ostean gorputzak emateko beharraren inguruan ere. «Departamentutik eta unibertsitatetik esfortzu handia egin da alor honetan eta lan horri emandako erantzuna handia izan da. Horri esker bizi garen gizartean herritarrek kontzientzia hartu dute eta eskuzabal agertzen dira», goratu du, «interpretazioa bi zentzuetan» egin daitekeela onartuta.

Orotariko pertsonak

Profilik ezin du zehaztu, azaldu duen moduan, ezaugarri guztietako pertsonek erabakitzen dutelako gorputz emaile egitea, baina, batez ere, adinean aurrera egindako pertsonak izaten dira. «Baditugu orain dela urte asko erabakia hartu zutenak», zehaztu du. Guztiak batzen dituen gauza bakarra, bere esanetan, «gizartearekiko orokorrean eta medikuntzarako, zehazki, eskuzabaltasuna da». «Azken batean –jarraitu du– maiz ahoz aho zabaldu izan da aukera hau; inor emaile egin dela jakin eta ‘zergatik ez?’ pentsatzeak bultzatu ditu asko guregana». Zentzu horretan, aipatu du adinekoen zentro bakar batetik eskaera hainbat jaso zituztela. «Batek bere asmoaren berri eman zien gainerako lagunei, eta, antza, eurek ere gauza bera egitea erabaki zuten», kontatu du.

Hilotzen bankuko hasierak oso bestelakoak izan ziren. Grandesek gogoratu du EHUko Medikuntza Fakultatearen hastapenetatik jo zela beharrezko gorputzekin praktikak egin ahal izatea. Beste garai batzuk ziren haiek, ordea, eta, hala, inork erreklamatzen ez zituen pertsonen gorpuak ziren ikasleek euren ikasketetan aurreratzeko laborategian baliatzen zituztenak. «Garai hartan, zehazki, Bilbao-Behobia autopista egiten ari ziren eta bertara lanera kanpoko jende ugari etorri zen; lanean hil eta senitartekorik agertzen ez bazen hona ekartzen zituzten langileen gorpuak ikerketan balia zitezen; kalean hiltzen ziren pertsonen gorpuak ere ekartzen zizkiguten», azaldu du Grandesek hilotzen bankuaren hasiera haiek deskribatzeko.

80ko hamarkadan prozedura behar bezala arautzeko bidea abiatu zen eta protokolo bat ezarri zuten gorputzak eman nahi zituzten pertsonen zerrenda ofizialak osatzeko. Orduz geroztik, hildakoan gorputza zientziari eman nahi dion pertsona orok unibertsitateak eskuragarri duen dokumentu bat bete behar du bere datuekin, baita hori ziurtatzen duten lekukoen sinadurarekin ere. 18 urtez azpiko pertsonen kasuan beharrezkoa da gurasoen sinadura jasotzea eskaeran.

Dokumentu hori unibertsitatera igorri behar da eta EHU berak bidaltzen dio bere erabakia jasotzen duen ziurtagiria etorkizuneko emaileari. Ziurtagiria soinean eramatearen beharraz batera, Grandesek senitarteko edo ingurukoei erabakia jakinaraztearen garrantzia nabarmendu du; izan ere, haiek dira behin heriotza gertatutakoan ahalik eta azkarren unibertsitatearekin harremanetan jarri beharko dutenak. «Donazio kasu guztietan egiten den eskaera da, azken batean gure ingurukoak dira gu hiltzen garenean gure nahiak bete behar dituztenak».

Behin deia jasota unibertsitatea da gorpuaren garraioaz eta egin beharreko prozedurez arduratzen dena, baldin eta laborategietan erabiltzeko baldintzak betetzen baditu. Badira, izan ere, salbuespen batzuk: heriotzaren ondorioz esku hartze judizialik egon izana, emaileak gaixotasun infekzioso eta kutsagarririk izatea heriotzaren unean (hepatitisa, hiesa, tifusa, sukar horia, kolera...), gorputzari autopsia egin izana edota hildakoa organo emaile ere badelako organorik kendu izana gorputzari transplante bat egiteko. Kasu horietan guztietan ezin da gorputz emailetza prozedura abian jarri. Gainerako kasu guztietan, Grandesek azaldu duen moduan, gorputzak jaso bezain laster egiten dute baltsamazio prozesua. «Ondoren, bi urtez gorpuak hozkailuan gordetzen ditugu gorputzeko egiturak behar bezala finkatuak gera daitezen». Denbora horren buruan lehen mailako ikasleei ematen dizkiete hilotzak euren praktiketan erabil ditzaten, eta, kurtsoa gaindituta, bigarren urtean ere haiekin ikasten jarraitzeko aukera izaten dute.

Oinarrizkoak ikerketarako

Grandesek gorpuekin lan egin ahal izateko aukera goratu du behin eta berriz. «Gaur egun baliabide tekniko asko daude, baina inoiz ere ezin da benetako gorpu batekin egiten den lanarekin parekatu», iritzi dio. «Lehen kontaktua gogorra gertatzen bazaie ere», ikasleak dira gorputz emaileen keinua gehien baliatu eta eskertzen dutenak, liburuetan ikasten ari diren hori esperimentatzeko aukera paregabea dutelako horri esker. Baina ez dira bakarrak; izan ere, jada medikuntzan diharduten profesionalak ere gerturatzen dira Leioako instalazioetara. Ginekologian, neurokirurgian edota traumatologian aditu diren pertsonak bertaratzen dira euren teknika eta prozedura berriak garatzeko eta haientzako ere gorpu hauek eskuragarri izatea funtsezkoa da. «Pentsa zein garrantzitsua den zientziari gorputza ematea!», dio. Horregatik hain justu ere, profesionaltasuna eta errespetua funtsezko lan tresna dituzte hilotzak jasotzen dituztenetik gorputzak erraustu eta errautsak hildakoaren senitartekoei ematen dizkieten arte. Bost bat urte igarotzen dira batez beste heriotza gertatu eta familiak errautsak jasotzen dituen arte. «Maiz azken pauso horren inguruan galdetzen digute. Orain gutxi, esaterako, emakume batek deitu zidan ea eman genizkion errautsak bere senarrarenak ziren ziur ote geunden galdetzeko. Prozedura akatsik gabekoa da, laborategian bi urte ematen dituztenean, Barakaldoko ehorztetxe batera eramaten ditugu eta haiek erraustuta itzultzen dizkigute, gainerako kasuetan egiten den modu berean», zehaztu nahi izan du.

Elkartasuna omentzeko basoa

Errautsak kasu askotan unibertsitatean bertan geratzen dira, horretarako apropos eraiki zen gunean. Euren gorputza zientziari ematen dioten pertsonei esker gisa unibertsitateak 2000. urtean proiektu bat jarri zuen abian, gisa honetako lehenetarikoa. Helburua errautsak gorde ahal izateko eremu bat egitea zen. Handik mamitu zen 2010eko otsailean inauguratu zen Bizitzaren Basoa proiektua. Leioako campuserako bidean, Lertutxe zingiraren alboan kokatua, metalezko hogei zuhaitzek osatzen dute monumentu berezi hau. Zuhaitzetako barrunbeek hartzen dituzte gorputza zientziari emandako pertsonen errautsak, «familiak horrela nahi badu».

Oraindik ere emaileen zerrenda berriz ere noiz zabalduko duten ez daki, baina bere nahia ahalik eta azkarren egin ahal izatea litzateke. «Sentsibilizazio alorrean lan handia egin behar izan dugu aukera hau ezagutarazteko eta ikasketetan aurreratzeko zein garrantzitsua den ulertarazteko; pena da, beraz, hortaz ohartuta dauden herritarrek emailetza egiteko aukerarik ez izatea», ohartarazi du.

«Gure instalakuntzak oso egoera onean daude»

Iazko udaberrian eskandalua lehertu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, instalazioetan egoera txarrean eta pilatuta zeuden gorputz mordoa zegoela argitara eman zenean. Ikerketen ondotik, unibertsitateari 100.000 euroko isuna ezarri zioten.

EHUko gorpuen bankuko arduradunaren hitzetan, gertaera hark inpaktua handia eragin zuen gizartean, «irudia tamalgarria zelako». Galdera mordoa ere eragin zituen gertatutakoak. Komunikabide andana bertaratu ziren Grandesengana EHUko instalazioen egoeraren inguruan interesa agertzeko, eta hautu hori egina zuten pertsonen eta emailetza egina zuten senitartekoen zalantzei erantzun behar izan zien. «Arazo handirik ez genuen izan, ez genuen eta ezkutatzeko ezer. Zorionez, gure instalakuntzak oso egoera onean daude eta segituan apaldu zen larritasun egoera hura», azaldu du Neurozientzia Saileko zuzendariak. Ez daki baina berriz ere zerrendak zabaltzen dituztenean eraginik izango ote duen edo ez gertatutakoak, «irudiak hainbaten buruetan geratu» direlako. Erantzun hori ekidin nahian, Grandesek ez du instalakuntzak zabaltzeko inolako arazorik agertzen. «‘Loreak’ film arrakastatsuan agertzen diren irudiak gure egoitzan grabatu ziren, bertan ikus dezake jendeak nola dauden gure instalazioak», nabarmendu du. Segidan honakoa gaineratu du: «Kamerak zetozelako ez genituen instalazioak apropos txukundu, egunerokoan egoten diren gisa grabatu zituzten».

«GAZTEEK IKASI EGIN BEHAR DUTE SENDAGILE ONAK IZATERA IRISTEKO ETA ETORKIZUNEKO GAIXOAK SENDATZEKO; HORRETARAKO BEHAR GAITUZTE»

2000. urteko maiatzeko data du Miren Rekondoren gorputz emaile ziurtagiriak. «Nire ahizpa Justek egunkarian argitaratu zen erreportaje bat ikusi zuen eta segituan jakin-mina sortu zitzaion», azaldu du. Unibertsitatera gutuna bidali zuten informazio gehiago eskatzeko eta euren interesa agertzeko eta hilabete gutxi batzuetan jada eskuartean zuten euren erabakia jasotzen zuen dokumentua.
Juste orain dela 11 urte hil zen eta familiako gainerako kideei eta ingurukoei orduan jakinarazi zien hartua zuten erabakia. «Justek ez zion inori esan nahi izan aurretik; biak hartu genuen erabakia eta baten faltan besteak jakinaraziko zuela erabaki genuen. Hil zenean etxean genituen ziurtagiri eta dokumentuak erakutsi nizkien bere nahia azaltzeko», aipatu du. Erabakitakoa bete zuen Mirenek. «Unibertsitatera deitu genuen hil zenean eta eskatu ziguten gauza bakarra arratsaldeko zazpietarako gorpua hara iristea zen; beraz, elizkizunaren ordua aldatu genuen eta haren ostean eraman zuten», kontatu du.
Zazpi urteren buruan jaso zuten unibertsitatearen deia errautsak jaso zitzaketela esanaz. «Unibertsitatean bertan egina dagoen oroimen gunean uztea erabaki genuen», aipatu du. Justeren eskuzabaltasuna eskertzeko unibertsitatean egin zuten ekitaldiko argazkiak atera ditu berehala mahai gainera. «Dantzariak, lore-eskaintza... ekitaldi ederra egin zuten eta senitarteko guztiak gustura itzuli ginen etxera bueltan», gogora ekarri du.
Rekondok ez du inolako zalantzarik azaltzen. «Nik oso argi daukat hartutako erabakia hoberena dela, ez dut inolako zalantzarik izan; guk panteoiak baditugu, baina argi daukat hiltzen naizenean ere ezer egiterik badute egitea nahi dudala», aitortu du. «Gazteek ikasi egin behar dute sendagile onak izatera iristeko eta etorkizuneko gaixoak sendatzeko, horretarako behar gaituzte gu, trebatzeko; eta hori zergatik ez dugu egin behar?», galdegiten du.
Bere bizitza ibilbidean izan duten jarrera jarraitu baino ez dute egin Rekondo ahizpek, izan ere, beste lagun batekin batera Usurbilgo odol emaile elkartearen sortzaile izan ziren eta gorputz emaile izan baino lehenago organo emaile zerrendan izena emana zuten. «Bizitzan zehar saiatu gara eman genezakeena ematen, eta, hil eta gero, zentzu horretan, egin dezakegun gauzarik hoberena da, niretzako ere lasaigarria da besteei on egiten jarraituko dudalako».
Gustatuko litzaioke berriz ere zerrenda zabaltzeko aukera izango balute, jende asko etorri zaio-eta zein bide egin behar duten galdezka. Bere ustez, izan ere, emailetza gero eta zabalduago dago zentzu guztietan. «70eko hamarkadaren hasieran sortu genuen odol emaileen elkartea Usurbilen; aurretik Donostiako elkartera joaten ginen odola ematera eta aurretik moja batengana. Elkartearen sorrerak eta haren martxa eramateak asko lagundu zigun beharrak atzematen eta keinu batek zenbat lagun dezakeen ulertzen».