Iñaki Soto

Eskoziarren arrakastatik lezioak atera nahian

Zein da eskoziar abertzaleen arrakastaren formula? Hau da, besteak beste, iragan asteko britainiar hauteskundeek gutako batzuei piztu diguten galdera. Formula magikorik ez dela existitzen jakin arren, lezioak ateratzen saiatzen gara. Denok esaten baitugu kasu guztiak desberdinak direla eta nekez atera daitekeela eredu perfekturik. Perfektuak ez badira ere, porrotetatik baino hobe arrakastetatik ikastea, ezta? Porrotetatik ere ikas daiteke, noski, baina hobe besteen porrotetatik bada. SNPk laboristen porrotetatik asko ikasi du, ziur. Halere, lezio horietatik eredu bat atera da, ez anti-eredu bat.

Argi dago beste nonbaiten gertatzen denak ez duela hemen itzulpen errazik, matematikorik. Matematikak errazak balira bezala! Gizarte mailako aldaketa sakonak tartean direla, zenbait aldaketa ez dira soilik politikoki ezinezkoak edo oso zailak, matematikoki ere konplikatuak dira. Hori ulertzeko batzen eta kentzen jakitearekin nahikoa izan arren, sarri matematikak albo batera uzten dira politikan. SNPren arrakastaren ardatzetako bat, ordea, hauteskunde sistemaren ezagutza izan da. Segmentazioa klabea da horretan, bai zentzu matematikoan –inkesten irakurketan, adibidez–, bai ikuspuntu politiko sakonago batetik –boto urbanoaren eta landatarraren arteko orekan, adibidez–.

Metrikaren beste parametro posible bat denbora da. Eskoziarrek epeak oso ondo kudeatu dituzte, mugimendu taktikoen eta estrategikoen arteko loturak fin eginez eta edozein gertakari bertan txertatuz, agendan kokatuz eta aukera gisa ulertuz. Malgutasuna, gerri politikoa, eskoziar politikarien beste ezaugarri bat da. Errealismoa magikoa da, beti.

Eskoziar liderrek denbora politikoa ondo kudeatzen jakin dute, epe laburrean iraultza bat eragiteraino. Iraultzak, lasaiak zein bortitzak, egun batetik bestera ez direla gertatzen jakin arren, urtebetean Eskozian gertatutakoa laburbiltzen ahalegintzen gara. Historia neurtzeko erabiltzen diren neurriek eta pertsonen bizitza neurtzeko erabiltzen diren unitateek izen berbera izan arren, “urteak”, batzuen eta besteen tempus eta eskalak zeharo desberdinak dira. Eskozian gaur egun politikaren oinarrizko neurri unitatea «belaunaldia» dela esango nuke.

Horrek ez du, inondik inora, nazionalistek tarteko helburuak eta epemugak alboratzen dituztenik esan nahi. Ikusi dugunez, hauteskundeak, legegintzaldiak eta instituzioak helburu zehatzak dira beraientzat, bestelako helburu estrategikoak lortzeko ezinbesteko bitarteko eta palankak. Horietan arrakasta lortzea ezinbestekoa da helburu orokorretan, epe luzeagoetan, arrakasta izateko.

Nolanahi ere, arrakasta, galtzea eta irabaztea ez bezala, gauza erlatiboa izan daiteke. Duela zazpi hilabete independentistek erreferenduma galdu zuten, baina, hala eta guztiz ere, arrakasta itzela lortu zuten. Matematikak eta batez ere botere desoreka kontuan hartuta, emaitza zehatza ez zelako txarra izan. Baina, batez ere, bozketa galdu eta gero, honen kudeaketa bikaina egin zutelako.

Proiektu politiko nagusietan arrakastaren formularen bilaketa etengabea ez galtzeko beldur atabikoarekin nahasten da. Joera kontrajarriak dira eta, gehienetan, bigarrenak lehendabizikoa deuseztatzen du. Unionistek haizatutako beldurrari independentistek ez diote beldurrik izan, beren burua indartzeko baliatu dute. Beldurraren kudeaketan maisu jokatu dute eskoziarrek, batez ere erreferendumeko kanpainatik hona.

Hori egin ahal izateko zuzendaritza politikoa eta lidergoa oso garrantzitsuak izan dira. Salmond-Sturgeon bikotetik harago, maila politiko itzela erakutsi dute, urrats oso neurtuak eginez. Honekin guztiarekin lotuta, orokorrean, eskoziarren profesionaltasuna aipatuko nuke, inbidiagarria iruditzen baitzait.

Eskoziar arrakastaren formulan topa daitezkeen zenbait elementu aipatu ditut hemen. Horien nahasketa oso berezia da, zalantzarik gabe, eta esportatzen zaila. Nire asmoa ez zen leziorik ematea, hauteskunde hauetatik bakarra atera baitut nik: «potroak ikusi ondoren, arra». •