Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Geure buruei galdetu genienekoa

Neska-mutil kuadrilla binaka doa eskolara bidean Urlia hezitzailearen atzetik. Irteeraren batetik bueltan datoz, antza, hamar bat urte inguru izango dituzten gaztetxoak. Urrutira ulertezina den leloa dakarte, gerturatu ahala ulertzen dena: «Gora España, Gora España» oihuka doaz. Urlia aurrean, bere pausoan mutu.

Tabernako terrazan kafea hartzen ari da Sandia hezitzailea, Urliaren hezigunearen alboko eskolan lan egiten du. Haren aurretik pasatzerakoan, Urliak zerbait esan die bere ikasleei oihukatzen ari zirenari buruz. Gero, norberak berean jarraitu du: ikasleak beren leloan, Urliak bere pausoan eta Sandiak kafea hartzen.

Pasadizoa Gipuzkoako herri euskaldun batean gertatu zen joan den udaberriko eguerdi batean. Herri horretan neska-mutil guztiek D ereduan ikasten dute, eta herritarren euskararen ezagutza eta erabilera altua da. Ikasle gehientsuenek euskara dakarte etxetik. Egoera soziolinguistiko aparta, beraz, Euskal Herriko herri gehienetako egoeraren ondoan euskararen oasia, ia.

Sandia erretiroa hartzeko bezperetan den lankidea da. Bizi guztia hezkuntza munduan ibilia: garai zailak eta ez oso gozoak ezagututakoa. Lanera itzuli zenean kalean entzun eta ikusitakoa kontatu zigun, gure iritzia jakin nahian edo neska-mutil taldearen buru zihoan Urlia izatekotan guk geuk zer-nolako jokabidea izango ote genuen jakin nahian.

Gure hezitzaile taldean denetik dago: adin eta bizileku desberdinetakoak, hezkuntza mota desberdina jasotakoak eta abar; askotariko taldea da gurea, beraz. Gure artean gazteenetakoa hasi zen erantzuten. Haren ustez, ez dugu eskubiderik ikasleei beren jarduna isilarazteko. Lankidea herri euskaldun horretakoa da, inguru erabat euskalduna duena. Gainerako hezitzaile gehienok desadostasun keinua egin genuen. Hark, bere iritzian gehiago sakonduz, galdera itzuli zigun: «eta berdin jokatuko al zenukete ‘Gora Alemania’ edo ‘Gora Portugal’ esaten arituko balira?

Zer pentsa eman zigun galderak denoi, dudarik ez. «Bada, niretzat, gauza bera izan beharko litzateke», erantsi zuen dudari zirrikiturik ere utzi gabe. Desadostasun keinuak zalantzatiagoak bihurtu ziren.

Galdera onetatik omen datoz ikaspen onak. Galdera, ezbairik gabe, aberatsa da begiratzen den lekutik begiratuta, punta asko dituena. Herritar gisa, euskaldun gisa eta hezitzaile gisa kontraesanak pizteko modukoa: «eta zuk zer egingo zenuke egoera horretan?».

Eskerrak lantzean behin eguneroko bizitzarekin, bizitza errealarekin, kalean gertatzen den horrekin zerikusia duten egoerekin estropezu egiten dugun. Eta, orduan, gidaliburuek esaten dutenetik haratago, inguruari begiratu eta han saiatu behar dugun erantzuna aurkitzen.

Gu, haur ginelarik, ikastolako umeak izan ginen herri erabat erdaldunean. Beste eskoletako haurrek «los vascos» esaten ziguten. Ederki definitu zuen gerora kide batek egoera hura: euskaldunak «gutxiengo etnikoa» ginen gure herrian bertan. Horregatik izango da, akaso, nik ez nuela zalantzarik izan nola jokatuko nukeen erabakitzeko. Beste edozer oihukatzeko esango nieke, jakinik ere, beharbada, ez dela erantzun demokratikoa ezta politikoki zuzena ere. Adierazpen askatasunari muga jartzen ariko naizela, igual.

Baina zer nahi duzu, horixe da herri ez normalizatuok ordaindu behar dugun zerga gure burua defendatu eta munduan nor izaten jarraitu nahi badugu. Herri normalizatu batean burujabe ez garen arte egunero sortzen zaizkigun gisako egoeren aurrean kontraesanei aurre egin behar diegu; izan ere, izan behar baititugu marra gorri batzuk.

Bien bitartean, lanean jarraitzen dugu egoera horiek normaltasunez biziko ditugun eta gure identitatearekiko eraso gisa hartuko ez ditugun herri normalizatua eraikitzeko: bakoitzak nahi duen herria goratu eta aldarrika dezan, noski. •