Mirari Martiarena

Kasualitateak

Kasualitatez hasi nintzen nire ofizioan kirol kazetaritza lantzen. Astelehenetan kirol emaitzak eman behar ziren eta oraindik nola ez dakidala neronek hartu nuen horren ardura. Inoiz jardun horretan aritu gabea nintzen. Iritzi zutabeak egiten ere ez naiz inoiz aritu eta GAUR8n ere kasualitatez ari naiz idazten. Kasualitate gehiegi.

Kirolari buruz gauza askorik jakin gabe, kasualitatez, Mikel Aranburu, Abel Barriola, Iñaki Perurena eta Joxe Mari Olasagasti soilik ezagututa. Mundu berri bat deskubritzea izan zen eta mundu horren azpian beste mundu bat bazegoela eta badagoela ezagutu dut. Bigarren dimentsio bat, emakumeen kirolarena. Lehen Mailako emaitzak eman, Bigarren Mailakoak, Bigarren B Mailakoak eta ondoren hasten da bigarren dimentsio hori. Emakumezkoen Lehen Maila, Emakumezkoen Bigarren Maila, Emakumezkoen Kopa...

Zergatik azpimarratu behar dut behin eta berriz “emakumezko” hitza? Nire erantzuna “gizonezkoena” ere esatea izan zen futbol emaitzen kasuan. Lasterketetan ere gizonezkoetan nork irabazi zuen esaten nuen eta ondoren emakumezkoetan nor izan zen lehena, konturatu nintzen arte Unai eta Mirenek irabazi zutela esanda nahikoa nuela.

Kasualitatez, iaz, Emarri giza proba taldean hasi nintzen, animatzaile sutsu bezala. Oiartzun, Astigarraga eta Lezoko emakumeek osatzen dute taldea eta bihar jokatuko dute Perurenako I. Giza Proba Txapelketa, Ibarrako eta Zeanuriko taldeen kontra. Kartelak eman dizkigu nahiko buruhauste: Perurenako Emakumezkoen I. Giza Proba Txapelketa, Perurenako I. Emakumezkoen Giza Proba Txapelketa, I. Emakumezkoen Giza Proba Txapelketa Perurenan, Perurenako I. Giza Emakumeen Txapelketa...

Perurenako Emakumeen I. Giza Proba Txapelketa argitaratu dugu karteletan, argazkietan ikusi arren harriari tiraka ariko diren 24 kirolariak emakumeak direla. Baina emakumeak garela azpimarratu behar horrekin estutu dugu gure burua, eta beti zen ondorio bera, gizonezkoek ez luketela inongo momentutan gizonak direla azpimarratzeko beharrik izango. Eta hori ez da kasualitatea. •