Oihana Llorente Arretxea
HAUTAGAIAK ERAIKIZ

Komunikazioaren eraginkortasuna lupaz aztertuta

Hauteskunde kanpaina betean, arreta mezuetan ipini ordez, hautagaien keinu, begirada eta hizketaldiei erreparatu diegu. Oholtzara igo orduko egiten duten edo ez duten horretan jarri dugu lupa, izan ere, komunikazioa edukia baina askoz gehiago dela ikasi dugu Nerea Redondo «formakuntza erreztatzailearen» eskutik.

Hautagaiek denetarik egiten dute bozen bila
Hautagaiek denetarik egiten dute bozen bila

Udal eta foru hauteskundeetarako kanpaina bete-betean gaude. Plazetan gozoki, lore eta eskuorriak banatzen dituzte gure arretaren truke, eta frontoietan mitinek hartu dute piloten lekua. Erabakitzeko eskubidea, aurkarien kudeaketaren gaineko kritikak edota krisia titularretara iristen dira etengabe, herritarrak aspertzeraino kasik. Gure herri sobera politizatu honetan boz gehientsuenak aurrez erabakita daudela pentsatzen dugu maiz, ikerketek diotenaren arabera, baina, gero eta gehiago dira euren erabakiaren norabidea azken egun hauetan ikusi eta entzuten dutenaren arabera definitzen dutenak.

GAUR8k hautagaietan jarri nahi izan du lupa, bi asteko lasterketa honetan, oholtzara igo ala kamera aurrean ipini aurretik egiten duten edo ez duten horretan erreparatu nahi izan dugu. Nerea Redondo Otamendirekin elkartu gara horretarako. «Formakuntza erraztatzailea» dela dio berak, baina komunikazioan aditua dela ere esan genezake. Coaching saioak eskaintzen ditu, bai norbanakoak eta baita taldekoak ere. Komunikazioaren gako eta sekretuez aritu zaigu, eta jende aurrean hizketan aritu behar duen edonorentzat baliagarriak diren hainbat teknika eta gomendio ere eman dizkigu.

Gaian sakondu aurretik, gure uste sendoenak ere kolokan jarri dituen infografia atera digu (lerroon ondoan dago ikusgai). Edozein komunikazio ekintzatan hiru kanalen bidez komunikatzen garela ekarri du gogora Redondok. Edukia, ahotsa eta gorputza dira kanal horiek eta komunikazioaren eraginkortasunean duten garrantzia honela banatzen da: edukia %7; ahotsa %38 eta gorputza %55. Komunikazioren gurpila deritzo horri, eta, ikerketen arabera, gurpilaren orekak zehaztuko du komunikazioaren eraginkortasuna.

Uste genuena baina garrantzi eskasagoa duen arren, edukia beti prestatu behar dela sostengatu du Redondok: «Oso garrantzitsua da edukia prestatzea, zer esan nahi dugun dakigunean, eduki hori modu batean ala bestean komunikatu nahi dugun erabaki dezakegu, mezua eraginkorragoa izan dadin».

Galdera deserosoak jarri ditu, baina, Redondok mahaiaren bueltan. «Zer da gehien prestatzen duguna?». Noski, gaur-gaurkoz edukia da galdera horren erantzuna. «Eta zenbat denbora eskaintzen diogu gurpilaren gainerako %93ari?». Redondok berak eman du erantzuna: «Askotan, ezertxo ere ez».

Praktikatu eta praktikatuz, ikasi

Komunikazioaren gurpila ezagutzeak beldur eszenikoaren sentsazioa areagotzea ekar badezake ere, Redondok argi du, bizitzako beste arlo guztietan bezala, komunikatzen ere ikasten dela. Horregatik, ikasketa prozesuaren lehen urratsa kontzientzia hartzea dela azaldu du. Kirol probekin egin du alderaketa, eta, kirol lehiaketetara entrenatu gabe ez goazen bezala, hitzaldi, mahai-inguru edo dena delakora joan aurretik entseatu behar dela nabarmendu du. «Ispilu aurrean, gure burua grabatuz ala gure ingurukoekin hizketaldia partekatuz treba gaitezke. Hor ikusiko dugu zer egiten dugun ondo eta zer hobe dezakegun», dio. Jakin badaki gure burua argazki ala filmetan ikustea zein gogorra den, baina epaiketak alboratuz gure buruak zuzenean ikustea hobekuntza perspektiba batean oso baliagarria dela defendatzen du.

Komunikazioaren sekretuen gaineko bibliografia zabala dagoen arren, autoa gidatzen ikasteko esperientziaren modukoa omen da komunikazioarena. Enbragea, frenoa ala azeleragailua non dauden mila aldiz irakurri eta azaldu arren, gogora ekarri duen bezala, benetan praktikatuz jabetzen gara horretaz. Lehen saiakeran ez ernegatzeko, hasierako sentsazioa ere autoeskolako lehen eguneko bera dela dio Redondok. «Eskuak eta hankak falta zaizkizu autoeskolako lehen egunean. Kontzienteki komunikatzen hasten garenean ere eskuekin zer egin, begirada nora zuzendu eta tonua nola erabili erabakitzen erotzen gara, baina ikasten da», dio animatu nahian. Gaiaren gaineko liburuak irakurtzea eta trebakuntza ikastaroak jasotzea garrantzitsua dela argi duen arren, jakintza horiek apalean ez uzteko deia egin du.

Komunikazioaren parean entzuketa kokatu du eta entzuketa maila desberdinak daudela azaldu du Redondok: bakarrizketa maila, azaleko entzuketa eta sakona, hain zuzen ere.

Lehen maila igogailuko elkarrizketen parekoa dela defendatu du. Gure jendartean, isiltasunak urduritzen gaituen jakitun da Redondo eta hura betetzearren edozer esaten dugula uste du, parekoak galdetu digunari apenas erreparatu gabe.

Azaleko entzuketa da Redondoren arabera, gehienok gure egunerokotasunean egiten duguna. Hau da, itxuraz entzun bai, baina benetan horretara jarri gabe. «Aurreiritziz beteta gaude eta parekoak zer esango digun aurreikusten dugu; hizketakideak bukatu aurretik mozteko ohitura dugu, eta, azalpena bukatu arte isilik gelditzen bagara ere, entzuten egon ordez, zer eta nola erantzun pentsatzen gaude. Erabilgarria izan daitekeen informazio asko galtzen da horrela», nabarmendu du.

Entzuketa sakona da hirugarren maila eta komunikazio eraginkor baten mesedetan maila hau da interesgarriena. Komunikatu gurpil osoarekin komunikatzen bagara, entzun ere gurpil osoarekin egin behar dela nabarmendu du donostiarrak; ahotsak eta gorpuzkerak ere zeresana dutela gogora ekarriz, alegia. «Entzuketa aukera desberdinak daudela argi edukitzea da kontua, eta, guretzako garrantzitsuak diren une ala harreman horietan, entzuketa sakonaren alde egin behar dela gogoratu behar dugu. Kontzientzia hartu, bonbilla gorria piztu eta sakon entzun. Itxaron azalpena bukatu arte, ez utzi lekurik aurreiritziei, arreta jarri gorpuzkera eta tonuan...», dio.

Gure komunikazioa hobetzeko teknika mordoa eman dizkigu Redondok, baina, edozein teknika martxan jarri aurretik segurtasuna sentitzean jarri du azpimarra. Entrenamenduaren bidez lasaitasuna eskuratzen dela nabarmendu arren, arnasketan arreta jartzea gomendatu du. «Urduri gaudela ohartuz gero, egin arnasketa ariketak lasaitzeko», gomendatu du. «Beti berdina eginez gero, emaitza bera izango da. Gauzak desberdinak eginez gero, emaitzak ere desberdinak izango dira». Hitz horiekin animatu ohi ditu Redondok ikasleak bere ikastaroetan erakusten dituen teknikak praktikan ipintzera, eta berdina esanez eman digu guri ere komunikazio tekniken berri.

Gorputz teknikak

Gure gorputza kalakaria da. Nahita edo nahigabe zer edo zer esaten du, eta esaten duen edo esaten ez duen horrek, gainera, garrantzi izugarria du komunikazioan. Zehazki, aurrez aipatutako komunikazioren gurpilaren arabera, %55eko garrantzia. Aspaldikoa da gorputz komunikazioaren gaineko ikerketa, adibide bat aipatzearren, 1960an, Kennedy eta Nixonen arteko debatean, irratiz entzun zuten gehienek Nixon eman zuten garaile; debatea telebistaren bitartez ikusi zutenek, berriz, Kennedy jo zuten garaile. Eztabaida horretan, beraz, gorputz hizkuntza funtsezkoa izan zen balantza batera edo bestera joan zedin.

Ahozko hizkuntza ikasten den moduan, gorputz hizkuntza ere ikas daiteke. Horren adibide dira goi mailako politikari askoren coaching entrenatzaile edo aholkulari pertsonalak, edozein eztabaida edo agerraldiren aitzinean zer gorputz keinu, mugimendu... noiz eta nola egin erakusten dizkietenak. Guri Nerea Redondok erakutsi dizkigu. Eskuen komunikazioarekin hasi zaigu. Hitz egiterako orduan eskuak erabili behar ditugula argi dugu guztiok, baina, kontuz, eskuak asko mugitzea gutxi mugitzea bezain kaltegarri izan daitekeelako; izan ere, neurrigabeko mugimenduak komunikazioa zikindu eta arreta eragozten du.

Hasteko, eskuak sostengu moduan eta kontzienteki erabili behar ditugula aholkatu digu Redondok. «Eskuak beti ditugu soinean, ez, ordea, lasaitasuna eman bai, baina komunikazioa zikintzen duten boligrafo ala paperak. Eskuek egonkortasuna ematen dute, erabili beraz!», dio argi. Eserita gaudenean, hasteko, eskuak izter gainean jartzea aholkatu du, mahai baten bueltan ala atril baten aurrean gaudenean, aldiz, haren gainean sostengatzeko. «Hori da eskuen abiapuntua eta postura horrek komunikatzeko jarrera dakar; hortik altxatuko ditugu, noski, baina, gaiez aldatzerakoan, deskantsatzerakoan edo arnasterakoan beti itzuliko dira leku berera, hala, eskuak kontzienteki erabiliko ditugu», azaldu du.

Begirada ere zaindu beharrekoa da. Hizlariek oro har lehen lerroetan ala ezagunengan jartzen dute begirada, eta hori nahikoa ez delakoan da Redondo. Haren aburuz, ahal den neurrian entzule guztiei begiratzeko ahalegina egin behar da, nahiz eta galderak beti zonalde beretik etorri. Izan ere, hizlariaren arreta gune batean zentratuz gero, beste entzuleek arreta galtzeko arriskua dute.

Edozein hizketaldi egin aurretik entseatzea gomendatzen du Redondok, agertokira hurbildu eta ostean begirada pausatuko duzun hiruzpalau puntu hartzeko. «Hizlariak begiratzen zaituenean garrantzitsua sentitzen zara, ekitaldiaren parte, eta, beraz, arreta mantentzeko ahalegin handiagoa egiten du entzuleak», dio.

Entzuleak parte hartzaile egiteko beste teknika bat euren izenez deitzea da. «Elkarrizketatzailearen edo galdera egin dizun horren izena baldin baduzu, erabili, deitu bere izenez. Eta ez badakizu, galdetu, horrek ere gertutasuna erakusten du», dio gomendio gisa.

Gorpuzkera ere aldatu behar dela uste du Redondok: «Beti zutik ala beti eserita? Erabili! Zutitu arreta mantentzeko, edukiari garrantzia emateko, zerbait azpimarratzeko...». Agertokiak moda-modan daudela ongi daki Redondok, baina entzuleak eserita dauden bitartean hizlaria zutik aritzeak klase magistral baten antza hartzen duela ekarri du gogora, «eta horrek parez parekotasun eta hurbiltasunarekin zerikusi gutxi du», ohartarazi du.

Ahotsak ere berebiziko garrantzia du komunikazio mintzatuan, beraz, hizketaldian zehar tonu baxu ala ozenagoak eta hizketaldi azkarrago eta mantsoagoak erabiltzeko aholkua eman du.

Edukiari dagokionez, hartzailearen arabera moldatu behar dela uste du Redondok, ez baita berdina zahar egoitza batean ala gaztetxe batean aritzea. Hartzailearen araberako hizkuntza erabiltzearen alde ere agertu da.

Era berean, metaforek eta ipuinek duten garrantzia ekarri du gogora. «Edukiarekiko mozketa eragiteaz gain, entzuleak askoz hobeto gogoratuko ditu halakoak eta edukiak ulergarriago egingo ditugu», azaldu du. Hedatu nahi duten edukia ipuin formatuan hedatzea zail ikusten duten horientzat, sormena garatzeko eta metafora eta ipuinak osatzeko hamaika ikastaro daudela gogorarazi du donostiarrak.

Ipuinen antzera, bertsoek eta abestiek, ondo erabiliz gero, ekar dezaketen efektua nabarmendu nahi izan du, eta hauteskunde kanpaina betean gaudela-eta, politikariak maila batean aktoreak ere badirela gogora ekarriz halakoak praktikan jartzeko desafioa egin die.

Edozein lekura goazela, komunikatzeko baldintzak gure alde jartzea hil ala bizikoa dela defendatu du Redondok. «Joan baino lehen, jakin nora zoazten. Ez da berdina ekitaldi, debate ala mahai-inguru bat, eta ezta zahar egoitza, telebista ala areto handi bat», ohartarazi du. Nora goazen jakiteaz gainera, agertokia nolakoa izango den ezagutu behar dela uste du. «Papera eraman behar baduzu, non utzi baduzula ziurtatu; taburete gainean eserita hitz egin behar baduzu, saiatu eroso egoten, lurrera iristen zarela frogatu; gonarekin bazoaz, eroso zaudela ziurtatu...», dio.

Estiloari eutsi eta eroso sentitu

Arropa eta itxura ere zaindu beharreko kontuak dira. Redondoren arabera, erosotasunak izan behar du helburua, norbera bere buruarekin gustura sentitzea, eta, beraz, estreinatu ez dugun ezer ez erabiltzeko gomendioa egin du: «Zapata ala arropa berriekin baldintzatuta sentitu ahal zara; zapatek min egin dezakete, eta, arropak, adibidez, izerdiarazi... Arropak ezin du traba bat izan, zure alde jarri behar duzu».

Janzkera eta estiloari dagokionez, Redondoren arabera, norberak bere estiloa mantendu behar du; «noski, ez gara berdin janzten lan elkarrizketa batera bagoaz ala lagunekin afaltzera bagoaz, baina, era batean edo bestean, norberaren estiloa zaindu behar da». Hala ere, aholku zuzena eman die betaurrekoak erabiltzen dituzten horiei: «Betaurrekoak estu eraman! Eskuak etengabe aurpegiaren bueltan edukitzeak komunikazioa zikindu eta segurtasun falta erakusten du-eta!».

Gure hartzaileekin bat egitea, berdintzea, komunikaziorako baldintza egokiak lortzea garrantzitsua da eta hori Rapport teknikaren bidez eskuratzen da. «Konfrontazioa gainditu eta parez parekotasuna eskuratzea garrantzitsua da. Norbait triste badago, kezkak konpartituz, enpatia erakutsiz mugiaraziko dugu», azaldu du.

Aurrez aipatu bezala, entzuketa ere bada komunikazioaren zati garrantzitsua, eta, beraz, hari ere arreta jarri behar zaiola oso argi du Redondok. Elkarrizketaren batean ala galderak daudenean, sakon entzun behar dela defendatu du, baina baita ez daudenean ere; «entzuleengan arreta ipini, aspertuta badaude edo euria hasi badu, azkar bukatu», dio.

Isiltasunari beldurra diogun arren, komunikazio ikuspegitik oso boteretsua dela defendatu du. «Galdera baten aurrean apur batez isilik geratzeak pentsatzen ari zarela frogatzen du, eta hori seinale ona da. Pentsatu gabe erantzuten baduzu, galdera dena delakoa izanda berbera erantzungo zenukeela dirudi», dio.

Teknikek garrantzia duten arren, praktikatzea da, Redondoren arabera, gakoa. «Hizketaldia entseatuz gero, ulertzen ez diren edo trabatzen zaizkizun hitzak daudela ohartu eta aldatzeko aukera duzu», ekarri du gogora. Makuluak ere ohikoak dira gure hizketaldietan. Makulu bakoitzaren atzean segurtasun falta dagoela ohartarazi du, eta, horien ordez, arnasarekin jolastea edota bestelako esamoldeak erabiltzea gomendatzen du. Era berean, praktikatuz gero, denbora ere neur daiteke. «Sekulako edukia prestatu baina entseatzen ez bada, agian ez da dena azaltzeko astirik. Jenderen arreta ere mantendu behar da, eta, praktikatuz, jendearen arreta galtzea ekidin daiteke», azaldu du.

Teknikek komunikazioa errazten dute, horiek ezagutzea eta bizkar zorroan eramatea garrantzitsua da, baina teknika bakoitza norberaren estilora eramatera da, Redondoren arabera, giltzarria. «Tresnak hor daude, ez ditugu zertan etengabe erabili behar, baina, edukia prestatzerakoan, teknika horiekin gogoratu eta helburuen arabera erabili behar ditugu. Zuk zeuk hori kontrolatzeak, gainera, segurtasuna ematen du», nabarmendu du Redondok.

Bere ikastaroen ostean, harritxoak oparitzen ditu Redondok, gainean eraman eta gure baliabideekin gogorarazteko harriak. GAUR8 berarentzat ere harritxoa ekarri du opari.