Koldo Sagasti

«Nakba» gehiagorik ez

Atzo zorigaiztoko urteurrena gogoratu zuten palestinarrek, 1948ko maiatzaren 15ean mugimendu sionistak, aldebakarrez, Israelgo Estatua aldarrikatu zuenekoa. Egun hartan abiatu zen palestinarren hondamendia, erbestea. Geroztik, egunez egun eta oldarraldiz oldarraldi, etengabekoa izan da eremu horretan bizi zirenen garbiketa etnikoa. 67 urte geroago errefuxiatuen kopurua biderkatu egin da, milioi eskas bat izatetik ia sei milioira; Palestinaren eremua zegokien lur azalaren %10era murriztu da; eta ur baliabideak, azpiegitura ekonomikoak, mugak eta itsasorako irteerak okupatzaileek kudeatzen dituzte. Egoera desorekatu eta bidegabe horretan urrats bat baino ez zaio geratzen Israeli duela zazpi hamarkada abiatutako bide orriari legalitate bermea emateko: nazioarteko komunitatearen onespena.

Azkenaldian, bolo-bolo dabil nazioartean Palestinako Estatuaren diskurtsoa. Ezker instituzionaleko alderdiek ere bere egin dute palestinarrek gaur egungo eremu eta baldintzetan estatua sortu beharraren aldarrikapena (baita ezker abertzaleak ere). Baina ez al litzateke hori egungo egoerari zilegitasun bermea ematea? Balizko estatu palestinar zatikatua onartzeak, ezinbestean, Israelek urte hauetan guztietan burututako okupazioa ontzat hartzea ekarriko luke; eta bideraezina egingo luke nazioarteko legediak errefuxiatuei onartzen dien jaioterrietara bueltatzeko eskubidea. Baina, bereziki kezkagarria dena: borondate onez estatu palestinarra aldarrikatzen duten horiek nor dira palestinarren galtzetan sartzeko? Palestinako herria burujabea izango bada, erabaki dezatela eurek nola antolatu euren gizartea, eta gu kezka gaitezen gutxieneko giza eskubideak errespeta daitezen: okupazioaren amaiera, errefuxiatuen itzulera eta eskubide berdintasuna. •