Iker Barandiaran

Pareko jarlekukoen duintasuna

Astean aukera izan dut Goiena Telebistak ekoitzitako Ion Salaberri zenari buruzko dokumentala ikusteko. Hogei urte bete dira arrasatear hau hil zela. Salaberri ezaguna egin zen Euskal Herrian eta baita hemendik kanpo ere hiesa zuela publiko egiten lehenetarikoa izateagatik eta horren alde egindako lanarengatik. Salaberrik publiko agertu zuen heroina kontsumitzailea eta homosexuala zela, biak ala biak hiesaz kutsatzeko arrisku faktore erabakigarriak; eta gizartean garai hartan gaizki ikusiak zeudenak. Homosexualitatea kontu erabat pertsonala da, norberari bakarrik dagokiona; heroinazalea izatea, berriz, publiko bihurtzen da kasu askotan nahitaez.

Ezagutu ditut William Burroughs, Antonio Escohotado eta Lou Reed berak, besteak beste, kaleratutako lanetako batzuk, baina nik behintzat ez dut heroinarekin lotutako erromantizismorik bizi izan. Nire aurreko belaunaldian ezjakintasunez gazte asko engantxatu ziren heroinarekin, jende kopuru ikaragarria. Gure belaunaldian, ordea, jakina zen horren kontsumoa areagotzeak eragin oso gogorrak izan zitzakeela, eta, horretarako, bakarrik bizi behar zenuela. Horrek salbatu gintuen.

80ko hamarkadaren erdian kalean bizi genuen egunerokoa, han egiten genituen ordu ia guztiak. Arrasateko Sebero Altube plazan, herri erdi-erdian, egiten genituen ordu gehienak, eta handik oso-oso hurbil zegoen Gurea gaztetxean. Kolektiboen, punkaren eta heroinaren urteak ziren haiek eta heroina gogor sartuta zegoen batzuek kolektiboekin eta punkarekin bukatu nahi zutelako. Hala, gauza asko nahastu ziren eta pertsona batzuk –asko tamalez– pertsona aktibo baliagarriak izatetik junkieak izatera pasa ziren. Junkieak diot heroinaren bilatze hori lanbide edo bizibide bakarra bihurtzen zutelako. Honela, gaztetxetik heroina eta kosta ahala kosta buruan heroina bakarrik zuten pertsona horiek botatzeko ahalegin ugari egin zituzten.

Hala, junkie askok eta askok lehen aipatutako plaza finkatu zuten topagunetzat. Hurbil-hurbil genituen eta egunetik egunera haien degenerazio fisiko zein psikikoaren eta oro har gainbeheraren lekuko zuzenak izan ginen. Haietako gehienekin inoiz hitz egin ez banuen ere, gogoan ditut haietako asko, ehunka modu desberdinetan, betiere gazteegi, hil zirenak: balkoitik jausita, auto istripuetan, gehiegizko dosia hartzearren, erabat ahulduta gaixotasun gogor batek eramanda… Luzaroan plaza hartan batzen aritu zirenetako gutxi daude oraindik bizirik.

Errez antzematen genituen haien itxarote urduriak, ia eramanezinak, behar zutena heltzen zeneko antsietatea, bat-bateko jarrera eta adore aldaketa nabarmenak, auskalo-non-eta-nola-lortutako diruaren eskuratzea, batzuen hasierako konpartitzeko nahia, beste batzuen zitalkeria edo norberakeria. Inoiz –aldi bakanen batean– haietakoren bat bere itsutasunean gu erasotzen saiatu zen, diru bila, dosi bila, baina gure erantzun irmoaren aurrean bere ahultasunaz jabetu eta atzera egin zuen lotsatuta berehala. Izan ere, gaixoak ziren; egunerokoan beste gauza guztiak alboratuta erabat inoiz aseko ez zituela jakin arren ipar bakarra zutenak. Horren erakusle zen, besteak beste, horietako askok, behin beraien beharra aseta eta beste diru apur bat zutenean, biharamunari erreparatu gabe, umeen gisa, humanitate handia erakutsita nola jokatzen zuten ikustea; apur hori ia ezezagunak izan zitzaketen ingurukoekin eskuzabal konpartituz.

Istorio grisak, krudelak, ziren heroinarako bakarrik bizi ziren pertsona haienak, kolorerik gabekoak; grisak, tristeak eta oso gogorrak; zer esanik ez, haien etxeetan eta lagunen artean; inola ere inoiz inon onartuko ez bazuten arren, galdutzat zituztelako.

Horietako askok, gainera, hiesaren bisita jaso zuten eta hura gelditzeko etorri zen, oraindik ere sendagai edo aringarri ezagunik ez baitzuen garai hartan. Eta horrek, are eta gehiago zaildu zuen pertsona haien bizirautea eta bizitza kalitatea. Salaberrik bere azalean bizi izan zuen hori, eta halako batean egindako hautuari eta ondorioz lan erraldoiari esker, ezikusia egiten zitzaien pertsona haiei –eta beste batzuei– gizarteak poliki-poliki aurpegia jarri zien, nolabaiteko irtenbide aukera eskaini zitzaien –argi pixka bat eta duintasuna– eta beste eragile batzuek haien zaintza hobetzeko pausoak ematea lortu zuen. Lan itzela, duintasuna berreskuratzea. •