NAIZ

A9 Paris. Bertatik bertarako testigantzak

«Bakea Euskal Herrian, orain presoak» lelopean 11.000 lagun batu eta presoen aldeko elkartasuna Pariseko bihotzeraino eraman zuten. Asko izan ziren Pariseko manifestazioa betikotu asmoz irudi eta bideoak jaso eta sareetan zabaldu zituztenak. Kronikatxo honetan bertatik bertarako testigantza horiek bildu nahi izan ditugu, manifestaldia ertz eta ikuspegi anitzetatik jaso asmoz.

Euskal Herriko txoko guztietako herritarrak bertaratu ziren larunbatean  eta euskal presoen aldeko aldarria ozen entzunarazi zuten Pariseko karriketan.

Euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurrien bukaera exijitu eta bake prozesuaren aldeko inplikazioa galdegin zuten larunbatean Pariseko bihotzean. Aldarrikapenak nagusi izan baziren ere, musika eta giro ona lagun izan zuten ibilbide osoan. Hala jasotzen dute bederen ondoko bideoek:

Ikuspegi eta ertz asko izan zituen manifestaldiak, irudiak haien isla jasotzen saiatzen dira.

Makina bat ikurrina eta bandera ikusi zitekeen Pariseko kaleetan barrena dantzan. Haietako askok euskal presoen euskal herriratzea galdegin zuten. Haietako pankarta bat berezia zen ordea.

 

Parisera bertaratutako euskal herritarrek paristar askoren elkartasuna gertu sentitu zuten. PCFko egoitzan, adibidez kafe bero eta hamaiketakoarekin egin zieten ongi etorria bertaratutakoei. Euskal herritarrak bueltan, internazionala abestu zieten, esker onez.

Manifestazioaren ostean, bertaratutako guztiek ez zuten etxerako bidea segituan hartu… Pariseko Euskal Etxea behintzat, gainezka zegoen manifestaldia amaitu eta zenbait ordutara.

Euskal presoen eskubideen alde egindako mobilizazio zein keinuak eragin itzela izan ohi dute preso zein euren senideengan. Parisera bertaratutako senideek esker oneko hitzak izan zituzten manifestazioaren antolatzaileentzat. Valentzian preso duten Manex Zubiagak, espetxetik egiten duen telefono deiaren bidez Pariseko hitzorduaren testigu zuzena izan zen eta hala jakinarazi zuten Twitterren.

Koadrila, auzo, herri edota eskualdeko talde argazki franko atera ziren Parisen, larunbateko hitzordua betikotu eta bertan izan zirela frogatzeko bokazioz. Tartean izan ziren, Bizkaiko Ezkerraldeako gazteek, Lea Artibai eskualdeko zenbait alkatek edota Oñatitik edo Azpeititik Parisera joandako herritarrek ateratako irudiak.

Pariseko hitzorduak euskal komunikabideetan zein atzerrikoetan izandako oihartzuna ere hizpide izan dute Twitterren.