Josu Iraeta
Idazlea

Adan eta saihetsa

Arazo larri bezain lotsagarri baten aurrean, nondik jo, nola jorratu, nori leporatu ardura, ez dira bromako galderak. Urteak daramazkigu indarkeria sexista gora eta behera, eta hain esaldi eta hausnarketa borobil bezain ikaragarriak entzunda, badirudi laster arazoa desagerraraziko dugula. Zoko guztietatik agertzen dira arazo honi aurre egiteko gai diren «jakintsuak», batez ere, hauteskunde inguruan.

Baina, ni ez nago ados, ez arazoa aztertzeko garaian ezta aurre egiteko aukeratutako zigor metodologiarekin. Ezta ere, ez nago ados kanpotik etorritako zerbait dela esaten danean, eta gainera, beste hainbat arazoei aurre egitekoan bezala, zigorra ez da erabaki egokia.

Arazoa latza da, egia, indarkeri mota hau ez baita mamitzen tartean heriotza duenean edo «Sanferminetan» eta Baiona, Donostia edo Bilboko jaietan bakarrik. Gainera, ez da kanpotik etorritako zerbait, ezta erabat berriki sortutakoa, arazoak sustrai oso luzeak ditu eta gure arbasoen erlijio eta ohiturak zer ikusi handia dute.

Ezin daiteke esan arazoa gure arbasoen baitan bakarrik dagoenik, baina kanpotik etorritako zerbait dela esateak ez digu ezertan lagunduko, eta gainera gezur hutsa da, nahiz hainbat atzerritar gure inguruetara hurbildutakoak erasogile trebeak izan. Jakinik eta onartuz, hemen Nafarroan gertatzen ari danarekin oso bero gaudela, Euskal lurralde osoko arazo larria da.

Nahi nuke atzera begiratuz, –XVI. Menderaino jauzi eginez– gure arbasoen Euskal Herrian natura –bere osotasunean– zela biziraupenerako ardatz nagusia. Hala talde eta jendarte bizitzan, nola banakotasunean, inguruarekiko menpekotasuna erabatekoa zen.

Hainbestekoa izanik, ezinbestekoa zen indar haien kontrola bilatzea, kalteak saihesteko. Aldekotasunak errito eta mitoen bitartez eragozgarri honek, eraman zuen denborarekin erlijioa osatzera. Lurra, ilargia, zerua, eguzkia…

Gure arbasoen erlijioak beraz, naturan du bere sorburua eta sinesmen hartan oinarritutako jardunak sustrai sakonak utzi ditu Euskal Herrian.

Esan daiteke XVI. mendean kristautasuna Euskal Herri osoan hedatuta zegoela eta honek aldaketa sakona ekarri zigula. Besteak beste, lurraren jabegoa ulertzeko kristautasunetik zetorren eredu pribatuak ekarri bai zituen lehen desberdintasunak, klaseen arteko borroka, alegia.

Eliza kristauak laster eutsi zion ordura arte lurralde hauetan ohi zen erlijioko usadio eta mitoak deuseztatzeari. Ohituren jarraitzaileak deabruarekin loturak izateaz akusatu zituzten; haurren odol xurgatzeaz, uzta txarrak bultzatzeaz… Erroma inperialeko zerbitzariek lehenago kristauekin egin zuten gauza berbera errepikatu zuten hauek, beste erlijio bat jarraitzen zutenekin.

Testuinguru honetan kokatu behar ditugu sorginak, heresia eta Elizak bultzatutako errepresioa.

Garai honetan igaro zen emakumea errepresioaren jomuga lehentasunezkoa bilakatzera, eta ez kasualitatez. Emakumea eremu magikoarekin lotzen da, gaizkileekin. Kristautasunarentzat, emakumea bekatu-iturria da eta bere errito zein ospatze ardura guztietatik aldendu egiten du. Zeremonia eta jendarte kristauan gizonezkoa da bide guztien jabe. Garai hartan, emakumea ez zen deus, sorginkerian jarduteko, mundura gizakumeak ekartzeko eta gutxi gehiagorako balioa ematen zitzaion…

Hala ere esan behar da errito guztiak ez zirela kristautasunaren aurkakoak. Berez, apaiz kristauak ere egon ziren inkisizio kasuetan nahastuta. Baserri giroan, asko, meza ondoren ere biltzen ziren leize-zuloetan eta bidegurutzeetan (euren ohiko leku sakratuetan) denen partaidetzarekin jaiak ospatzeko. Kristauen ereduan, ordea, zeremoniaren protagonista bakarra apaiza zen, eta bildutakoei bizkarra emanez jarduten zuen.

Hura zen garai hartako «klase gidaria» eta Elizaren bitartez osatu zuen poliki-poliki, euren interesen defentsarako egitura. Emaitza: gaur egun irauten duen «kristau morala».

Portaera mota guztiak arautu zituzten. Ohitura zaharren eta kristau sinesmena, aurrez aurre jarri eta haiek moral gabeak jo zituzten.

Horrela, sinesmen zaharrak moral gabeak izatera igaro ziren, naturaz goragoko lotutakoak, sorgin eta heretikoen gauzak.

Oro har «sorgin» izendatuari bi ikuspuntutik hurbil gaitezke: Sorgina, errealitatetik kanpoko zera; eta sorgina, zer erreala, egiazkoa, gorpuzduna, sozialki horrela onartua.

Lehena mito zaharra da, ikusezina, irreal, kalte eta gaitzen sinboloa. Gorputzik gabeko espiritua izaki, uxatzeko errito andana erabili ohi izan da.

Elizak berak, (azpimarratu beharra dago), sorgin eredu hau erabili izan du kristauak deabruarekin parekatzeko.

Beste «sorgin» eredura joaz, gorpuzdunera alegia, esan behar da emakume honek jasan zituela errepresioaren ondorio zuzenak. Torturatu eta sutan erre zituzten, askotan ingurukoen bekaizkeria eta mendekuen ondorioz.

Emakume-sorgin hauen artean, beste bi talde egin ditzakegu: Batean, gazteak eta ederrak daude, bekatuaren sinboloak, duela gutxi esan bezala. Edertasuna argudio indartsua bilatzen zen deabruarekin lotzeko. Bestean emakume adinduak daude, askotan atsoak eta alargunak. Hauek ez ziren arriskutsuak agintean zeudenentzat, baina ospea zuten herritarren artean, estimu handikoak, jendeak beraiengana jotzen zuen, gaitzetatik osatzeko, belarrak eta ziropak erabiliaz.

Hasieran esandakoaren bidetik, ez dut ikusten instituzioetatik bultzatzen diren kanpainak arazoaren amaiera ekarriko dutenik. Egia da biktimei eskaintzen zaizkion laguntzak egokiak direla, baita Iruñeko alkateak, sanferminetan bultzatutako erantzun indartsua, bertako Peñak eta gizarteak azaldutako jarrera dotorea gehituz.

Baina nire ustez, arazoa ez da horrela konponduko, heziketa egokien bidez baizik. Duela hainbat hamarkada, haurrak ziren adinean, mutikoak neskaren gelara sartuta zigortzen zituzten ikastetxeak, ez ditu inork azaleratzen, baina ez daude hain urrun.

Eliza katolikoak ez du zer esanik egoera larri honetan?

José Julian Martí Pérez, La Habanan jaiotako politikari eta poeta ospetsuak zioen bezala: «Egitea da esateko era hoberena». Ea ba.

Bilatu