Sonia González
Afera politikoa, ez juridikoa

«Estatuaren indar erakustaldia da eta, horrela den heinean, ez al lukete Euskal Herriko eragileek determinazio edo argitasun handiagoa erakutsi beharko?»

2012/11/29

Gabonetako paga gora, Gabonetako paga behera. Txostenak gora, txostenak behera. Afera juridikoa bailitzan eta txostengile hoberena daukanak gaiari haginkadarik eraginkorrena emango balio bezala.


Ez gaude, baina, afera juridiko baten aurrean. Afera hau politikoa da guztiz. Eta bere esangura areagotzen duen «detailea» daukagu, Extremadurako presidente Monagoren lehen hanka sartzearen ostean, kalapita EAEn eta Nafarroan kokatuta egotea: zer nagusitu behar da Estatuaren agindua ala Euskal Herriko instituzioetan politika propioak egiteko ahalmena?
Agindu hauen azken helburuetako bat Euskal Herriko instituzioak ekinbiderako loturik uztea da. Beraz, honelakoen konponbidea ezin da juridikoa izan, politikoa baino. Lehenengo eta behin, hartzen ari diren neurri guztiek birzentralizaziorako bidea jorratzen dutela kargutu eta, bigarrenik, birzentralizazio bide horri mugak ipini eta kontra egin berandu baino lehen.
Subterfugio juridikoek emaitza onik izango ote duten murriztu da eztabaida. Egia da subterfugio juridikoak erabiltzea tresna eraginkorra izan daitekeela hainbat lorpenetarako. Herri honetan ondo dakigu hori. Baina proiektuen arteko talkan eta bidegurutze aurrean ezin da ibilbidea horretan oinarritu.


Barcinak modan ipini zuen formula –ordainketa bat urtarrilera aurreratzea– nahiko modan jarri da, harik eta berari ere balio izan ez dion arte. Eta harik eta, PSEk (nor eta PSEk), PNVrekin daukan sasi-borrokaren azken ziri moduan, aginduari uko egitea erabiltzea erabaki duen arte. Bestetik, PNVren erantzuna oso esanguratsua izan da: Madriletik agindutako legeak bete behar direla, ezinbestean; bestela, ondorioak etor litezkeela. Segurtasun juridikoaren printzipioari eutsi behar zaiola dio Bilbaok. Ze segurtasun eskaintzen digu euskal herritarroi Estatuko legeen menpe egotera behartzeak? Ez omen daude prest deliturik egiteko. Prest daude, ordea, azken urteotan zehar, krisia aitzaki, burutzen ari den lapurretarik handienean parte hartzeko eta konplizitate politikoa eskaintzeko ahal duten momentu eta egoera orotan.


Egoera honek berriro ere urte hauetan guztietan PNV eta UPNren erregionalismoak erabili izan duen autogobernuaren jostailua gero eta apurtuago dagoela erakutsi die herritarrei eta bere onurak saltzea gero eta gaitzagoa dela alderdioi. Gailendu dena ez da izan eztabaida ekonomikoa, ea diru nahikoa dagoen ala ez, nahiz eta Madriletik neurri ekonomiko beharrezkotzat saldu. Gailendu dena da Madrileko agindu bat dela eta agindu hori era berean bete beharra dutela erkidego autonomiko guztiek. Honela tribunalek ebatzi beharko lituzketen balizko ondorioak herrien arteko konfrontazioa zigortzeko ebatziko lituzkete.
Erabakitzeko eskubidea da mahai gainean dagoena. Estatuaren indar erakustaldia da eta, horrela den heinean, ez al lukete Euskal Herriko eragileek determinazio edo argitasun handiagoa erakutsi beharko? Euskal Herria guztiz bere buruaren jabe bihurtzeko edo guztiz lotzeko bidea une honetan honelakoetatik pasatzen ari da, lehen begiradan gezurra dirudien arren.

Artikuluak
Gorka Elejabarrieta
2014/10/25
Iker Barandiaran
2014/10/25
Iñaki Egaña
2014/10/25
Gutunak
Joxe Iriarte, «Bikila» I Oiartzun
2014/10/24
Roman Elosegi Etxabe I Zaldibia. Federazio fitxa zenbakia: 1.517
2014/10/24
Gorka Etxeberria I Donostia
2014/10/23
Juan Barasoain, Alberto Oskoz, Itziar Gorriz, EIhande Argos, María Peña I Despedidos Faurecia Orkoien
2014/10/22