Angel Irigoras Ormazabal
Senide eta herritar fusilatu batzuen izenean

Agur eta Ohore, Zegamako biktima guztientzat eskubide berdinak

81 urte geroago, beraien senideak eta herritar batzuen asmoarekin bat, Udalari eskaera egina diogu gure herritar senideak edo gure herrian fusilatu ondoren lurperatuak ere Zegamako Udalak errekonozitu ditzan.

Datorren irailaren 22an 81 urte beteko dira Zegamako Idiakaitz-Goenan jaio zen Eugenio Echeverria Azurmendi frankista-faxistek fusilatu zutela Tolosan. Hurrengo egunean, 1936ko irailaren 23an, Zegamako Galzadamakurran (Txakur-Txulo) jaio eta Ormaiztegin, frankista-faxistek, Gregorio Sarasola Arizkorreta fusilatu zutela. Egun berean, 1936ko irailaren 23ean, Zegamako Otsaurteko mikelete-maisua zen Zelestino Azurmendi Arrondo fusilatu zuten Aizpurutxoko (Azkoitia) Larregi harrobian… 1944ko urriaren 25ean Aratz mendian, estatuaren indar armatuek tiroz hil (makia) eta Zegamako kanposantuan lurperatu zuten Sanchez Cordero, deiturarekin erregistro zibilean azaltzen den gizasemea…

81 urte geroago, beraien senideak eta herritar batzuen asmoarekin bat, Udalari eskaera egina diogu gure herritar senideak edo gure herrian fusilatu ondoren lurperatuak ere Zegamako Udalak errekonozitu ditzan. Izan ere, bi urte luze pasa dira biktima batzuen oroimenez Zegamako Udalak oroimenaren txokoa inauguratu zuenetik (2015-06-07), eta bi aldiz (hitzez, dokumentatuta 2015ean eta idatziz (2016-03-03) eskaera egin dela.

Dagoeneko beste administrazio edo instituzio batzuek gure herritar hauek errekonozituak dituzte frankistek fusilatuak bezala: Tolosa, Olazti eta Legazpiko Udalak, baita Euskal Memoria Fundazioa, Aranzadi Zientzia Elkartea, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia edo Nafarrokoak ere.

Berriro eskatzen dugu azaldu daitezkeen guztiak, 1936. urtean hasitako Estatu golpearen ondorioz konpondu gabe dugun arazo politikoaren ondorioz kaltetuak izan diren herritar biktima guztiak ere; 40 herritar frontean edo fusilatu izan zirenak; preso izan genituen 80tik gora herritar; Destacamento Penal de Cegama-n izan genituen ehun bat preso-esklabo errepublikar; Udal, Diputazioko edo beste administrazio batzuetako herritar langile zigortuak edo lanpostua galdu zutenak; ilea moztutakoak… Horik guztiek ere errekonozitzea eskatzen dugu. Izan ere, zergatik batzuentzat omenaldiak, monumentuak, kale-izenak, oroitarriak eta besteentzat ahanztura? Zegaman, oraindik, Juan Telleriak (Cara al Sol) edo Aseguinolaza anaiek, falangistak, kaleen izenak dituzte; Jose Antonio Primo de Riverak oroitarria du, eta badago beste oroitarri bat «Caidos por Dios y por la Patria»… jakina memoria legea 2007koa da eta agian oraindik aztertzen ariko da gure herriko agintaria.                          

Lerro hauen bidez herritar hauentzat gogoratzea ez ezik errekonozimendua, oroimena, egia, justizia eta erreparazioa ere eskatu nahi dugu, eta frankismoaren biktima guztiei gure aitortzarik sentikorrena eskaini; irailaren 23an, eguerdiko 12:00etan Zegamako kanposantura bertaratuko garenok egingo dugun moduan.

Bitartean, gure aldetik, memoriaren bidean egia helburu, eta agur eta ohore lau fusilatuoi ez ezik 81 urte ezkero konpondu gabe dugun arazo politikoak eragindako biktima guztiei ere. Biktima guztientzat, eskubide berdinak.

Bilatu