Mikel Urkola

Alderdi inperialisten unionismoa

Foucaultek dioenez (Genealogía del racismo, La Piqueta, or. 34), «no hay ejercicio del poder posible sin una cierta economía de los discursos de verdad que funcionen en, a partir de, y a través de, este círculo: estamos sometidos a la producción de la verdad del poder y no podemos ejercer el poder, sino a través de la producción de la verdad». Foucaultentzat discursos de verdad dira boterea legitimatzeko pentsabideak. Honek adierazten digu, gizakioi boterea erabiltzea ezinezkoa zaigula, baldin eta boterea lortzeko ekitaldien artean, aldi berean, legitimazio pentsabideren bat sortzen ez badugu. Beraz, botere alternatiboak, besteak beste, bi eginkizun behar ditu: boterearen ariketa deslegitimatzea eta, bigarrenik, botere alternatiboa legitimatzea. Euskal burujabezaleek ezin dituzte gazteldar inperialisten diskurtsoak eta lexikoa errepikatu. Hau da: nazio burujabeek inperialisten diskurtsoa deskodifikatu eta berea sortu edo berkodifikatu egin beharko dute.

Alderdi inperialisten diskurtsoaren oinarriak hauexek lirateke nere iritziz:

1-Gazteldarren nazioa-estaduak espainiar guztienak omen dira. 2-Euskaldunok eta katalauniarrak espainiarrak omen gara. 3-Gazteldarren nazio-estaduak, instituzioak eta legeak demokratikoak omen dira, ez inperialistak, ez gazteldarrek inposatuak, baizik espainiar denon artean sorturikoak eta denon onurakoak. 4-Euskaldunok Madrilgo estatuaren lege demokratiko horiek betetzeko obligaziopean gaude. 5-Alderdi gazteldarrak, unionistak omen dira, eznazionalistak, sozial arazoetaz arduratzen dira eta ez identitatearen txikikerietaz. Euskal alderdiak berriz elkarkidetzaren eta batasunaren arerioak, nazionalistak, zatitzaileak, sozial arazoentzako itxuak,omen.

Azter ditzagun adibide batzuk:

GARA 2016-10-4, 6 or. dioenez, «El PSE afirma que ya dijo que podría admitir que 'Euskadi es una nación’. Lo que en realidad se incluye en el documento presentado en la Ponencia de Autogobierno es que el PSE estaría dispuesto a estudiar la incorporación del término nación en el futuro texto estatutario si queda claro que no se fundamente en una supuesta soberanía diferenciada».

Beraz PSE prest legoke, agian, Euskalerria "nazio kulturala" dela onartzeko; baino ez nazio politikoa. Euskal nazio kontzeptuak, ordea, biak biltzen ditu: komunitate kulturala eta politikoa. Politikotasuna kentzen bazaio eta kulturala bakarrik dela onartuz gero, orduan Euskalerria talde etniko hutsa litzateke, baino ez nazio burujabea. Oraingoz, ordea, PSEk ez du Euskalerria talde etnikoa denik ere onartzen; Gaztelerrietako lurralde bat, luzapena, ginateke. Dena dela, herri batek bere nazio kontzeptuan eskubide sozial-demokratikoak ere bil ditzake; nazio kontzeptua malgua baita, ez esenzialista.

GARAn 2016-10-21, or. 20 irakur daitekenez, «Según los togados -del tribunal constitucional- el acuerdo del Parlament de junio de 2010 que vetaba los toros invade la competencia estatal en materia de cultura». Aurren aurrena, kultura arazoetaz ari gara hizketan eta garbi ikusten da Kataluniako eta Gaztelerrietako zezen kulturak diferenteak direla. Bigarrenik, zein da inbaditzailea eta zeinek inposatzen dio besteari bere zezen kultura, Katalunia ala Gaztelerria? Kataluniak bere kultura defendatu besterik ez du egin, Gaztelerrientzako ezer agindu gabe. Gaztelerria da inbaditzailea; hori bai, berea duen Estaduaren izenean. Bere estadua jainko inpartziala bailitzan, Gaztelerriak bere hizkuntza ikasi beharra inposatzen digun bezala, baita bere kultura ere.

Eta zein da donostiarron zezenketa kultura? Ez dakit, ezin baitugu galdetu ere egin. Gure Udalerriak galdetzeko zuen egitasmoa Gaztelerriko Tribunalek bertan behera utzi dute. Donostiarrok zer kultura mota nahi dugun galdetze hutsa ere debekatu egiten digu Gaztelerriko Estaduak. Gu eta Donostiako Udaletxea inbaditzaileak ote gara? Gaztelerriko kultura eta Estadu jainkoaren izenean gure kulturaren eta etnizitatearen jabe izatea ukatzen zaigu. Ezin gara nazio politikoa ezta kulturala ere izan. Inperialistek dena ukatzen digute. Holakoxea da inperialisten unionismoa: mendeko nazioak esklabu hutsak bihurtzen dituena. Konkistaren ondorio lazgarriak arlo guztietan: kulturan, politikan, gudalostean, ekonomian, sozialgintzan, etb. Halare, inperialismoari eta nazio esklabutzari unionismo deitzen diote.

Barcelonako Parlamentuan Katalauniako erreferendua Irailan egin ala ez bozkatu zuten. Eta GARAk 2016-10-7, or.1 zioenez, «CSQP optó por abstenerse en la votación, mientras Ciutadans, PSC y PP se ausentaron por considerarla ilegal». Ohizko leloa berriz: Gazteldar alderdiek, bere Estadu jainkoaren izenean, Espainiako beste nazioei galdeketak egitea debekatzen.

BERRIAk 2016ko-10-19, 4 or. zioenez, PSEk EAJri ohartarazi zion "agenda soziala" lehenetsiko zuela. Baino hori gezurra da. Behin eta berriz lehenesten dutena gazteldar inperialismoa da. Alderdi gazteldarrek Gasteizko Parlamenturako bozkak galtzen urteak eta urteak daramazte. Nahiz eta hauteskundeak abertzaleek irabazi, ez dute euskal naziotasuna errekonozitu nahi.

Guzti horiez gain, gogoan hartu behar dira Madrilko gobernuak egiten dizkigun mehatxuak. Euskaldunok eta katalauniarrek independentzia lortzen badugu, Bruselatik kanpo utziko omen gaituzte; Eskoziari ere mehatxu berdina egin zion. Jarrera horrek erakusten digu Madrileko Gobernuak gurekiko elkar lana baino gehiago gure morrontza nahi duela.

Gaztelerriek esklusiboki berea den estadua nahi dute, ez katalaniar nazioarekin eta euskaldun nazioarekin, berdintasunean, konpartituko luketen estadu konfederala. Hori izango litzateke benetazko "unionismoa". Baino ez gaituzte nazio gisan errekonozitzen. Katalunia eta Euskalerria bere gaztelar inperioaren mugak zabaltzeko bakarrik nahi dituzte. Ezartzen digutena ez da unionismoa, Euskalerria menderatzea, desjabetzea, desnazionalizatzea baizik.

Euskal askatzaileen unionismoa.

Gu bai, abertzaleok, gu gara benetazko unionistak, beste nazioekin berdintasun erlazioetan, naziotik naziora, elkar lanean, bai Gazteldar nazioarekin bai kataluniarrekin bai Bruselakoekin eta beste nazioekin elkarkidetzan aritzeko prest gaudenok. Baino beti burujabe, beste nazioak errespetatuz. Gu gara munduko beste naziorik inbaditu, konkistatu eta mende hartu nahi ez dugunok: ez militarki, ez politikoki, ez kulturalki. Gu gara unionistak eta inperialistak dira zatitzaileak. Gu gara «nazio askeak bai, nazio esklaburik ez» ozen aldarrika dezakegunok.

Bilatu