Rafa Diez Usabiaga
El Duesotik

Amets gorriak

Duela egun batzuk zendu zen Marcelo Usabiaga Alderdi Komunistako kide historiko eta gure familiako ikur nagusietariko bat.

Laurogeita hemezortzi urte izan arren, azken unera arte sutsuki ekin dio bere ideiak defendatzeari eta, batik bat, azken garaietan ugariak izan dira memoria historikoa berreskuratu nahian Marcelok egindako ahalegin eta ekarpenak.

Bizitza xumea zein eredugarria izan du Marcelok, beti konpromiso sozial eta politikoarekin lotuta, beti beste eredu sozial baten aldeko borrokan murgilduta egin du bere ibilbidea.

Gaztetan, Gazte Komunistak erakundean sartu zenetik, amets gorrien alde aritu zen gizarte berri bat eraiki nahian. Oinarri ideologiko sendoak izateaz gain, hasieratik erabateko inplikazioa zuen bere militantzia garatzeko.

Gazte Komunistak erakundeko kide zenean, 18 urte besterik ez zituenean, Asturiaseko iraultza (1934) izan zen bere lehendabiziko borroka frontea eta horren ondorio izan zen bere lehen atxiloketa. Ondoren, Irun eta Donostia aldean areagotzen joan zen bere militantzia, ardura gehiago bere gain hartuz. Estatu kolpe faxista gertatu zenean, berehala armak hartu zituen demokrazia eta errepublikaren izenean. Berarekin batera hor aritu zen bere anaia gazte Bernardo.

Oiartzun eta Iruneko inguruetan Beorlegi buru zuten faxisten sarrera saihesteko prest agertu ziren Marcelo, Bernardo eta dozenaka gazte komunista ilusio eta gogoz beteta. Hortik gutxira, Pikoketa defenditu nahian zegoen miliziano talde bat ezustean harrapatu eta berehala fusilatu zituzten. Tartean bere anaia Bernardo.

Bernardoren heriotzak gogor eragin zion Marcelori, eta faxisten aurkako borrokaren grina areagotu. Ezertarako denborarik gabe atxilotu eta Ondarretako kartzela zaharrean espetxeratu zuten. Preso zela, eta Arroan preso lanetan ari zela, ihes egitea lortu zuen. Aurreko atxiloketak kikildu gabe, lehen lerrora itzuli zen bi aldiz pentsatu gabe, borrokarako grinaz beteta. Francoren garaipenari jarraiki, erresistentzia lanetan Frantzian ibili bazen ere, maki talde batekin faxismoari aurre egiteko borrokan sutsuki jardun zen hegoaldean. Hala eta guztiz ere, borroka sutsu bezain motza izan zen, berehala atxilotu baitzuten. Nahiz eta hogeita hamar urteko zigorra ezarri zioten, 21 urte luze igaro behar izan zituen, hori bai, militantzia aktiboki mantendu zuen. Sekulako trebetasuna zuen letra oso-oso txikian idatziak egiteko eta ugariak ziren informazioa kaleratzeko espetxean burutzen zituen «espetxe boletinak».

Behin askatasuna lortu eta gero, eutsi egin zion bere militantzia komunistari, nahiz eta alderdi honek gorabehera asko izan. Azken urteetan «memoria historikoa» berreskuratzeko ahaleginetan ibili da eta, batik bat, oso bereziak eta emankorrak izan dira Pikoketan fusilatu zituztenei eskainitakoak, beraien oroimen eta ohorea nabarmenduz.

Marcelo pertsona nekaezina izan da azken unera arte. Amets gorriekin bizi eta hil den pertsona izan da.

Espetxean nagoenetik oso harreman polita eta atsegina mantentzeko aukera izan dugu gutunen bitartez. Ugariak izan dira animoak eta tinko izateko aholkuak emanez bidali dizkidan gutunak. Duela hilabete pare bat jaso nuen azkena eta hartan esaten zidan nekatua sentitu arren eta etxetik gero eta gutxiago ateratzen bazen ere, beti zegoela prest frankismoaren biktimen ekitaldietan parte hartzeko.

Harreman horien bitartez helburu bat jarri genuen: nik askatasuna lortu eta gero, batzar familiar bat antolatuko genuela, Pikoketan anaia gogoratzeko eta, ondoren, nonbaitera bazkaltzera joango ginela. Benetan gogotsu nengoen gure helburua betetzeko baina, alde batetik, nire espetxealdi honen luzapenak eta orain ospitaleko birus madarikatu horrek galarazi digute hori elkarrekin egitea, Marcelo. Dena den, espetxetik aterata egingo dudan lehenengo gauzetariko bat Pikoketara joatea izango da eta han utziko ditut bi krabelin gorri zu eta Bernardoren omenez.

Tira Marcelo, orain atsedenaldia hartu behar duzu. Zure bizitza maratoi oso luzea zein emankorra izan da. Bizitza osoan amets sozialisten alde eredua izan zara, borrokaren balioa adieraziz. Segi lasai eta atseden hartu, geuk jarraituko dugu borrokan. Zu hor zauden bitartean, anaiekin eta hainbat familia eta lagunekin batera, guk zure amets gorriak gauzatzeko jarraituko dugu Euskal Herria nazio gisa eraikiz.

Beraz, agur Marcelo, mila esker emandako guztiarengatik, mila esker zabaldutako ereduarengatik eta mila esker eskaini didazun animo eta babesagatik urte hauetako espetxealdian.

Ondo izan! Gora Euskal Herria sozialista!

Bilatu