Eusko Lurra Fundazioko kideak
Amnistiaren aldeko astearen 40. urtemuga eta amnistia politikoaren aldarria bizirik

40 urte bete dira egun hauetan amnistiaren aldeko bigarren astea Euskal Herri osoan burutu zenetik. 1977ko maiatzean antolatu zen aste hau, eta aldez aurretik egindako mobilizazioak baina zorigaiztoko ospe handiagoa hartu zuen, estatu terrorismoaren ondorioz 7 pertsona hil zirelako eta baita pertsona ugari zauritu ere.

2017/05/18

Polizia, hiri eta herrietan gogorki oldartu zen manifestarien kontra. Jendearen aldarri garbia amnistia osoa zen. Amnistia politikoa, alegia. Horretarako borrokatu zuten milaka euskaldunek, eta ez, besterik gabe, presoak etxera itzultzeko edo deportatuak izateko. Ez eta beraien kondenak era bigunago batean betetzeko. Amnistia politikoak erregimen faxistarekiko apurketa ekarri behar zuen. Tresna politiko bat zen.

1977an gobernu espainiarrak emandakoa ez zen benetako amnistia izan borrokalari antifrankistentzat. Amnistia bakarra, frankismoaren krimenentzat eman zen. Gizateriaren kontrako krimenak burutu zituzten frankistentzat. Haien inpunitatea bermatu zuen.
Antifrankistek jaso zutena indultu hutsa izan zen, kasu batzuetan partziala gainera. Militanteen fitxa polizialak mantendu ziren «demokrazian». Errepresioa ere. Haien borroka antifaxistaren errekonozimendurik ez zuten izan. «Trantsizioa» bermatu behar zen indar faktikoak asaldatu gabe.

Frankismoa ez zen desagertu, metamorfosi bat izan zen eta erregimen berriaren parte izaten jarraitu zuen. Indar militar, polizial, aparatu judiziala, Eliza, erregimenaren komunikabideak, Monarkia, faxismoaren itzalpean gizendutako kapitalistak… ukitu gabe txertatu ziren orden berrian, beraien agintea murriztu gabe, ezta era sinboliko batean. EAJ-PNV, katalanista eskuindarrak, PSOE eta PCE fraude honen bultzatzaileak izan ziren Suarezen eskutik. Krimen faxisten inpunitateak eta biktimei egindako destainak ekarri dute sokan gaur egun «oroimen historikoaren» aldarrikapena eta borroka.

Espetxeak laster berriro betetzen hasi ziren euskal preso politikoekin, gaur egun arte. Ehunka militanteek exilioaren bidea hartu zuten berriro. Batzuk ez ziren ezta itzuli ere.

Horregatik harritu gara 40. urtemuga honen inguruan ospatutako zenbait ekitaldi eta mobilizazioetan amnistiaren aldarrikapena desagertuta egotea. Gaur egun Euskal Herrian amnistia politiko baten beharra inoiz baino beharrezkoa delako, euskal gatazka inoiz bideratuko bada. Guretzako urtemuga honen mamia hori baita. Amnistiaren aldarria bizirik dirauela Euskal Herrian 40 urte eta gero. Amnistiaren astea gogora ekartzea gaur egun amnistiaren aldarria lau haizetara zabaldu gabe, oroimen historikoaren erabilera traketsa da. Amnistia politikoaren aldeko borrokan hildako militanteei omenaldirik zintzoena amnistia osoa lortu arte borrokan jarraitzea da. Baita frankismoaren genozidio eta gizateriaren kontrako krimenak zigortuak izatearen aldeko borroka, eta honela frankismoaren biktimek beraien eskubideak behingoz eskuratu ahal izateko. Horretarako, beharrezkoa da 1977ko amnistiaren (autoamnistiaren) legea bertan behera geratzea, eta borrokalari antifrankistei benetako erreparazioa emango dien lege berri bat ezartzea. Guretzako behar honen adierazle, batzuen utzikeria eta gero, amnistiaren aldeko herri mugimenduaren berpiztea da.

Gure aldetik, gogora ekarri nahi ditugu egun hauetan bi militanteren izenak. Biak EAE-ANVko kide historikoak eta mobilizazio haietan poliziak erail zituztenak.

Lehendabizikoa, Isidro Susperregi 1977ko martxoaren 12an poliziak gomazko pilota batekin zauritu zuen Donostian lehendabiziko amnistiaren aldeko mobilizazio batean, eta hilabete berberaren 30ean erietxean hil zen. Isidro, EAE-ANVko Eusko Indarra batailoiaren gudaria izan zen 36ko gerran, eta Alderdiaren Donostiako komitearen kidea egun haietan. Amnistiaren aldeko manifestazioetan sarri hartzen zuen parte.

1977ko maiatzaren 12an, eta amnistiaren aldeko bigarren astearen mobilizazio batean, Guardia Zibilak Rafael Gomez Jauregi tiroz hil zuen Oreretan. Rafael, EAE-ANVko kide historikoa zen eta baita ELAko militantea ere. Bereziki sindikalgintzan eman zuen bere militantzia eta 36tik aurrera, frankismoaren aurkako borrokan ere.

Bi heriotza hauek bereziki astindu zuten alderdi zaharra, biak bere militante historikoak zirelako. Bizitza guztia Frankismoa borrokatzen ibilitakoak eta amnistia politikoaren aldeko mobilizazioetan erailak izan ziren. Amnistiaren aldeko mobilizazio haien biktima guztiek bezala, egia, justizia, eta benetako erreparaziorik gabe jarraitzen dute. Berriro ez gertatzeko bermeak Cabacasen auzian ikusi dugu oso urruti daudela oraindik. Manifestazio edo poliziarekin izandako liskar batean hila ez suertatzeko herritarron bermea alegia. Luzeegia da Euskal Herrian mobilizazioetan polizi ezberdinek hildako pertsonen  kopurua.

Gure ustez, duela 40 urte amnistiaren aldeko astean hildako militanteei omenaldirik hoberena, amnistia osoaren aldarria bete arte borrokan jarraitzea da. Ezina ekinez egina. Ezker abertzaleak, 1930ean sortu zenetik beti egin duen legez.

Artikuluak
Antonio Alvarez-Solís
2017/09/25
Xabier Makazaga
2017/09/25
José Luis Orella Unzué
2017/09/25
Joan Llopis Torres
2017/09/25
Gutunak
Jose Antonio Gonzalez Garcia «Nebera»
2017/09/25
Paul Bilbao, Xabi Gartzia, Joxerra Olano, Josu Reparaz | Kontseilua, AEK euskaltegiak, IKA euskaltegiak, Nafarroako Ikastolen Elkartea
2017/09/22
Enric Vivanco Fontquerni
2017/09/22
Santiago González Vallejo
2017/09/21