Aloña Jauregi Irastorza
SOS Aralar

Aralar, Foru Aldundia eta… EH Bildu

Gipuzkoako Aralarko Natur Parkean pista sare berria egin nahi dute; lehen dauden pistez gain, beste 20 kilometro, Aralarko bihotzeraino iritsiko liratekeenak. 1994an Natur Parke izendatu zen Gipuzkoako Aralar; zergatik eta zertarako?

Izendapen horretarako balio eta ezaugarriak bazituelako; natur baliabide, fauna eta flora basati, habitat berezi, balio arkeologiko, paleontologiko... eta baita balio paisajistiko handia ere. Eta zertarako? Babesteko. Zorionez, garai hartan norbaitzuek burutsu jokatu zuten, eta Aralarren Gipuzkoako zatia “natur parke” izendatzea lortu zuten; batez ere, lurraldeko industrializazioaren atzaparretatik salbu izateko, baita mundu mailako natur baliabideen ustiapen eredu basatiaren erasoetatik babesteko ere.

Guztion ardura da Aralar Natur Parkea zaintzea eta babestea, baina, batez ere, bertara joaten garen gizakiona, jakina baita gizakia iristen den leku guztiak, zoritxarrez, etengabeko giza erasoetara kondenatzen ditugula. Eta nork du, Aralar Natur Parkea jasan ditzakeen giza eraso horietatik babesteko ardura eta eskumena? Gipuzkoako Foru Aldundiak; bera da Natur Parkearen zaintzaren arduradun nagusia. Berak jarri behar lizkieke mugak eraso horiei. Nola liteke, hortaz, Aldundia bera izatea 20 kilometro pista egiteko proposamena egin duena eta horretarako 2.000.000 euro jarriko dituena? Nolatan ausartu dira Gipuzkoan geratzen zaigun naturgune babestuenean, berezienean, horrelakorik planteatzen? Ingurumenaren ikuspegitik, guztiz ulergaitza da.

Orduan, begiratu diezaiogun ikuspegi politikotik. Foru Aldundiak du Natur Parkearen zaintza, eta ulertzekoa da aldian aldiko arduradun politikoek ez izatea Gipuzkoako parkeen ezagutza osorik. Horregatik, zenbait teknikariz osaturiko talde bat izaten dute lanean; gehienetan, lanpostu publiko horietarako prestatutako jendea izaten da. Gehienetan diot, zeren, Aralarko kasuan, teknikari postu horietako batean behintzat, horretarako prestatu gabeko jendea ari da lanean, ez azterketa publikorik egin ez duena ez titulurik ez duena. Abaltzisketako alkatea da kasu horietako bat. Foru Aldundiaren menpe dagoen Etorlur enpresak kontratu bat egin zion Aralarko abeltzainen dinamizatzaile posturako. Teknikari horrek beren lan egiteko moduak hobetzeko proposamen jasangarriak egin behar lizkieke abeltzain eta artzainei, beste eredu batzuk landu Aralarrerako, formakuntzara bultzatu, ingurumenarekiko sentsibilizazio programak egin, alternatibak landu, Natur Parke batean daudela aprobetxatu beren balioa handitzeko... Baina horretarako jende aditua eta prestatua behar da, eta ez Abaltzisketako alkatea bezala prestakuntzarik gabea eta gainera zuzenean interesatua dena, ganadu zalea edo ganadu jabea baita bera ere... Horrez gain, Mankomunitateko ordezkari ere bada, eta bere botoa ematen du bertan... Zilegi ote da hori?

Izan ere, zein da Enirio-Aralarko Mankomunitatearen ardura? Natur Parkeko larreen kudeaketaz arduratzen da. Horrek zer esan nahi du, larre horien ustiapenean interesatuta dagoen sektorearen beharrei bakarrik erantzun behar diela? Ala beste eragile guztien eskakizun eta beharrei ere erantzun behar die? Mendizale, zientzialari, bisitari... 37.000 herritarren jabegoa den lur eremu horretan zeresana duten guztiei erantzun behar die. Horregatik, 2003an, Aralarko Ekintzen Plana dokumentua onartu zen Mankomunitatean, eta bertan Aralarri eragiten dioten faktore eta eragile guztiak kontuan hartzen dira. Beste gauza askoren artean, pista berririk egitea ez zen inolaz ere aurreikusten, Goroskintxukoa salbu (eta hura ere nolako pista izango zen eta nondik egin behar zen ez zen erabaki). Garbi geratu zen Aralarren egin beharreko pistak eginda zeudela. Alderdi guztien adostasuna lortu zuen plangintzak. Orduan nolatan eta nork egin du berriz ere 20 kilometro pista eraikitzeko proposamena? Eskakizuna abeltzainek; proposamena, Mankomunitatean, Abaltzisketako alkateak, teknikari postuan dagoenak; eta onarpena ere Enirio-Aralar Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes eta bultzadarekin.

Hamabost udalerriz osaturik dago Mankomunitatea, eta bertako batzarrean herri bakoitzeko udal ordezkari batek parte hartzen du, udalaren izenean. Alderdi politiko ezberdinek osatzen dute batzar hori, eta hamabost herrietatik zazpitan ordezkariak EH Bildukoak dira. Pista berriak eraikitzeko, Mankomunitatearen estatutuen arabera, botoen bi herenak behar dira. Ez da oso azkarra izan behar hamarretik zazpik zein proportzio osatzen duten asmatzeko. EH Bilduk, Twitter eta Facebook bidez soilik, erdi isilka bada ere, adierazi du pista berri gehiago egin aurretik 2003ko plangintza eguneratu behar dela, horretarako Aralarren interesa duten eragile ezberdinez osaturiko mahai zabal bat osatuz. Mankomunitatean eta Batzar Nagusietan, ordea, pista gehiago egitearen inguruan bozkatzeko aukera izan dutenean, nolatan ez dute gauzatu beren erabakia? Mankomunitatean, 20 kilometroko pista sarea egiteko proposamena gelditzeko giltza EH Bilduk zuen eta dauka bere esku, eta erabakitzeko eskubidea duen honetan... kale!

Bilatu